Happythankyoumoreplease

Karolina Almagia 2011-04-18 15:00   Zinema kritikak

Belaunaldi baten erretratu samurra, zorrotza eta gazduna da pelikula gomendagarri hau. Erraza da itxureari jagokonez, baina guztiz kontrakoa oinarrian.

- Zuzendaria eta gidoigilea: Josh Radnor
- Argazkilaritza: Seamos Tierney
- Musikea: Jaymay
- Interpreteak: Josh Radnor, Kate Mara, Malin Akerman, Michael Algieri, Dana Barron, Richard Jenkins
- Iraupena: 100 minutu
- Herrialdea: AEB

Film honetako eszena batean Los Angeleseko bizimoduaren kontrako eta New Yorken aldeko aldarrikapena egiten dau personaia batek. Alkarrizketa hori entzuteagaitik bakarrik merezidu dau pelikula hau ikusteak. Horixe da-eta pelikulearen espiritua islatzen dauen sekuentzia.

Sundancen eta Donostian saritua izan zan film hau amaitzean irribarre bat ixten deutsun horreetarikoa da. New Yorkeko uriko hainbat gazteren ardurak bikain erakusten ditu filmak. Maitasun kontuak, lana, hipotekea, bizilekua, ezkontzea, desioa, etorkizuna... bizitzan agertzen jakuzan erabagi beharreko hainbat konturen ganean jarduten dau filmak. Nondik jo, zer aukeratu, bihotzari ala buruari jarraitu, azken baten guztiok bueltaka darabilguna: zelan lortu zoriontasuna. Dudak, dudak eta duda gehiago.

Umorea eta alkarrizketa bizi eta zentzudunak erabiliz, pelikuleak erritmoari eusten deutso hasieratik amaierara. Josh Radnor eta Woody Allen sarri konparau ditue, eta egia da erreferentzia bat baino gehiago dagoela Happythankyoumoreplease-n, baina Radnor-ek bere espazio propioa topatzen dau.

Belaunaldi baten erretratu samurra, zorrotza eta gazduna da pelikula gomendagarri hau. Erraza da itxureari jagokonez, baina guztiz kontrakoa oinarrian; izan be, sano gatxa da egunerokotasuna hain ondo islatzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu