Pello Salaburu: 'Bolonia txarto ulertu da Espainian'

Bizkaie! 2011-05-11 17:46

Gaur goizean, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan, España y el proceso de Bolonia. Un encuentro imprescindible izeneko liburuaren aurkezpen publikoa egin da, Europako unibersidade-hezkuntzearen batasunaren erronkak eta haren arrakastarako giltzarriak aztertzen dituan lana.

Gaur goizean, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan, España y el proceso de Bolonia. Un encuentro imprescindible izeneko liburuaren aurkezpen publikoa egin da, Europako unibersidade-hezkuntzearen batasunaren erronkak eta haren arrakastarako giltzarriak aztertzen dituan lana. Ikerlanaren egileak dira Pello Salaburu, Guy Haug, munduko aditu garrantzitsuenetako bat, eta José-Ginés Mora, irakasle bisitaria Londresko Unibersidadean. Europako Zientzien eta Arteen Akademiak argitaratu dau lana.

Liburua aurkezteaz arduratu dira lñaki Goirizelaia, UPV/EHUko erretorea; Pello Salaburu, azterlanaren zuzendari eta UPV/EHUko erretore ohia; eta Raúl Villar, Europako Zientzien eta Arteen Akademiako Gobernu Mahaiko kide eta Madrilgo Unibersidade Autonomoko erretore ohia.

España y el proceso de Bolonia ikerlan bat da, eta kritikoki aztertzen dau Goi Mailako Hezkuntzearen Europako Esparrua sortzeko prozesua. Besteak beste, prozesu honen erronkei eta eredu barrira egokitzeak dakarzan arazoei erreparetan deutse. Horrezaz gan, tresna praktiko bat be bada, Europako herrialde guztietako unibersidade-sistemen konbergentziak zehatz zer esan nahi dauen jakiteko, zer abantaila dituan eta norantz goazen. Alde horretatik, kontuan izan behar da Boloniako prozesuak hezkuntza arloko 8.000 erakunderi baino gehiagori eta 25 miloe ikasleri eragingo deutsela. Liburuaren egileak ados dagoz guztiz eredu barri hau sortzeagaz, baina uste dabe ez dala behar dan moduan ulertu Espainian. Horregaitik, euren eretxiz, inoiz baino beharrezkoagoa da Europako eta Espainiako unibersidade-sistemek bat egitea modernizazino-prozesu honetan.

Liburuaren lehen atalak Europako herrialde guztietako unibersidade-sistemak sistema bakarrean integretea eragin dauen prozesua aztertzen dau. Ondoren, eredu barria Espainiako estaduan ezartzeak izan dituan zailtasunak aitatzen ditu, ikuspuntu kritiko batetik, eta egokitze honek izan dauen atzerapenaren arrazoiak be aztertzen dira. Azkenik, hirugarren zatiak hainbat aldaketa-proposamen egiten ditu, beharrezko aldaketak, egileen eretxian, estaduko unibersidadeak esparru barri honetan era egoki eta lehiakorrean integretako.

Iñaki Goirizelaia erretorearen eretxiz, liburu hau tresna ezin hobea da unibersidade-sistema barria ezagutzeko eta eredu honen etorkizunari buruzko eztabaidea sortzeko.

Bestetik, ikerlanaren zuzendari Pello Salaburuk adierazo dauenez, Bolonia aukera ona izan daiteke Europako unibersidade-sistemak ikasle eta irakasle onenak erakarteko lehian sartzeko, eta ikasketak herrialde guztietan ulergarri izateko. Aukera bat da, eta behar bat be bai. Espainian, barriz, txarto ulertu da Boloniako prozesua, eta, barriro be, araudiakaz, inprimakiak beteteagaz, ikastaro eta jarduerakaz baino ez da identifikau. Horreek danek zerikusi gitxi dabe eredu barri honen oinarriakaz, haren izenean egiten badira be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu