Biodibersika 2011 jaialdiak musikea eta ingurumena alkartuko ditu Busturian

Bizkaie! 2011-06-01 11:48   Musikea

Biodibersika 2011 jaialdia egingo da bigarren aldiz Busturian, zapatuan, bagilaren 4an, Ingurumenaren Nazinoarteko Egunean. Makina bat taldek joko dabe biodibersidadearen alde: El Columpio Asesino, Kherau, Colajets, Enkore, Shisha Pangma, Zarra, Moncada 20, Kike Mora Jazz Trio, Pulsar, Chaotic Covers, Hey Neken, Masiompa eta Bermeoko Musika Eskola.

Biodibersika 2011 jaialdia egingo da bigarren aldiz Busturian, zapatuan, bagilaren 4an, Ingurumenaren Nazinoarteko Egunean. Makina bat taldek joko dabe biodibersidadearen alde: El Columpio Asesino, Kherau, Colajets, Enkore, Shisha Pangma, Zarra, Moncada 20, Kike Mora Jazz Trio, Pulsar, Chaotic Covers, Hey Neken, Masiompa eta Bermeoko Musika Eskola.

Igazko arrakastea kontuan hartuta, aurten be festibala antolatzea erabagi dau Euskadiko Biodibertsitate Zentroa-Madariaga Dorretxeak. Jaialdiaren helburua da jentea biodibersidadearen garrantziaz konturatzea, eta musikea adierazpide lez ulertzea.

Hamabost orduz, etenik barik, musikea jaun eta jaube izango da Euskadiko Biodibertsitate Zentroaren kanpoko aldean. Hainbat estilotako bandak batuko dira Busturian: rocka, euskal folka, ska, erritmo elektronikoak, eta abar. Biodibersika festibalak ahal danik eta musika aberastasun handiena batu gura dau, biodibersidadea osotzen daben gizabanakoekaz, espeziekaz eta ekosistemakaz be holan da eta.

Musika-egitarauaz gan, bestelako jarduerak be antolatu ditue, esate baterako, musika tresnak hondakinakaz egiteko tailerrak, jantza edo txalaparta ikastaroak... Ganera, truke-azoka bat be egingo da, kontsumo iraunkorra sustatzeko bigarren eskuko objektuen trukearen bitartez. Ekimen hori ondokoen laguntzinoari esker egingo da: Debalde eta Enkarterrimarket. Umeentzako txoko berezia egongo da.

Kontzertuetarako zein ganerako jardueretarako sarrerea dobakoa izango da. Euskadiko Biodibertsitate Zentroak dobako autobus zerbitzua ipiniko dau zapatuan, Madariaga Dorretxera Bermeotik, Gernikatik eta Bilbotik joan ahal izateko.

Biodibersikako jatetxe-esparruan, lurreko produktuak probau ahalko dira: taloa edo baserriko oilaskoa, esate baterako. Stand guztietan, berrerabilteko moduko produktuak egongo dira, eta ingurunea garbi egon daiten, edukiontziak ipiniko dira, latak, plastikoak, beira eta zabor organikoa botateko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu