Euskadiko Kutxak Larramendiren Hiztegi Hirukoitzaren ale bat laga deutso Euskaltzaindiari

Bizkaie! 2011-04-19 15:34   Euskerea berbagai

Euskadiko Kutxak 10 urterako itxi deutso Euskaltzaindiari Hiztegi Hirukoitza. Bi liburu dira, eta 800 orritik gora, eta hemendik aurrera, beraz, ikertzaileen esku egongo da lan hau. Konsultak errazago egin ahal izateko, Kutxak 200 faksimil egin ditu, horreetako batzuk, jatorrizko obreagaz batera.

Euskadiko Kutxak Manuel Larramendiren 1745eko Hiztegi Hirukoitzaren ale baten lagapena egin deutso Euskaltzaindiari, 10 urterako. Gaur, apirilaren 19an, Euskaltzaindiaren egoitzan egindako ekitaldian, Julio Gallastegi Euskadiko Kutxaren zuzendari nagusiak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak hitzarmena sinatu dabe, lagapena formalizetako. Eurekaz batera, ondokoak izan dira ekitaldian: Euskadiko Kutxaren izenean, Txomin Garcia eta Juan Cid, presidentea eta Komunikazino zuzendaria, hurranez hurran; eta Euskaltzaindiarenean, Xabier Kintana idazkaria, Jose Luis Lizundia diruzaina eta Pruden Gartzia Azkue Bibliotekako zuzendaria.

Esandako moduan, Euskadiko Kutxak 10 urterako itxi deutso Euskaltzaindiari Hiztegi Hirukoitza. Bi liburu dira, eta 800 orritik gora, eta hemendik aurrera, beraz, ikertzaileen esku egongo da lan hau. Konsultak errazago egin ahal izateko, Kutxak 200 faksimil egin ditu, horreetako batzuk, jatorrizko obreagaz batera.

Bestalde, gaur iragarri daben legez, lana Euskadiko Kutxaren eta Euskaltzaindiaren webguneetan konsultagai jarriko da laster batean.

Larramendiren Hiztegi Hirukoitza benetako lan parebakoa zan, Luis Villasanteren eretxiz. Koldo Mitxelenak be garrantzi handia emon eutson Larramendiren obra osoari, eta Pruden Gartziak gogorarazo dauenez, urte askotan baztertua izan zan Larramendiren obrea, baita hiztegia be eta Mitxelena izan zan lan hori barriro plazara ekarri ebana.

Hiztegiak hitzaurre oso luze bat dauka eta Loiolara erretirau zanean idatzi eban autoreak. Espainiar Hizkuntzearen Errege Akademiaren Hiztegia argitaratu barria zala, Larramendik oso-osorik euskeratu nahi izan eban, erdaldunak euskal hizkuntzearen aberastasunaz konbentziduteko.

Bere idazlanetan ikus daitekeenez, euskerearen defendatzaile sutsua zan Larramendi (1690-1766). Kultura handiko gizona zan eta jarraitzaile asko izan zituan. Bere garaiko gizonik jakintsuenetako bat izan zan eta orduko idazle askoren gidari legez agiri jaku -Mendiburu, Kardaberaz-. Mugarri garbi bat marketan dau euskal historian, ez bakarrik euskereari jagokonez, baita historia politikoari jagokonez be: Sobre los Fueros de Guipuzcoa obran, independentziaren aukerea planteau eban; idazlan hori zentsuratua izan zan, eta 1983ra arte ez zan ezagutu. Telletxea Idigorasek argitaratu eban lehenengo aldiz.


Erakusketea

Aukera hau aprobetxatuz, Euskaltzaindiak erakusketa bat antolatu dau. Erakusketea Akademiaren Azkue Bibliotekeak atondu dau eta Manuel Larramendiren lan batzuk erakusten ditu: batetik, bera bizirik egoala argitaratu ziranak, eta bestetik hil ondoren publikautakoak. Hainbat autorek Larramendiren obreari buruz eginiko lanak be ikus daitekez erakusketan.

Besteren artean, ondokoak dagoz erakusketan: Larramendiren El impossible vencido: arte de la lengua bascongada, De la antiguedad, y universalidad del bascuenze en España: de sus perfecciones y ventajas sobre otras muchas lenguas, edota Corografía ó Descripción general de la Muy Noble y Muy Leal provincia de Guipúzcoa.

Mitxelenaren La obra del P. Manuel de Larramendi: (1690-1766) eta Telletxea Idigorasen Obras del padre Manuel de Larramendi / Manuel de Larramendi.

Euskaltzaindiak bi liburu eskaini deutsoz Larramendiri, bata haren hirugarren mendeurrenaren kariaz egindako jardunaldien akten argitalpena: Manuel Larramendi hirugarren mendeurrena 1690-1990 Joseba Lakarrak atondua; eta bestea Larramendiren euskal testu guztien argitalpena, Patxi Altunak eta Joseba Lakarrak egindakoa: Manuel Larramendi euskal testuak, (1690-1990 III. mendeurrena). Horreek be erakusketan ikus daitekez.

Bestalde, Larramendiren Hiztegigintza Juridikoa liburua be iksugai dago, Deustuko Unibertsitateko Cesar Gallastegi, Andres Urrutia, Esther Urrutia eta Arantza Etxeberria irakasleek atondua. Blanca Urgellek Larramendiren hiztegiaz egin eban tesia, Joseba Lakarraren zuzendaritzapean: Larramendiren Hiztegi Hirukoitzaren osagaiez. Lana ez da argitaratu, eta horregaitik ez dago erakusketan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu