SPRIk bulego bat zabaldu dau Beijinen
2011-04-26 14:35 Euskaldunak munduanMomentu honetan, automozino, energia, makina-erreminta zein bestelako sektoretako 120tik gora euskal enpresak ezarpen iraunkorrak ditue Txinan.
Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak bulego bat zabaldu dau Beijinen SPRIren bitartez, Txinan dagozan euskal enpresei eskaintzen deutsen laguntza-azpiegiturea zabaltzeko. Bulego barria Txinako iparraldean dago eta azpiegitura barri honegaz, Eusko Jaurlaritzeak Shangain orain 8 urte abiarazotako jarduerea osotuko dau.
Beijinen bulego bat zabaldu bada izan da euskal enpresei herrialdearen iparraldeko garapen guneetaraino lagundu nahi jakelako, merkatu horreetarantz bideratzen baitira Asiako merkatuan interesauta dagozan euskal enpresa sareko sektore batzuk, besteak beste, makina erreminta, energia garbiak, eta abar. Gainera, Tianjing herriko makina erremintaren institutua eremu haretara eroan dabe eta hirukoiztu egin ditu bere instalakuntzak. Holan bada, urtearen amaieran lanbide heziketako 10.000 ikasle baino gehiago egongo dira.
Euskadiren eta Txinaren arteko merkataritza hartu-emonak
Euskal Autonomi Erkidegoa da Txinagazko kanpo merkataritza handiena dauen Autonomi Erkidegoetako bat. Kataluniaren ostean, Euskadi da Txinara gehien esportatzen dauen erkidegoa. Izan be, Euskadik Txinarako espainiar esportazinoen % 15 batu eban 2010ean. Inportazinoei jagokenez, Euskadi laugarren postuan dago, Katalunia, Madril eta Valentziaren atzetik.
Txina, bestalde, Euskadiren bazkide komertzial garrantzitsua da, 2010ean zortzigarrena izan baitzan euskal esportazinoetako jomuga nagusien zerrendan. Azpimarratzekoa da azken bost urteotan Euskadik Txinara egin dituan esportazinoak % 90 hazi dirala eta Espainiak herrialde haretara egiten dituanak, barriz, % 50 baino ez dirala hazi.
Euskal enpresek Txinan eginiko zuzeneko inbersinoari jagokonez, Euskal Autonomi Erkidegoa Txinako inbersinogile handienetako bat da. 2007an laugarrena izan zan, 2008an bosgarrena eta 2009an lehenengoa, ekitaldi horretan eginiko inbersino espainiarraren % 32,22 batu ebalarik. Estaduko Merkataritza Idazkaritzak emondako datuen arabera, 1993-2009 urteen artean Euskadi izan da Txinan zuzeneko inbersino gehien egin dituana, Espainiak herrialde haretan egindako guztien % 46 zehatz esateko. Aitatu ekitaldi horreetan guztira 570 miloe euroko inbersinoa egin zan.
Momentu honetan, automozino, energia, makina-erreminta zein bestelako sektoretako 120tik gora euskal enpresak ezarpen iraunkorrak ditue Txinan.
SPRIren Kanpo Sarea
Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak euskal enpresen nazinoartekotzea sustatzen dau SPRIren Kanpo Sarearen bidez. Kanpo Sareak kanpoko merkatuetara ateratzen laguntzen deutse euskal enpresei eta guztira 59 herrialdetara zabaltzen da. Ondokoak dira eskaintzen dituan zerbitzuak: jomuga merkatuei buruzko informazinoa eta azterketak, sarrera komertziala, atzerrian merkataritza eta produkzino ezarpenak egiteko laguntzinoa, behin-behineko kokapena negozio zentroetan, bakarkako prospekzino bidaiak antolatzea, zenbait tramite egiteko laguntzak, tokiko agintari eta administrazinoakaz hartu-emonetan jartea, finantza arloko laguntzak eskuratzea...
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!