XXVII. Udabarriko Bertso Saioak ekimenak puntako bertsolariak eta umeei zuzendutako ikuskizuna batuko ditu

Bizkaie! 2011-04-29 15:31   Bertsolaritzea

Bizkaiko eta Euskal Herriko txapelketetako hainbat finalista eta txapeldun izango dira saioetan, besteak beste, Maialen Lujanbio, Euskal Herriko txapelduna eta Arkaitz Estiballes, Santutxuko eskolan ikasitako Bizkaiko txapelduna.

Santutxuko Bertso Eskoleak eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak alkarregaz antolatzen daben bertsolaritzearen inguruko ohiko programeak XXVII. edizinoa zabalduko dau datorren maiatzaren 7an, Santutxuko Karmelo plazan; bertso saio danak hortxe izango dira eguerdiko 13:00etan hasita. Bizkaiko eta Euskal Herriko txapelketetako hainbat finalista eta txapeldun izango dira saioetan, besteak beste, Maialen Lujanbio, Euskal Herriko txapelduna eta Arkaitz Estiballes, Santutxuko eskolan ikasitako Bizkaiko txapelduna.

Nagore Zuazo, Udabarriko Bertso Saioak egitarauaren ardurea dauen kultur programatzaileak, Katillu txotxongiloak eta honen laguntzaile Aitor Ormaetxeak eta Mikel Ibarzabalek aurkeztu ditue zehetasun guztiak prentsaurrean, Katilluren bertso eta guzti.

Aurtengo edizinoa zapatuan, maiatzaren 7an, hasiko da. Taula gainean, lau aldiz txapeldun nagusia izan dan Andoni Egaña, Amets Arzallus, Aitor Sarriegi eta Aitor Mendiluze izango dira. Bertso saioa, beste guztiak legez, eguerdiko 13:00etatik aurrera izango da, Karmelo plazan.

Maiatzaren 14ko hitzorduan, orain gitxi jokatutako Bizkaiko Txapelketako finalistak izango doguz. Arkaitz Estiballes txapeldunak errebantxea eskaini ahal izango deutse lehiakide izan zituan Etxahun Lekueri, Onintza Enbeitari eta Beñat Ugartetxeari.

Aire zabaleko azken saioa maiatzaren 28an izango da. Oraingo honetan, Euskal Herriko txapelketa nagusiko finalean parte hartu eben beste lau bertsolari izango doguz kantuan. Bertan egongo dira Maialen Lujanbio —azken txapelduna—, Sustrai Colina, Jon Maia eta Unai Iturriaga.

Beste alde batetik, aurreko edizinoetan legez, Karmelo plazan eskainiko diran hiru bertso saioez gan, programazinoaren barruan, Begoñako Udaltegian eskainiko dan ekitaldi berezia nabarmendu behar da. Oraingo honetan, eta barrikuntza moduan, umeei eta familiei zuzendutako txotxongilo ikuskizuna izango da. Katillukada ikuskizuneko txotxongiloek bertsolaritzara hurreratzeko aukerea eskainiko dabe. Hitzordua maiatzaren 21ean izango da, 12:00etan, Begoñako Udaltegian. Antzezlanak lau ipuin batzen ditu, eta bertan, txotxongiloakaz lan egiteko teknika desbardinak erabilten dira. Gidaria Katillu izango da, txotxongiloakaz berba egiten dauen bertsolari eta ipuin kontalari zaharra.

Bizkaiko uriburuan euskal kulturea eta hizkuntzea sustatzeaz gan, Udaberriko Bertso Saioak programea euskaltzaleen arteko topaleku bilakatu nahi da eta, aldi berean, Santutxuko Bertso Eskoleak gure urian egiten dauen lana bultzatu nahi dau.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu