'Komunikazio eta Hezkuntza Balioak' Unesco Katedrak komunikabideen eragina gazteen gizarteratzean ikertuko dau

Bizkaie! 2011-05-03 11:10

Unesco Katedrak ikerketea eta hausnarketea bultzatu nahi dau komunikabideek balioen garapenagaz eta gazte eta nerabeen nortasunaren eregite prozesuan dituen hartu-emonei buruz.

UPV/EHUko Komunikazio eta Hezkuntza Balioak Unesco Katedra aurkeztu dabe bart. Ekitaldian izan dira: Iñaki Goirizelaia, UPV/EHUko erretorea; Markel Olano, Gipuzkoako diputadu nagusia; Davidson L. Hepburn, Unescoko Biltzar Nagusiko presidentea; Pedro Luis Arias, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea, eta Concepción Medrano, Komunikazio eta Hezkuntza Balioak Unesco Katedraren koordinatzailea.

Komunikazioa eta Hezkuntza Balioak Katedra 2009an sortu zan eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzau dau. Oraintsu, barriz, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazino Batuen Erakundeagaz sinatu dan hitzarmen bati esker, Unesco Katedra bihurtu da. Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultadean dago eta ikerketea eta hausnarketea bultzatu nahi dau komunikabideek balioen garapenagaz eta gazte eta nerabeen nortasunaren eregite prozesuan dituen hartu-emonei buruz. Unesco katedra dan neurrian, nazinoartekotzea bilatuko dau antzeko katedretan parte hartzen daben ikerketa taldeakaz batera lan eginez.

Ikerketearen arloan Katedraren jomugetako bat hedabideak dira sozializazino-eragile moduan. Gaur egun ikerketa enpiriko nahikoa dago oinarrizko hipotesi honetatik abiatzeko: nerabearen sozializazinoan familiak, lagunek eta ondoren hedabideek esku hartzen dabela gehien, azaldu dau Katedra koordinatzaile Concepcion Medranok. Medrano katedraduna da Bilakaerearen eta Hezkuntzearen Psikologian. Koordinetan dauen taldeko kideak Psikologian, Pedagogian eta Kazetaritzan adituak dira; eta UPV/EHUtik eta Guadalajarako (Mexiko), Malagako eta Zaragozako unibersidadeetatik datoz.

Orain arte telebista ikertu dabe gehien. Beraz, Telebista-dieta, nerabeen balioak eta identitatea proiektuaren barruan sei herrialdetako 14 eta 18 urte arteko 1.220 nerabe ikertu ditue euren ohiturak eta telebistak bialtzen deutsezan balioak zeintzuk diran jakiteko. Azken helburua telebista ikusten irakastea da eta jagokozan gaitasun komunikatiboak garatzea, batez be eskolearen bitartez. Aurreratzean, telebistagaz egin daben legez, beste hedabide batzuek (Internet eta bideo-jokoak, berbarako) transmitiduten dituen balioetan sakondu nahi dabe, baina oraindino be badabe helburu auzi hori ikasgeletan integretea. Gurasoentzat, irakasleentzat eta ikasleentzat gida-liburuak jorratzeko asmoa daukagu, gaitasunak garatzeko eta telebistan, Interneten eta beste hedabide batzuetan zelan esku har daitekeen irakasteko. Hori guztia, hedabideak erabilten ikasteko, eta ez hedabideak erabilteari ixteko, esan dau Medranok. Unibersidadearen jarduerea ulertu behar dogu dimensino horretan be: gizarte eskuzabal eta solidarioagoa eratzera zuzendutako balioen kulturea sortu eta eregiten lagundu behar dau, azaldu dau Iñaki Goirizelaia erretoreak.

Komunikazio eta Hezkuntza Balioen Unesco Katedra da Gipuzkoan kokaturiko lehenengo Unesco katedra eta UPV/EHUren hirugarrena. Beste biak Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedra eta Unescoren Garapen Iraunkorra eta Ingurumen Hezkuntza Katedra dira. Nazinoartekotzea da UPV/EHUren ardatz nagusietako bat datozen urteetarako. Lorpenen artean dago Euskampus proiektuak lortutako Nazinoarteko Bikaintasun Campusaren autorpena. Bikaintasun eta nazinoartekotze esparru horretan kokatu behar dogu UPV/EHUk Unescogaz dauen loturea eta ziur nago hartu-emon horreek etorkizunean ugaldu egingo dirala, erantsi dau Iñaki Goirizelaiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu