Bizkaian Gerra Zibilaren sasoian egon ziran presondegi eta kontzentrazino esparruak aztertu ditue

Dabi Piedra Robledo 2011-05-30 15:37   Kulturea

Ascension Badiola ekonomialari eta historialariak egin dau ikerlana eta liburu mardul baten kaleratu dau batutako guztia, Txertoa argitaletxearen bidez. Bizkaian frankisten errepresinoaren biktima izan ziranakaz, 9.000 izeneko zerrendea be badakar liburuak eta tartean 500 fusilatu baino gehiago dagoz.

Ascension Badiola ekonomialari eta historialariak egin dau ikerlana eta liburu mardul baten kaleratu dau batutako guztia, Txertoa argitaletxearen bidez. Bizkaian frankisten errepresinoaren biktima izan ziranakaz, 9.000 izeneko zerrendea be badakar liburuak eta tartean 500 fusilatu baino gehiago dagoz. Artxibo historiko eta militarrak arakatu ditu Badiolak informazino guztia eskuratzeko eta presoen euren gutun batzuk be erabili ditu. Asko egoan gaiaren inguruan ikertzeko eta, nire lana argitaratu ostean be, geratzen da zer aztertu, azaldu dau autoreak, Bilbon egindako aurkezpenean.

Ascension Badiola aspaldi hasi zan Bizkaiko kartzela eta kontzentrazino-esparruen ganeko informazinoa batzen: Uste baino eremu gehiago egon ziran Bizkaian presoak espetxeratzeko, 1936ko gerrako galtzaileak batzen ziran han eta, gero, behar bortxatuen esparruetara eroaten zituen asko. Batutako datuakaz Txertoa argitaletxera jo eban eta orain dala urtebete hasi ziran liburuari formea emoten. Errepresaliaduen zerrendea be gehitu eutsan Ascension Badiolak ikerlanari eta, 9.000 izen dakarzanez, balio berezia hartu eban proiektuak. Carceles y campos de concentracion en Bizkaia (1937-1940) izenburua dauka liburuak.

Artxibo militarretan datu ugari batu dau Ascension Badiolak, Avilan eta Guadalajaran ibili nintzan, batik bat, azaldu dau. Salamancako Memoria Historikoaren Artxiboan, udal artxiboetan eta Sabino Arana Fundazinoaren gordailuetan be bila egon da. Ganera, presoen gutunak baliogarri izan jakoz, espetxe barruko egoerea eta presoen kezkak ezagutzeko.

Lehenengo zatian, azalpen historikoak emoten ditu Ascension Badiolak, 1937ko Santoñako errendizinotik aurrera preso hartutakoen ibilbidea erakusten dau, nora eroan zituen eta zelako baldintzak eukiezan. Alde batetik, Bizkaian kontzentrazino-esparru bi egon zirala nabarmentzen dau, bata Deustuako Unibersidadean bertan eta bestea, Urduñan. Esparruak sortzearen arrazoiak eta erregimenak ataratako onurak zein hango bizi baldintzak azaldu ditu zehatz mehatz. Bizkaiko kartzelak be sakon aztertzen dira, Bilboko Eskolapioetan, Iturribideko Tabakaleran, Solokoetxeko Larrinagakoa, Orueko txaleta, Zornotzakoa, Gernikakoa, eta abar, espetxe asko egon zan Bizkaian gerra sasoian eta ostean, argitu dau Badiolak.

Bestetik, preso asko behar bortxatuetara bideratzen zituen Francoren aldeko agintariek eta horri lotuta dago Carceles y campos de concentracion en Bizkaia liburuaren zati handi bat: trenbideak, Sondikako aireportuaren zatiak, babesleku militarrak, danetarik eregi zan presoen indarra erabilita, dino autoreak, Kontzentrazino-esparruetan, presoak barriro hezitzea zan helburua, erregimen zorrotzaren bidez. Inoiz argitaratu bako 40 argazki be jaso ditu, gehienak behar bortxatuen esparruetan ataratakoak.

Azalpen historikoen ostean, 11 zerrenda dakarz liburuak eta, bertan, frankismoaren errepresinoa sufridu ebenen izen-abizenak agiri dira, hainbat erispideren arabera sailkatuta. Bizkaiko espetxeratze guneetako datuak baino ez dira eta, halan eta guzti be, 9.000 izen batu ditu Ascension Badiolak eta argitaratu barik gehiago geratu dirala azaldu dau. Zerrendetako baten, Larrinagako espetxean eta Derioko kanposantuan fusilautako bostehundik gora personaren izenak dagoz. Fusiladu gehienak gizonezkoak izan ziran, baina emakumezkoak be egon zirala azpimarratu behar da esan dau autoreak, eta ganeratu dau, beste preso asko kartzeletako baldintza eskasakaitik be hil zirala.

Carceles y campos de concentracion en Bizkaia liburua salgai dago dagoeneko, baina prentsaren aurrean egindako aurkezpenaren ostean, laster, jendaurreko aurkezpena be egingo dabe. Lan hau gizarteak ezagutu daian idatzi dot, danon gogoetarako, holakorik barriro errepetidu ez daiten, azaldu dau Ascension Badiolak. Bagilaren 16an, arratsaldeko zazpiretan, Bilboko Poza kaleko Elkar Megadendan izango da aurkezpen edegi hori eta herritar guztiak dagoz konbidatuta.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu