Bilboko Udal Musika Bandeak udabarriko denporaldiari ekingo deutso

Bizkaie! 2011-05-12 14:42   Musikea

Bilboko Udal Musika Bandeak maiatzaren 13an, barikuan, ekingo deutso udabarriko denporaldi barriari Arenaleko Kisokoan, neguko kontzertu zikloan, 11.000 ikusletik gorako arrakasta ezin hobea izan ondoren.

Bilboko Udal Musika Bandeak maiatzaren 13an, barikuan, ekingo deutso udabarriko denporaldi barriari Arenaleko Kisokoan. Neguko kontzertu zikloan, 11.000 ikusletik gorako arrakasta ezin hobea izan ondoren, udabarriko denporaldiaren inaugurazino kontzertua, ganerakoak lez, 19:30ean hasiko da Rafael Sanz- Espert Zuzendari Titularraren eskutik eta pasodobleak, operea eta musika garaikidea buztartuko ditu okasinorako aukeratu dauen errepertorioan.

Bandeak maiatzaren 13, 20 eta 27an eta bagilaren 3an eta 17an emongo ditu kontzertuak, Sanz-Espert eta Iñaki Urkizu Bandako zuzendariordea txandakatuko diralarik. Eta denporaldia osotzeko Buia eta Altamiran (maiatzaren 14an eta bagilaren 4an, hurranez hurran) eta Arriaga Antzokian be (bagilaren 9, 10 eta 11an) kontzertuak emongo ditu. Arriagan eta Juan José Ocónen zuzendaritzapean, Aukeran Dantza Konpainiaren Burnia ikuskizunaren musikea interpretauko dau Bandeak.

Arenalean izaten diran kontzertuetan, izaera herrikoia eta Bandearen errepertorio klasikoa buztartzen ditue aukeratzen diran egitarauetan. Adibidez, barikuko emonkizuna Vicente Balaguer valentziar konposatzaile garaikidearen Músicos de nuestra tierra pasodobleagaz hasiko da; Carl Maria von Weber alemaniar erromantikoaren Oberón (edo El juramento del rey de los elfos lez ezaguna) opera obertura eta Manuel Penellaren Don Gil de Alcalá opera buffako lehen atalagaz jarraituz. Kontzertuaren bigarren atalean, publikoak barriro be pasodoblearen doinuakaz gozau ahal izango dau (Pedro Sosa konposatzailearen Lo cant del valencià). Gero, Mark Twainek sortutako personaiatik abiatuz, Franco Cesariniren Huckleberry Finn suite-ren lau eszenak izango dira entzungai; eta amaitzeko, José Francoren Euskal Herria obertura.

Rafael Sanz-Espert-ek (Llombai, Valencia, 1960) jaioterrian, Valentzian, Parisen eta Rotterdamen egin zituan ikasketak. Valentziako banda prestigiotsuetan Zuzendari Titularra eta Artistikoa izan da eta 30 urteko karreran zehar, hainbat pedadogia ekimen garatu ditu. Jaso dituan hainbat golardo eta sarien artean nabarmendu behar dira, Ciudad de Valencia, musika-bandentzako nazinoarteko lehiaketako lehen saria eta ohorezko aitamena; eta zuzendaritza onenaren Epaimahaiaren Sari berezia. Baita, L’Alcúdiako (Valentzia) 750 Aniversari de la Carta de Poblament sariketako Zilarrezko Dominea. 1987tik Sociedad Unión Musical de Llombai-ko Ohorezko Zuzendaria da eta Paraguayko Orkestra Nazionalean, Zuzendari Konbidatu Nagusia da.

Iñaki Urkizu Kerejeta (Beasain, 1961) zortzi urtegaz hasi zan tronpetea joten etxeko ohitureari jarraituz. Donostiako kontserbatorioan egin zituan ikasketak eta jarraian Tolosako Udal Bandako kide bihurtu zan eta horretan hamar urte egin zituan. Ondoren, zenbait musika eskoletako irakasle izan da, zenbait bandetako kolaboratzailea, –Bilboko Orkestra Sinfonikoa edo gipuzkoar uriburuko Konjunto Barrokoa, Araba Brass Taldea eta Gasteizko Big Band besteak beste- eta moldaketa, transkribatzaile eta musika bildumagile lanetan bere ibilbidea landu dauena da. 1998an, Ertzaintzako Musika bandako Zuzendaritzara sartu zan ordura arte tronpeta bakarlaria izan ostean. 750 kontzertu baino gehiago zuzendu ditu eta zenbait diskoren grabaketetan parte hartu dau. 2007tik Bilboko Udal Musika Bandako Zuzendariordea da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu