Angel Larrea Beobide: 'Hasi ginanean ez genduan holango altxor handirik espero'

Nagore Ferreira Zamalloa 2011-04-20 14:08   Barriketan

Arratia inguruko hiztegiaren egilea

Arratia inguruko hiztegiaren bigarren edizinoa kaleratu barri dabe Angel Larrea eta Juan Rekalde Arratia Institutuko irakasleek. Lehenengo edizinoa hilebetean saldu eben, eta Durangoko Azokan salduenetarikoa izan zan. Hamaika urteko lanarean emoitzea da hiztegia: 25.000 sarrera eta ia 1.000 orrialde. Eskualdeko berbakerearen berezitazunak batu, eta erabileran eragina izateko asmoagaz abiatutako Geure berbategie proiektuaren ondorio da hau lan mardulau. Best-seller berezi honen arrakastearen sekretuaz eta urteotako lan ikaragarriaz luze jardun dogu Angel Larrea zeanuriztarragaz.


1.- Hiztegiaren lehenengo edizinoa hilebetean saldu zan, ez da marka txarra hiztegi batentzat, ezta?

Lehenengo edizinoa zemendiaren 25ean atara genduan, eta abenduaren 28an, Inuzenteen egunean, argitaletxekoek deitu eustien esanez, ez egoala libururik, liburu-dendak eskean ebilzala, baina danak salduta egozala. Hilebetean agortu ziran mila aleak. Hasieratik pentsau genduan mila aleko tiradea laburtxua izango zala, baina askotan ez dakizu zelan asmau. Orain ikusi dogu, argi eta garbi, labur geratu ginela. Ez genduan pentsetan holango erantzunik eukiko ebanik. Jente asko liburu barik geratu zan, horregaitik zenbat arinen argitaratu gura izango dogu bigarren edizinoa. Produktuaren kostua nahiko handia izan da, horrek mugatu ditu tiradak. Dirua lortzea ez da gauza erraza, nahiz eta guk beti euki dogun erakunde publikoen babesa eta konpromisoa, bai Arratiako udalena bai Bizkaiko Diputazinoarena bere bai. Bigarren edizinoa be 1.000 alekoa da, eta ia oraingoan apurtxu bat gehiago irauten dauen, Durangoko Azokara arte edo.


2.- Igazko Durangoko Azokan, Arratia inguruko hiztegia salduenen artean egon zan, best-selleren antzera, ezta?

Egia da, salduenen artean egon zan. Gure asmoa euskal produktu bat ataratea zan, kalidade aldetik ona. Lan handia dago hiztegi honetan: 25.000 sarrera daukaz, ia 1.000 orrialde, 200 argazki, gehienak kolorez. Papela oso ona da, koadernaketea bere bai. Lan zehatza eta sakona egin dogu. Nik esatea txarto badago be, lan polita egin dogula pentsetan dot. Ganera, jentea hiztegia noiz urtengo itxaroten egon da, jakin-min handia egon da. Erosle asko arratiarrak izan dira, baina beste batzuk, ez: askok aitita edo amama Arratiakoa daukela kontau deuskue, edo etxekoren bat arriatarra dala... Arratiagaz lotura zuzen-zuzena euki barik be jente asko animau da. Prezioa ona euki dau. Lehenengo edizinoa 27 euroan saldu zan; bigarrena, 29,50 euroan. Nahiko merkea da, ze antzeko lanek gitxienez 50 euro balio dabe. Erakundeen babes ekonomikoari esker lortu dogu prezio ona eukitea. Horrekaitik gauza guztiekaitik salmenta nahiko esplosiboa izan zan, Gabonak be hur egozan... eta igual, ba, best-sellera izan zala esan geinke.


3.- Eta bigarren edizinoa amaitzen danean, hirugarrena kaleratzeko prest?

Bigarrena agortzen bada, hirugarrena ez da papelean egingo, formatu digitalean atarako da. Gure asmoa Interneten ipintea da, eta han konsultagai egotea.


4.- Bigarren edizinoak zer barritasun daukaz?


Antzeko ezaugarriak daukaz kanpotik: azal bera, papelaren kalidadea bere bai, argazkiak... Sarrera barriak daukaz, 150 inguru, danak etnobotanika arlokoak. Arratia inguruan osabedarren inguruan jente zahar jakintsua dago, asko dakiena bedarren erabilera medizinalaz. Badago hemen ikerlari bat, Galdakaokoa, Gorka Menendez, doktoretza-tesia egiten dabilena gaiaren ganean; haren laguntzinoa euki dogu, beti prest egon da berak batutako berbak-eta azaltzeko. Horrezaz gan, kaleko berbetea edo gazteen berbetea sartu dogu edizino barrian.


5.- Arratiako berbetearen hiztegia dala dinozue, baina hiztegi arrunta baino gehiago da.

Bai, hiztegi hutsa baino hiztegi entziklopedikoa da. Pisua dauka, kilo bi eta erdi! Gaur egun, Euskal Herrian, dialektologia arloan dagoan lanik potoloena izango da; orain arte, lehenengo lekuan Bergara aldeko hiztegia, Juan Martin Elexpururena egon da. Dana dala, gureak eskualde osoa hartzen dau, eta Elexpururena herri bakar batekoa da. Gure asmoa ez da izan bakar-bakarrik hiztegi bat osotzea; izan be, Arratia ingurua sano aberatsa da etnografian (artzaintzea, nekazaritzea...), esaerak be sartu doguz, leiendak, ipuinak... Onomastikea be kontuan hartu dogu. Adibidez: Pruden barik Pudren esaten da gure inguruan, eta askotan pentsetan dogu, Ze txarto egiten dauen berba aititek; ba, ez, holantxik da, modu horretan esaten da hemen. Gatxizen batzuk be ipini doguz, herrietan asko erabilten dira-eta; herrietako gatza eta piperra dira, ezkutuko mezuak.


6.- Berrehun argazki sartu dozuez, zein asmogaz?

Argazkien helburua ez da estetikoa bakarrik, irudietan agiri diran berbak promozionetako modua da. Esaterako, txirritxirria. Intsektu bat da, Arratian, eta Bizkaiko leku askotan, halan esateko jako: txirritxirria. Gure umeek, ostera, eskolan 'kilker' ikasten dabe, eta ez dakie zer dan txirritxirria. Argazkiak apropos sartu doguz, holan errazago da-eta jentearengana heltzea.


7.- Berba ineditoak topau dozuez, 4.000 bat edo. Badago zer ikertu, orduan.

Gatxa da kopurua zehaztea, 4.000-5.000 inguru izango dira. Doktoretza-tesi baten maila dauka. Hiztegi guzti-guztiak begiratu behar dira, eta begiratu doguz, baina beti dago bateren bat konsultau barik. Ikerketa gehiago egiteko abiapuntu polita izan leitekez berbok, ikerketa sakonagoak martxan ipinteko atxakia.


8.- Hamaika urte emon dozuez Juan Rekaldek eta biok hiztegiagaz beharrean, badira urte batzuk.

Hasieran, gure asmoa ez zan holango proiektu potoloa egitea. Informazinoa batu, prozesau, ordenean ipini... Denporea holan joan jaku. Gu irakasleak gara, eta hau danau beharra amaitu ostean egin dogu, asteburuetan, oporretan... eta ahal danean. Ordu asko eta asko emon doguz. Lehengo batean, kalkuletan egon ginan, eta 9.000 bat ordu izango dira danetara. Lan neketsua izan da.


9.- Orain hamaika urte, zerk bultzatu zinduen proiektua martxan ipinten?

Orain hamaika urte gure ikasleak gaurkoak baino apur bat euskaltzaleagoak ziran. Arratian euskerearen mailea eta erabilerea handiagoak ziran. Ikasleei entzun eta eurekaz berba eginez sortu zan asmoa. Konturatu ginan gauza bat zala eskolan erabilten zan euskerea eta beste bat zala etxean eta lagunekaz erabilen berbetea. Salto handia egoan batetik bestera. Zeozer egin behar dogu, derrigor, pentsau genduan. Ikasleei eskatu geuntsen, eskolarako behar moduan-eta, aitite-amamei, edo etxekoei, alkarrizketak egitea grabadoreagaz. Itaun batzuk atondu, hainbat gairen ganekoak, eta martxan hasi ginan. Lanak jaso ahala ikusi genduan hor baegoala izugarrizko aberastasuna, eta hori danori galtzeko arriskua handia zala. Egoereari urtenbide bat emon behar jakon. Holan, eskolan-eta erabilteko moduko hiztegi txikitxu bat osotu gendun, ehun bat berbakoa. Orduan dana zan batua, bizkaierea nahiko baztertuta egoan. Berbak batuten-batuten, lehenengo urtean, 2001ean, 1.700 berbako hiztegitxua egin zan. Bueno, hiztegia-edo; fotokopia moltso bat zan. Altxor polita geunkala ikusita, beharrean jarraitu genduan. 2003an, bigarren hiztegitxua amaitu zan, 3.000 berbakoa. Modu horretan, apurka-apurka, 25.000 berba jaso doguz. Asko galtzekotan dagoz, eta guk jaso ezean, betiko ahaztuko litxakez. Ez dira baserri inguruko berbak bakarrik galduko, bestelako berba eta esaerak be desagertuko dira. Bizkaiko leku askotan pasetan da hori. Orozkokoei be esan deutsegu holango proiekturen bat egiteko, baina horretarako jentea behar da, denpora asko, eta behar asko. Oso oso lan neketsua da.


10.- Informazino iturri lez, edadeko arratiarrez gan, testu zaharrak izan dozuez, ezta?

Bai, ahozko iturriak eta idatzizkoak, bitzuak euki doguz. Hamar herritan egon gara, herri bakotxeko informatzaile bana euki dogu, andrea edo gizona, ofizio diferenteetakoak. Danak izan dira 60 urtetik gorakoak. Informatzaile onak topetan ahalegindu gara, eta ez da erraza: zenbat eta errepideetatik urrunago orduan eta hobeak, zenbat eta leku isolatuagoetan bizi, hobeto. Gidoia preparau eta ikasleak bialdu genduzan alkarrizketak egiten. Ikasleak izan dira sarritan gure bitartekariak, ez da erraza inoren etxera sartzea, beste barik. Hoba da beti ezagunak izatea, auzokoak, lagunak... Herriz herri, material polita batu zan. Horregaz batera, idatzizko testuak euki doguz. Orain urte batzuk argitaratu genduzan Arratiako idazle aitzindariak eta Arratiako idazle aitzindarien antologia liburuekaz beste corpus bat osotu zan. Hamar bat lagunek aztertu eta orraztu zituen testuok, ostean hainbat berba hiztegian sartzeko. Eta holan joan gara liburutzar hau egiten...


11.- Hainbeste urtean anekdota eta pasadizo asko eukiko dozuez kontetako...

Urte asko izan dira, eta kontu asko; zenbat esperientzia, zenbat lekuko, alkarrizketa... Orduak beharko geunkez danak kontetako. Arratian jenteak badino: Begitu, hemen datoz maisuak. Hasieran, grabadoreagaz-eta agertzen ginanean, jenteari kostau egiten jakon konfiantzea hartzea, baina gero ederto konpondu gara. Lehenengo edizinoaren aurkezpena Igorren egin zan, 300 lagunetik gora batu ginan, erakundeetako ordezkari, lagun, ezagun, irakasle eta laguntzaileen artean. Arratian oso ezaguna dan gizona egon zan geugaz aurkezpenean, Antonio Sagarna, Kariño esaten deutsiena. Artzaina da, Dimakoa, Artaun auzokoa. Ia 90 urte daukaz. Gizon jakintsua da, filoi bat; esaerak, kantak, leiendak... danetarik daki. Holango informatzaile gitxi dagoz, ondo jagon behar doguz. Gizon honegaz ez da nahikoa ordu biko alkarrizketea, hainbeste gauza daukaz kontetako!


12.- Tximeleta bat agiri da hiztegiaren azalean, zelan ba?

Badago Igorren argazkilaritzea asko gustetan jakon gizon bat, Jose Angel Mintegi. Argazki ederrak egiten ditu. Animalien argazkiak bereak dira. Tximeleta zoragarriak erakutsi euskuzan, eta pentsau genduan horixe izango zala hiztegiaren sinboloa. Ostean, kasualidadez, animalien ganeko berbak jasoten genbizala, tximeleta esateko 23 izen batu genduzan. Atxaki polita begitandu jakun. Igela esateko 27 berba dagoz, baina ez jakun azalerako hain erakargarria begitandu. Perretxiko berberearentzat 30 izenetik gora topau doguz, gaztainentzako 17 inguru... Aberastasun handia dago. Sarritan aldaki fonetikoak dira, ez dira guztiz desbardinak. Herri batzutan gauza berarentzako lau-bost forma dagoz, auzo baten hala esaten dalako, eta beste baten besteletara. Euskerearen aberastauna itzela da.


13.- Geratu da berbaren bat hiztegitik kanpo, zein erispide erabili dozue?

Gure asmoa nahiko zabala izan da. Lehenengotan bertako berbak bakar-bakarrik sartzea pentsau genduan, baina sano gatxa da. Arratian halan esaten da, eta konturatzen zara Durangon be halan dala; beste batzutan, barriz, hemen modu batera esan arren, Zornotzan ez zaitu inork aituten. Edozelan be, urteekaz asko ikasi dogu, eta badakigu berbak bereizten. Esperientzia garrantzitsua da. Ahozko informatzaileekaz batera, erregistro jasoagoko testu idatziak euki doguz. Horregaitik, gure hiztegian berba kultoak, oraindino entzuten doguzan neologismoak, berba arkaikoak, umeen berbak, gazteenak... danetarik topau leike irakurleak. Ikuspegi nahiko zabala izan dogu; gero, bakotxak bere irakurketea egingo dau.


14.- Hiztegiaren bigarren edizinoa kaleratu barri, beharrean jarraitzeko asmoa daukazue?

Bai, bai, lanean segiduko dogu. Ez gara hiztegiagaz bakarrik getatuko, hiztegiak seme-alabak eukiko ditu. Hurrengo lana gazte eta kaleko berbakerearen ganeko hiztegia izango da, ez da honen moduko potoloa izango, ehun bat orrialde inguru eukiko ditu. Prest dago, eta laster atarateko asmoa daukagu. Liburu erabilgarria eta konsultetako erraza izango da. Umeen olgetearen inguruko lanen bat be etorriko da. Aberastaun handia dago; nonork ez badau laster batzen galdu egingo da. Gaur egun olgeta tradizionalak ia galduta dagoz; gaurko umeek ez dakie zer dan tronpea, esaterako. Mende batean dana desagertu da. Horretxek izango dira gure hurrengo proiektuak, monografiko bi. Ia Bizkaiko beste eskualde edo herri batzutan be jentea animetan dan, ze aberastasun handia dago. Hasi ginenean ez genduan holango altxor handirik espero. Lan honetarako talde interdiziplinarrak behar dira, informatikariak, irakasleak, filologoak... eta adin diferenteetako jentea. Erakundeen konpromisoa be beharrezkoa da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu