UNED-Bergarak Udako Ikastaroen 10. edizinoa aurkeztu dau

Bizkaie! 2011-05-03 15:48

UNED-Bergarak Udako Ikastaroen X. edizinoa aurkeztu barri dau. Danetara 31 ikastaro antolatu ditue bagileko lehenengo hamabostaldirako, lau arlo nagusitan banatuta: Gizarte Zientziak eta Humanidadeak, Linguistikea eta Literaturea, Hezkuntza eta Psikologia eta Zientzia eta Teknologia.

UNED-Bergarak Udako Ikastaroen X. edizinoa aurkeztu barri dau. Danetara 31 ikastaro antolatu ditue bagileko lehenengo hamabostaldirako, lau arlo nagusitan banatuta: Gizarte Zientziak eta Humanidadeak, Linguistikea eta Literaturea, Hezkuntza eta Psikologia eta Zientzia eta Teknologia.

Udako ikastaroen aurkezpen-ekitaldia Kutxako bulegoetan egin dabe; bertan izan dira UNED-Bergarako zuzendari Iñaki Esparza, Udako Ikastaroetako zuzendari Amador Fernandez eta Kutxako Elkarlaneko arduradun Mikel Mendarte. UNED-Bergarako Patronatuko kidea da Kutxa, eta jakinarazo dabenez, aurten be babes ekonomiko emon deutsie ikastaroei.

Antolatutako ikastaro guztiak UNED-eko berezko irakasleek eskainiko ditue, eta beste unibersidade eta erakundeetako adituek be izango dira. Parte hartuko daben erakundeen artean Eusko Jaurlaritza, EHU/UPV, Euskadiko Diseinatzaileen Elkartea, Manu Robles-Arangiz Institutoa Fundazioa, Datuen Babeserako Euskal Agentzia, Idazle Eskola, Asefop, Oroimen Psikologi Zerbitzuak, IMH Elgoibar eta Gasteizko Udala dagoz.

UNED-Bergarako Udako Ikastaroen asmoa eskaintza zabala emotea da, eta ahal danik eta ikasle kopuru handiena eta heterogeneoena erakartzea. Ikasleak zein profesionalak hurreratzen dira urtero Bergarara; batzuk ezagutzak osotzeko asmoz, eta beste batzuk arlo barrietan sakontzeko.

Gizarte Zientziak eta Humanidadeak atalean hamar ikastaro eskainiko ditue. Manu Robles Arangiz Institutua Fundazioak antolatuta, ELAren mendeurrena dala eta, podere sindikala barriztu eta indartzeko gakoak jorratuko ditue nazinoarteko adituek. Datuen Babesaren Euskal Agentziagaz batera atondutako Datuen babesa. Gizartearentzat erronka ikastaroan, barriz, teknologia barriak eta ohorea eta intimidadearen eskubide juridikoak babesteko beharra landuko dira.

Ikuspegi historiko interesgarria emongo dau Nafarroaren konkistaren zehetasunak azalduko dituan 1512-2012: Nafarroaren Konkistaren Bosgarren Mendeurrena ikastaroak. Aplikazino praktiko handikoa izango da Nola kudeatu dokumentazioa erakundeetan: Kudeaketa Dokumentaleko Sistemak eta Artxiboen Kudeaketa Sistema, batez be, erakunde publiko eta pribaduek dokumentazinoa modu egokian erabilteko.

Linguistikea eta Literaturea atalean lau ikastaro egongo dira. Bergarako Idazle Eskolak XX. mendeko poesia eta saiakera errusiarrak ardatz hartuta, euskerazko gutunak idazteko argibideak emongo dituan Gutun idazketa eredu bat: Marina Tsvietaieva preparau dau. Nola irakurri ozenki ipuinak eta testu literarioak ikastaroan jentaurrean irakurketa egokiak egiteko teknikak proposauko ditue.

Hamabost ikastarok osotuko dabe Hezkuntza eta Psikologia atala. Irakasleak bere autoridadea ezartzerakoan eta ikasgelan daukan hartu-emona bideratzerako daukazan erronkak jorratuko dira Irakaslearen rola. Ikaskuntza, taldea eta gatazkak ikasgelan ikastaroan. Gradu amaierako proiektuen kudeaketa. Ikuspegi praktikoa ikastaroak proiektuen kudeaketa eraginkorra gauzatzeko tresna eta oinarri praktikoak eskainiko ditu.

UNED-Bergara Psikomotrizitate Eskolaren eskutik, Bizitzaren lehenengo urteetako garrantzia haurraren garapenean euskerazko ikastaroa landuko da, Aucouturier-en Psikomotrizitate Praktikaren proposamenaren ikuspegitik lan egiten daben hezitzaileentzat sano aproposa. Beste hainbat ikastaro antolatu ditue arlo honetan: Zaintzen duten pertsonen zaintza; Famili-egoitza: aukerak traumaren aurrean; Osasuna hobetu: janari energetiko osasungarria. Teknika osasungarriak, mentalak, emozionalak eta fisikoak ; Ikasten ikasi; eta, Etorkinekin eskusartzea.

Eta Zientzia eta Teknologia atal barrian bi ikastaro dagoz: IP. Gaineko teknologia. Asterisk eta Ingeniarientzat ordenagailuz lagundutako kalkulua, hastapenak.

Udako Ikastaroak bagilaren 15etik eta 30era bitartean egingo dira.

Informazino gehiago behar izan ezkero: 943 76 90 33 edo info@bergara.uned.es

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu