'Unai' laguntzaile birtuala sortu barri dau EHUk, ikasleen zalantzak argitzeko

Bizkaie! 2011-05-11 11:51

Euskal Herriko Unibertsitateak bosgarren belaunaldiko laguntzaile birtuala abiarazo dau: Unai. Hasieran, unibersidadean sartu nahi daben ikasleek UPV/EHUn sartzeari eta matrikulea egiteari buruz daukiezan zalantzak argituko ditu. Euskal Herrian holako tresnea daukan lehenengo unibersidadea da, eta Espainiako hirugarrena.

Euskal Herriko Unibertsitateak bosgarren belaunaldiko laguntzaile birtuala abiarazo dau: Unai. Hasieran, unibersidadean sartu nahi daben ikasleek UPV/EHUn sartzeari eta matrikulea egiteari buruz daukiezan zalantzak argituko ditu. Euskal Herrian holako tresnea daukan lehenengo unibersidadea da, eta Espainiako hirugarrena. Ganera, Unaik erantzun ezin dituan itaunak argitzeko, adituen txat bat izango dabe eskura ikasleek.

Egin nahi deustazun galderea idatzi, eta zure zalantzei erantzungo deutset. Ez naz bilatzaile soil bat, gure hizkuntzea ulertzeko gai dan laguntzaile bat baino, eta, beraz, modu naturalean berba egin daikegu: hau da Unai laguntzaile birtualaren hasierako orrian agiri dan azalpena. Unaik dinoen moduan, erraz-erraza da laguntzaile birtuala erabiltea. Jagokon taulan galderea idatzi, eta berehala jasoko dozu erantzuna. Daborduko, Unai hasi da hainbat itaun erantzuten: unibersidadean sartzeari buruzkoak (selektibidadea, 25 eta 45 urtetik gorakoentzako azterketak), UPV/EHUn sartzeari buruzkoak (aurreinskripzinoa, antolamendua…) eta graduetako lehen urteko matrikuleari buruzkoak. Zalantza horren ostean, bigarren fasean, beste gai batzuen ganeko galderak be erantzungo ditu; bekei buruzkoak, esate baterako.

Etorkizuneko ikasleek euren zalantzak agertzeko bide barria da laguntzaile birtuala. Eguneko 24 orduetan erabili daiteke, urteko 365 egunetan. Anboto enpreseak sortu dau laguntzailea, eta bosgarren belaunaldiko tresnea da: hau da, erabiltzaileen beharrak zein diran ulertzeko gai da, eta, horrezaz gan, proaktiboa da, iradokizunak egin leikez.

Hizkuntza naturala ulertzeko gai da, euskeraz zein gaztelaniaz erantzun leike, eta esaldi bakar batean egindako hainbat galdera ulertzeko gaitasuna dauka. Akats ortografikoak eginda be, galderak ulertzeko gai da. Ganera, galdera eta erantzun guztiak aztertzeko sistema bat be badauka, horreen guztien kalidadea hobetzeko, eta emondako informazinoa gero eta aberatsagoa izan daiten.

Carmen González Murua Akademia Antolakuntzako erretoreordeak adierazo dauenez, unibersidadeak gizartetik hurrago eta eskuragarriago egon nahi dau, gizarteari edegiago egon, eta horretarako konpromisoa hartu dau. Eta ganeratu dauenez, behar daben informazino guztia emon gura deutsegu etorkizuneko gure ikasleei, bizkor eta eroso.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu