'Berbak hariz josten' jardunaldiak aurkeztu ditu Mendebalde kultura alkarteak
2011-05-02 15:29 Euskerea berbagaiBerbak hariz josten izenburupean, XV. jardunaldiak aurkeztu ditu Bilbon Mendebalde kultura alkarteak. Danetara, bederatzi berbaldi atondu ditue itzulpengintzea eta interpretazinoa ardatz hartuta. Pablo Zamarripa eta Mikel Zarateren liburu bana be aurkeztu ditue prentsaurrekoan.
Berbak hariz josten izenburupean, XV. jardunaldiak aurkeztu ditu Bilbon Mendebalde kultura alkarteak. Danetara, bederatzi berbaldi atondu ditue itzulpengintzea eta interpretazinoa ardatz hartuta. Jardunaldiak barikuan hasiko dira, maiatzaren 6an, Euskaltzaindiko Bilboko egoitzan, eta zapatu eguerdian amaituko dira.
Topeketen aurkezpenean Bilboko Euskera zinegotzi Ana de Castro, Mendebaldeko presidente Kasildo Alkorta eta Eneko Barrutia zuzendaria egon dira. De Castrok azaldu dauenez, Mendabelderen jardunaldietan euskerearen sendotasunari eta gaitasunari buruzko gogoetak egingo ditue hizkuntzalariek, idazleek eta adituek. Horrezaz gan, oraingo euskereak, itzulpengintzea eta interpretazinoa ardatz hartuta, gaztelaniagaz eta beste hizkuntza batzuekaz daukazan hartu-emonak, hizkuntzearen adierazkortasuna eta abar jorratuko ditue.
Eneko Barrutiaren esanetan, itzultzaile, idazle eta interpreteek euren jardunean izaten dituen arazo, baliabide eta gora-beherak aztertuko dira. Kasildo Alkortak, barriz, Juanjo Pagolaren berbaldia (Euskara eta gaztelania arteko interprete-lana) nabarmendu dau. Guk normalean euskereran topetan doguz arazoak, erderatik egiten dogulako lan, itzulpenak direla edo beste edozein lan, baina Pagola gaztelanian daukaz arazoan, euskeratik egin behar dau interprete-lana, eta bat-batean ganera, adierazo dau Mendebaldeko presidenteak.
Berbak hariz josten jardunaldiak bariku arratsaldean eta zapatu goizean egingo dira, Euskaltzaindinko Plaza Barriko egoitzan. Barikuan, Xabier Amuriza bertsolari, idazle eta ikertzaileak hiztegi batu idealaren prozeduren eta oinarrien ganean berba egingo dau . Ostean, Hizkuntzen gabeziak: euskara eta erdara, aurrez aurre izenburupean, Karlos Cid Abasolo Madrileko Unibertsitate Konplutenseko euskerazko irakurleak etenbako alkarren eraginpean dagozan euskerea eta gaztelaniaren arteko gorabehera ontologikoak aurkeztuko ditu. Atsedenaldiaren ondoren, Jacinto Iturbe EHUko Euskarazko lehenengo errektoreordeak hiztegien bilakaereaz eta gaur egungo egoereaz jardungo dau. Patziku Perurena idazle eta ikertzaileak eskainiko dau jardunaldietako lehenengo eguneko azken hitzaldia, gaur eguneko adierazpide moduan euskereak dituan alde sendoak eta gabeziak azalduta.
Pello Esnal idazleak emongo deutso hasierea zapatuko saioari. Esnalek euskera batuaren joskerea izango dau aztergai Euskara batuaren bigarren jaiotza: joskera giltzarri berbaldian. Ostean, Igone Zabala filologoak euskerearen garapenaz jardungo dau, ikuspuntu ekologiko eta sozialetik. Inazio Arregik kazetaritzan daukan esperientziaz eta hizkuntzearen geroaz berba egingo dau. Juanjo Pagola interpreteak interprete-lanen bat-batekotasunari, ahozkotasunari eta ulergarritasunari buruzko hausnarketak eskainiko ditu, euskerea eta gaztelania hain hizkuntza desbardinak izanik, interpretea zelan konpontzen dan azalduz. Joseba Butron irasle eta hikuntzalariaren Euskara, gabeziak gabezia, XXI. mendean abiatuta izango da azkenengo berbaldia. Hitzaldi guztiak liburua batean jasoko ditue eta parte-hartzaileei emongo jake topeketak hasi orduko.
Mahai-inguru eta itaun-erantzunen ostean, Joseba Arrietari omenaldia egingo deutsie. Patxi Uribarrenek egingo dau gorazarrea. Juan Luis Goikoetxeak azaldu dauanez, Arrieta euskerearen munduan eragile handia izan da: Gu hasi baino lehen eragile handia zan Joseba; Bilbon erakutsi dan euskerearen katean eragile garrantzitsua.
Mendebalderen jardunaldien barri emoteaz aparte, maiatzaren amaieran kalean izango diran liburu bi be aurkeztu ditue prentsaurrekoan: Pablo Zamarriparen Manual del vascófilo (1913) eta Mikel Zarateren Influencias del vascuence en la lengua castellana a través de un estudio del elemento vasco en el habla coloquial del Chorierri-Gran Bilbao (1976). Joan dan mendean euskereak bizi eban egoerea ezagutzeko lan interesgarriak dira. Bere garaian garrantzi handiko lanak izan ziran, eta orain, Bilboko Udalaren eta Mendebalderen arteko hitzarmenari esker, belaunaldi barrien eskura ipiniko dogu, ganeratu dau Ana de Castrok. Lan biak agortuta egozan.
Mendebalderen jardunaldietan izena emoteko epea barikura arte dago zabalik. Informazino gehiago: www.mendebalde.com edo mendebaldekultur@gmail.com
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!