Euskal gastronomia tradizionala bultzatuko dau Ja(ki)tea alkarteak

Bizkaie! 2011-05-03 15:01   Jan edanak

sukaldaritza tradizionala egiten daben sukaldarien alkargune bihurtu nahi da www.jakitea.com webgunea.

Euskal sukaldaritza tradizionala sustatzeko eta sukaldaritza mota hori egiten daben sukaldarien arteko komunikazino zubiak sortzeko helburuagaz eratu eben orain urtebete Ja(ki)tea alkartea Xabier Zabaleta sukaldariak eta Edorta Agirre, Mikel Corcuera, Joxema Azpeitia eta Peio Garcia Amiano gastronomia-kritikariek.

Xabier Zabaletaren kezka personal baten ondorioz sortu zan Ja(ki)tea, izan be, bistan dago euskal sukaldaritza tradizionala gitxi agertzen dala komunikabideetan, sukaldaritza barritzaileagaz konparauta. Etenbarik argitaratzen dira goi mailako sukaldaritzearen edo sukaldaritza modernoaren ganeko barriak, baina inork ez dau sukaldaritza tradizionala aitatzen eta, sukaldaritza hori da, azken finean, Gipuzkoako jatetxe gehienetan egiten dan sukaldaritzea, azaldu dabe alkartearen aurkezpenean.

Sukaldaritza barritzailea egiten daben sukaldarien lanari baliorik kendu nahi barik, alkargune bat sortu nahi izan da sukaldaritza tradizionalaren zale diranentzat, nazinoarteko lehen mailara eroan gaituan sukaldaritza mota hori danon artean sustatu ahal izateko. Esangura horretan, komunikabideetan eta jente gehienaren artean ezezagunak diran, baina euren herrietan eta eskualdeetan ezagunak eta erreferentziazkoak diran persona eta jatetxe horreen lan handia autortu nahi dau Ja(ki)tea alkarteak.

Jatetxe horren lana autortzeko asmoz, lurraldeko lokal batzuen zerrendea egin da eta, gitxika, bisitak egin dira euren plater onenen barri izateko eta, aldi berean, plater horreen atzean dagozan personak ezagutzeko. Bisita horreetan eskuratutako materialagaz, alkartea osotzen daben kritikari eta kazetariek hainbat artikulu eta kronika idatzi ditue komunikabide desbardinetan argitaratzeko eta, hemendik aurrera, aurkeztu barri dan webgunean be irakurri ahal izango dira.

Gainera, sukaldaritza tradizionala egiten daben sukaldarien alkargune bihurtu nahi da www.jakitea.com webgunea. Beraz, nahi dauenak bidea zabalik dauka Ja(ki)tea alkarteko kide izateko. Parte-hartzaileei gauza bakarra eskatuko jake, hau da, bakotxak gitxienez hiru errezeta itxi daizala aitatutako webgunean argitaratzeko.

Holan, webgunearen bidez, errezetak, ideiak zein bestelakoak trukatu ahal izango dira sukaldarien artean. Era berean, webgunearen bitartez edozeinek izango dau aukerea aholkuak emoteko, lokalak gomendatzeko edo edozein sukaldariri buruz berba egiteko, besteak beste.

Gipuzkoako diputadu nagusi Markel Olanok Ja(ki)tea alkartearen aurkezpenean ondokoa esan dau: Gastronomiak ekarpen ikaragarria egin deutso historian zehar Gipuzkoako gizarteari. Gure sukaldaritzeari esker Gipuzkoa nazinoartean ezaguna da, belaunez belaun transmitidutako gure sukaldaritza ohiturek mugak zeharkatu eta kuriosidadea eta interesa sortu ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu