Elena Arzak sukaldariak irabazi dau Espainiako Gastronomia Saria
2011-05-31 12:44 Jan edanakPepe Rodriguez Rey Illescasko (Toledo, Espainia) El Bohio jatetxeko sukaldariburuak jaso dau Elena Arzakegaz batera 2010eko Espainiako Gastronomia Saria.
Aitak 1974an jaso eban sukaldari onenaren saria eskuratu dau Elena Arzak sukaldariak. Arzak jatetxean lan egiten dau, Juan Mari Arzak aitagaz batera, eta hiru Michelin izar ditue.
Oso pozik agertu da Elena Arzak jasotako sariagaz, eta gurasoak izan ditu gogoan saria jasoterakoan: nire gurasoei eskerrak emon nahi deutsedaz nigaitik egin daben lan guztiagaitik eta nigan konfidantzea izateagaitik, adierazo dau sukaldariak.
Elena Arzakek 2000. urtean, etorkizuneko sukaldari izendapena jaso eban Nazinoarteko Gastronomia Akademiaren eskutik.
Bizitza osoan dabil sukaldaritzearen munduan, izan be, sukaldean tradizino handiko familia batekoa da. Haren birraitite-amomek otorduak emoten zituen taberna bat euken eta txikitatik argi eukan Arzakek sukaldaritzea izango zala bere ogibidea.
Suitzako Luzerna urian egin zituan ostalaritzako ikasketak, eta, ondoren, Europako jatetxe handienetan egin eban lan, tartean Ferran Adriaren El Bulli eta Parisko Vivarois jatetxeetan. Sei urtez etxetik kanpo ibili ondoren, aitaren jatetxera bueltau zan. Egun, Arzak jatetxeko sukaldeburu izateaz gan, aitagaz batera gastronomia laborategian egiten dau lan, tradizinoaren eta modernidadearen orekea bilatu nahian.
Ganerako saridunen artean, Jose Ramon Calvok jaso dau jangelabururik onenaren saria. Andoni Luis Aduriz sukaldariaren jatetxean lan egiten dau, Errenteriako Mugaritz jatetxean (Gipuzkoa), eta bi Michelin izar ditue.
Josep Roca Celler de Can Roca jatetxeko (Hiru Michelin izar) edari arduradunak jaso dau sommelier onenaren saria.
Pepe Rodriguez Rey Illescasko (Toledo, Espainia) El Bohio jatetxeko sukaldariburuak jaso dau Elena Arzakegaz batera 2010eko Espainiako Gastronomia Saria.
El País egunkariko Rosa Rivasek irabazi dau 2010eko kazetaritza lanik onenari saria eta urteko argitalpenik onenarena, barriz, La cocina de la salud (Planeta), Valentín Fuster, Ferrán Adriá eta Josep Corbellak idatzitakoak irabazi dau.
Irratiko programa gastronomiko onena Gonzalo Solek Intereconomian aurkezten dauen Charlar, comer y beber izan dala erabagi dau epaimahaiak eta telebistako programa onenaren saria, barriz, Juan Echanove eta Imanol Arias aktoreek aurkezten daben TVEko Un país para comérselo erreportaje serieak jaso dau.
Azken buruan, Gastronomia Akademiak 2010eko Sari Berezia Bartzelonako La Boqueria Azokeari emotea erabagi dau
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!