Alex Txikon: 'mendia eta azkorea bateragarriak dira'

Koldo Isusi Zuazo 2011-05-23 11:56   Barriketan
Mendizalea

Neguan Gasherbrum I mendian, lan handia egin arren, tontorra zapaldu ezinda itzuli ostean, Lemoako mendizalea bederatzigarren zortzimilakoaren bila, K2-ren bila doa orain. Maiatzaren 26an urtengo dau Gernikatik Ernesto Ezpeleta 'Bihurri' aizkolaria, Xabier Erro mendizalea eta David Maeztu eta Eukeni Arriortua Bideografik-eko kamara eta argazkilariakaz batera. Bueltan, barriz, garagarrilaren amaieran edo abuztuaren hasieran izango doguz. Pakistanera arteko 7.000 kilometro inguru kotxez egingo ditue eta gero kotxe hori Felix Baltistan Fundazinoari emotea da asmoa. Bidean aizkora saioak be egingo ditue Txikonek eta Bihurrik Austrian, Iranen eta Pakistanen bertan, Skardun. Abentura-espedizinoak aizkora saioak, mendia eta alkartasuna buztartuko ditu eta oraingoan Umpro etxearen babes nagusia izango dau.

Abentura-espedizino berezi honen gorabehera guztiak kontau deuskuz Alex Txikonek


1.- Mendia, azkora saioak, kulturea, alkartasuna buztartzen dituan abenturea preparau dozu oraingoan. Zelan otu jatzu hau guztiau?

Bai. Gauza polita, desbardina egin gura izan dot eta holakoetan zeozelako esperientzia badaukat; dakizunez, 2007an Nepalera arte joan ginan lagun artean orain erabiliko dogun kotxean eta hor be azkora saio batzuk be egin genduzan eta oso gustora ibili ginan. Orain, ba, krisialdi boladan gagoz eta Felix Baltistan Fundazinoari zeozelan laguntzeko bidaia egiteko erabiliko dogun kotxea emongo deutsegu; hainbat kilometro egin behar izaten ditue urtero eta ondo etorriko jake. Hori be gauza polita da. Ganera, mendiaz aparte azkorea be nire kirola da eta azkora saioak munduan zabaltzea be sano interesgarria da.


2.- Gurean ezagunak dira azkora saioak baina gure mugetatik kanpo zelan hartzen ditue?

Ondo. Herri kirol danak baina aizkolaritzea batez be sano ikusgarria da eta sekula holakorik ikusi ez dauenarentzako ahaztu ezineko espektakulua dala pentsetan dot. Hiru aizkora saio egiteko amesagaz goaz; Austrian honezkero antolatuta dagoan saioa izango da. Iranen oraingoz ez dago ezer zehaztuta eta Pakistanen be ez. Kontua da ze, zeozer berezia gura nebala Pakistanen antolatu. Skardun baltiarrek oso ondo hartzen gaitue beti, eurekaz egoten gara hartu-emonetan, trukean ezer eskatu barik asko emoten eta laguntzen deuskue eta orain, barriz, eurei zeozer berezia eskaini gura deutset.


3.- Bost lagun zoaze Renault Sapace zahar batean...

Bai, kotxeari kariño berezia deukotsat, ze Kathmandura be eroan ninduan, esperientzia ederrak bizi izan doguz eta orain beste 7.000 kilometro daukaguz aurretik... Bizitakoak bizita, kotxea Feliz Baltistan Fundazinoari emoteak ez deust penarik emongo, asmo polita dalako eta han sano eskertuko dabelako.

Kotxea bete-beteta joango da bai, Xabier Erro, Ernesto Ezpeleta 'Bihurri' eta eta David Maeztu eta Eukeni Arriortua Bideografik-eko kamara eta argazkilariak eta neuk osotzen dogu abenturearen lehenego zatiko taldea. Xabier Erro Tximist Everestera lehenengo euskal espedizinoko kidea izan zan eta oraingoan txofer lana egingo dau. Bihurrik, barriz, azkora saioak egingo dauz nigaz eta bi teknikarien lana abenturea filmetea izango da.


4.- Abenturea grabetako asmoa dozue?

Bai, dokumental bi edo hiru egingo dozu segurutik. Lehenengoa Gernika eta Skardu artean, kotxez egindako bidea eta bidean sortutako anekdota eta abenturak erakutsiko dituana izan daiteke eta gero Gasherbrum I-eko aklimatazinoa eta K2-ko espedizinoa jasoko dituena.


5.- Mendiko saioetarako, barriz, lau lagun izango dozuz zain...

Austrian zain eukiko dodaz Gerfried Göeschl eta Louis Rousseau, joandako neguan Gasherbrum I mendiaren tontorra zapaltzeko ahaleginetan lagun izan dodazanak. Eurekaz egingo dot K2-rako saiakerea. Baina hori baino lehen, Pakistanen Juanra Madariaga eta Jose Carlos Tamayo batuko jakuz. Madariaga eta Tamayo Gasherbrum I mendia igoteko amesagaz doaz eta guk eurekaz batera egingo dogu aklimatazinoa.

Jose carlos Tamayo bilbotarrari Gasherbrum I falta jako Pakistanen dagozan bost zortzimilakoak amaitzeko. Ilusino handiagaz dabil eta Juanra Madariagak be orain urte batzuk Gasherbrum II egin ostean, Nanga Parbat-era joan gura eban arren, azkenean pozik dago Gasherbrum I-era espedizinoagaz. Hiru bizkaitar gara eta lagun giroan ondo pasauko dogula uste dot.

Ni neu ez naz itsutuko Gasherbrum I-eko tontorragaz, aklimatazinoa da asmoa baina subertetan bada, ez deutsat uko egingo. Hori bai Gerfried Göeschl, Louis Rousseau eta hiruron helburua K2 da, ekialdeko lepotik joango gara, estilo alpinoan.


6.- Oraindino ez doguz ahaztu neguan Gasherbrum I-etik bialdutako bideo eta argazkiak. Azkenean ezin izan zenduen tontorrera heldu baina kontaiguzu zelako esperientzia izan zan?

Oso polita. Gogorra baina ederra. Aspaldiko partez libre sentidu nintzan. Tontorrera heldu ez arren, pozik nago egindakoagaz eta ganera esango deutsut mendian bizitakoetatik gomuta politenak edo tontorrera heldu ez nazaneko esperientzietakoak dira.

Azken hiruzpalau urtetan Al filo de lo imposiblegaz, Edurne Pasabanegaz egon naz beharrean eta aldaketea behar neban, ni holakoa naz, ezagutzen nauenak badaki ez nazela gora adi geldi egoten dan horreetakoa. Atzera eta aurrera ibilten naz beti. Kontua da ze orain neu nazela espedizinoaren buru, hori gura neban, ez buru izate hutsagaitik, proiektua neuk aukeratutearren eta gorabehera guztiak neuk zehaztearren baino. Horrezaz gan, ohiko bideetatik kanpo, bide barriak zabaltzea sano interesgarria da eta hortik jo gura izan dot neguan eta baita orain be.


7.- Pentsau leiteke Edurne Pasabanegaz ez dozula ondo amaitu...

Pentsau be!! Edurneren ekipokoa izanik, beragaz Everestera joateko aukerea neukan baina esan deutsudan lez, aukeratu beharra neukan: edo soldateagaz behar egin eta Edurnegaz jarraitu ala soldata barik neure dirua gastau eta zeozer barria egin. Azkenean, badakizu zeren alde egin dodan.

Neguko espedizinoa sano aberasgarria izan da, handik bueltan babesleak be topau doguz eta oraingo espedizinoa oso interesgarria izango dala pentsetan dot. Ganera, datozen bi urteetarako be badaukaguz idea batzuk eta gauza politak egingo doguz, seguru. Hori bai, oraingoz ezin deutsut ezer aurreratu.


8.- Babesleak aitatu dozuz eta Umpro etxea izango da nagusi abentura barri honetan. Zelan eragingo dau horrek?

Babesa inportantea da, jakina ze argi esan behar dot: Umproren laguntzino barik ezinezkoa izango zan espedizino hau; kontuan hartu persona bi, teknikari bi daroaguzela kamarakaz eta espedizinoaren gorabeherak jasoteko, handik zuori irudiak zein bideoak bialtzeko eta abar. Dana dala, ezer baino lehen laguntasuna azpimarratuko neuke. Umpro eta horren inguruan dabilzanak lagunak dira, oso jatorrak eta tratua egitea erraza izan da.


9.- Ezpedinoaren harian, hemendik Pakistanera bidean muga piloa pasauko dozue eta aizkorakaz zoaze... Ganera, Pakistanek egun bizi dauen giroagaz eta, arazorik espero dozue?

Burukomin handia izan bada be, papel guztiak behar dan moduan daroaguz, geure bisatuak, kotxearen txartel berezia... Legearen barruan gagoz eta alde horretatik ez geunke arazorik izan behar. Bildurrik barik goaz baina arrisku puntutxua badago. Pakistanen bertan, seguridadeagaitik eskoltagaz ibiliko gara baina egia da hemen gauzak larri ikusi arren, bertara heldu eta giroa ez dala hain gogorra izaten.


10.- Abentura hau antolatzea ez zan makala izango... Ze prebisino daukazue?

Gustoko kontuetan ez da aldatzik izaten baina egia da burukomin handia izan dala antolakuntza lana. Papel asko egin behar da, bisatuak, baimen bereziak, kotxeak be txartel berezia behar dau... Pakistanen jentea ezagutzen dot baina halan da be nahaste handia da, bai. Kontua da ze papel guztiak behar dan moduan eroan arren, herrialde batzuetan ustelkeria muga puntuetara be heltzen dala eta holakoetan, suberte apur bat ez eze, imajinazino apur bat be behar-beharrezkoa da eta badaezpada kotxea whisky botilakaz bete behar dogu mugatan eta ixteko.


11.- Desafio zalea zara. Noizko hurrengoa? Mendia eta azkorea bateragarriak dira?

Abendurako edo gura neuke. Akaso, mendian nagoala bortako deutsat bateren bati... Bestetik, mendia eta azkorea bateragarriak dirala pentsetan dot; herri kirolak eta mendia oso gogorrak dira, ahalegin fisiko handia eskatzen dabe biek eta, beraz, batek ez deutso kalterik egiten besteari.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu