Bizkaiko udalerrietako hizkuntza-politiken ganeko datuak aurkeztu ditu Kontseiluak
2011-05-20 12:13 Euskerea berbagaiEuskal Herriko 116 udalerritako hizkuntza-politikak aztertu ostean, Kontseiluak Bizkaian neurtutako udalerrien irakurketa orokorra eta Bilboko Udalaren datuen barri emon eban prentsaurrekoan.
Euskal Herriko 116 udalerritako hizkuntza-politikak aztertu ostean, Kontseiluak Bizkaian neurtutako udalerrien irakurketa orokorra eta Bilboko Udalaren datuen barri emon eban prentsaurrekoan.
Ekitaldia Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan izan zan, eta bertan izan ziran Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Maite Inda Udalen hizkuntza-politikaren azterketearen arduraduna eta Tito Serrano (AEK) eta Lur Mallea (Prest eta Berton) Bilboko euskalgintzako ordezkariak.
Bizkaian 28 herri aztertu dira. Beraz, 956.249 herritarrengan dabe eragina hizkuntza politikak. Herri guztietan euskereak estatus ofiziala dauka. Zerrendako lehenengo herria Aulestia da (9,38 puntu), Euskal Herri mailan bere bai, eta azkenengoa, Portugalete (1,7 puntu). Bizkaiak hizkuntza-politikarik polarizatuenak dituan herrialdea da: Euskal Herrian eremu ofizialeko puntuazinorik altuena eta baxuena bertan dago.
Kontuan hartzekoa da euskerearen normalizazinoa bideratzeko, hizkuntza-politikeak 7tik gorako puntuazinoa euki behar dau. Esangura horretan, bederatzi herrik baino ez dabe hizkuntza-politika egokia, hain zuzen be, Aulestik, Bermeok, Ajangizek, Lekeitiok, Ondarroak, Gernika-Lumok, Markinak, Igorrek eta Elorriok. Herriok 10.000 biztanletik behera ditue, Bermeo ta Gernika-Lumo izan ezean, eta danetan euskerearen ezagutzea % 75etik gorakoa da.
Barriz, Kontseiluaren azterketearen arabera, hizkuntza-politikarik desegoekienak Bilbon eta inguruetan batzen dira, batez be Ezkerraldeko herrietan. Kasu guztietan PSE-EEren eta EAJren udalak dira. Lau puntutik behera dagoz Bilbo, Basauri, Santurtzi, Sestao, Trapagaran, Barakaldo eta Portugalete.
Prentsaurrekoan azaldu eben legez, batutako datuek agirian itxi dabe alderdiek ez dabela erispiderik hizkuntza-politikak diseinetako orduan. Herri baten zein bestean alderdi bera egon arren, puntuazinoak guztiz desbardinak izaten dira: EAE-ANV, puntuazinorik altuena Aulestik dauka 9,38 puntugaz eta baxuena Elorriok 7,28 puntugaz; EA, puntuazino altuena Gernika-Lumok dauka 7,83 puntugaz eta baxuena Muskizek 5,75gaz; EAJ, puntuazino altuena Bermeok dauka 9,32 puntugaz eta baxuena Santurtzik 3,70gaz; PSE-EE, puntuazinorik altuena Ermuak dauka 4,65 puntugaz eta baxuena Portugaletek 1,70gaz.
Paul Bilbaok datu orokorrakaz batera, hizkuntza-politikak eta ezagutza tasen arteko lotureaz jardun eban: Alde batetik, Nafarroako Vascuencearen legeak daukan oztopo nagusia EAEn praktikan gertatzen dala adierazoten dau. Hau da, zonifikazino estali bati erantzuten deutsoe hizkuntza-politikek, ezagutza tasok definiduten ditue eta. Euskerearen legeak herritar guztiei euskeraz egiteko eskubidea autortzen badeutso be, lege horren garapenerako plangintzetan lanpostuen Hizkuntza Eskakizunak herritarren ezagutza tasaren arabera definiduten dira, esate baterako. Herritar guztiok gara hizkuntza-eskubideen jaube. Bizi zaran herriak daukan ezagutza tasaren arabera eskubideak autortzea etikoki eta politikoki zitala da.
Kontseiluko kideekaz batera, Bilboko euskalgintzeak bere kezka adierazo eban, uriburuko hizkuntza-politikearen ondorioz, euskaldunak bigarren mailako herritar dira eta: Bilbon, biztanleen % 40 baino gehiago euskalduna edo ia-euskalduna da; Bilbon 90.000 euskal hiztun baino gehiagok bizi eta lan egiten dogu; Bilbo da Euskal Herrian euskaldun kopuru handiena batzen dauen gunea. Euskarak estatus ofiziala izanda, ezin gara pozik egon azken lau urteotan Udalak hartutako neurriekaz. Izan be, aurrerapenik izan bada, ezin txikiagoak izan dira ia arlo guztietan. Datuen irakurketearen azterketeagaz jarraitu eben: Ipar Euskal Herriko uriburuekaz batera, euskararen ordenantzarik ez daukan Euskal Herriko uriburu bakarra da Bilbo. Udalaren erabilera planean aurrerapausu garbirik ez da izan; udal-langile barri guztiak euskaldunak izan daitezen ez dago erabagirik. Euskeraz ikasteko diru-laguntzetan aurrera baino, atzera egin dogu. Euskareak izan dauen aurrekontua % 0,51 izan da, euskareak dituan beharrak asetzeko ez-nahikoa, duda barik. Ez da kasualidadea Bilbo 43. postuan (66 udalerritik) agertzea 2010eko udalerrietako hizkuntza-politikaren neurketearen rankinean.
Bilboko euskalgintzako kideek azaldu ebenez, ezinbesteko joten dogu, Kontseiluak egindako neurketearen emoitzen ondorioak aintzat hartuta, honako arlo honeetan benetako aurrerapausuak emotea bilbotarron hizkuntza-eskubideak bermatzeko: Bilbok Euskerearen ordenantzak behar ditu, aurrekontu handiagoa behar dau, euskerea ikasteko diru-laguntzinoak unibersalak izan behar dira, uriko arlo guztietan erabilera eta sustapen plan eragingarriak ipini behar dira abian, udalak erabilera plana berrikusi behar dau, bertan langile guztiak parte hartu behar dabe eta kontratau barri guztiak euskaldunak izateko erabagi hartu behar dau, udalak diruz laguntzen dituan entidade guztiei hizkuntza-erispideak ezarri behar jakiez.
Kontseiluak udalen hizkuntza-politikari lotuta egiten dituan proposamenak, datuak eta irakurketak www.udalenhizkuntzapolitika.org webgunean jaso dira.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!