'Utopiak. Desioaren politikak, etorkizun (perfektuko) poetikak' zikloa Bilbon

Bizkaie! 2011-05-09 12:03

Maiatzaren 9an hasiko dan berbaldi dibulgatiboz osotutako ziklo hori Bidebarrieta Kulturguneak antolatu dau, Bidebarrietako Liburutegiaren barruan kultureari eskainitako guneak. Helburuen artean pentsamenduaren, historiaren eta literaturearen sustapena dagoz.

Bidebarrieta Kulturguneak, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako lau topaketetatik lehenengoa jasoko dau maiatzaren 9an. Utopiak. Desioaren politikak, etorkizun (perfektuko) poetikak izenburuagaz, utopiaren kontzeptuari buruzko eztabaida eta gogoeta foro izatea dau helburu, amesezko paisaje horreek, gure gizartean presente jarraitzen daben ez-leku maitagarriak, urigintzea edo literaturea lako esparru desbardinetatik.

Ekimenak, pentsamendurako, gogoetarako, ikasketarako eta gozamenerako espazio barria proposatzen dau. Beteteko edo ez beteteko gogorregia dan bizitzatik edo krudelegia dan errealidadetik sortzen dan kontzeptu horren inguruan jakinmina sentiduten dauen edo hari buruz ikasi edo eztabaidatu nahi dauen persona guztiei zuzendutako hitzordua da. Hitzaldiak maiatzeko hurrengo lau astelehenetan izango dira –maiatzaren 30era arte– arratsaldeko 19:30etik aurrera, eta eszenatokia Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoa izango da.

Programea Patxi Lanceros saiakera-idazle eta filosofia irakasleak aurkeztuko dau, eta maiatzaren 9an hasiko da, 2008ra arte Ikerketa Soziologikoen Zentroko presidente izan dan Fernando Vallespínen eskutik, El fin de la utopía del progreso berbaldiagaz. Vallespín, Zientzia Politiko eta Administrazino katedraduna da Madrilgo Unibersidade Autonomoan, eta bertan egin dau bere irakasle lan gehiena. Azpimarragarria da artikulugile moduan egin dauen lana, eta ohiko kolaboratzailea da El País egunkarian eta SER irrati katean. Zientzia politikoari buruzko berrogeita hamar artikulu akademiko baino gehiago idatzi ditu, eta bere espezialidadea teoria politiko garaikidea da.

Maiatzaren 16an, Félix Duqueren eta Manchas de Utopía berbaldiaren txandea izango da. Filosofian eta Psikologian lizentziatua, 1988tik Filosofiako (Filosofia Modernoaren Historia) katedraduna da Madrilgo Unibersidade Autonomoan. Bere ikerketa lana antropologiara, naturearen filosofiara eta hermeneutikara bideratu zan hasieran. Gaur egun idealismo alemanaren eta erromantizismoaren dotrinei buruzko ikerketak egiten ditu, eta baita teknikearen eta kulturearen filosofiari, mitoari eta erlijinoari buruz, eta arte garaikideari (postmodernismoari) buruz be ikertzen dau.


Uri utopikoak

Hurrengo jardunaldian, maiatzaren 23an, hizlaria Pedro Azara, arkitektoa eta Bartzelonako Arkitekturako Goi-Eskola Teknikoko estetika irakaslea izango da La ciudad de los orígenes berbaldiagaz. Irakasle eta ikerlari lez egindako lanaz gan, Casas del alma (1997) eta La fundación de la ciudad. Mitos y ritos en el mundo antiguo (2000) erakusketetako komisario be izan da, biak be Bartzelonako Kultura Garaikideko Zentroan (CCCB) antolatutakoak. Argitaratu dituan lanen artean La imagen y el olvido, El arte como engaño en la filosofía de Platón (Siruela, Madril, 1995) eta Castillos en el aire. Mito y arquitectura en Occidente (Editorial Gustavo Gili, Bartzelona, 2002) dagoz.

Zikloari amaierea emoteko, maiatzaren 30ean, Rafael Argullol idazle, filosofo eta poetak La utopía literaria hitzaldia eskainiko dau. Idazle, filosofo, poeta, blogari eta estetika irakaslea Bartzelonako Pompeu Fabra Unibersidadean. Institut Universitari de Cultura izenekoa zuzentzen dau unibersidade horretan. Hogeita bost lan idatzi ditu, eta 1993an Nadal Saria irabazi eban bere lehen eleberriagaz, La razón del mal lanagaz. 2002an Kultura Ekonomikoaren Fondoak emondako saiakera saria irabazi eban, Una educación sensorial lanari esker. Visión desde el fondo del mar lanak Ciutat de Barcelona Saiakera saria irabazi eban 2010ean. El País egunkariko ohiko kolaboratzailea da.

Hitzaldi dibulgatiboz osotutako ziklo hori Bidebarrieta Kulturguneak antolatu dau, Bidebarrietako Liburutegiaren barruan kultureari eskainitako guneak. Bere helburuen artean pentsamenduaren, historiaren eta literaturearen sustapena dagoz.

Berbaldi guztiak Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango dira, arratsaldeko 19:30ean. Sarrerea librea izango da, leku guztiak bete arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu