Gernikako bonbardeoa gaztetxu baten ikuspegitik kontau dau Luis Iriondok
2011-04-13 15:08 KultureaEl chico de Guernica liburuan, 1937ko apirileko jazoerak ez eze, bonbardeoak Gernikako bizimodua, ohiturak eta pentsakerea zelan aldatu zituan be erakusten dau, 14 urteko gernikar baten bizipenetatik abiatuta. Liburua Gernikan aurkeztuko dabe, hilaren 19an.
El chico de Guernica liburuan, 1937ko apirileko jazoerak ez eze, bonbardeoak Gernikako bizimodua, ohiturak eta pentsakerea zelan aldatu zituan be erakusten dau, 14 urteko gernikar baten bizipenetatik abiatuta. Izan be, autoreak berak, edade hori eukan bonbardeoa gertatu zanean. Bizitako guztia luzaroan buruan gorde eta gero, Luis Iriondok Gernikako bonbardeoaren ganean idaztea erabagi eban eta, orain, liburua Ttarttalo argitaletxearen eskutik argitaratu dau.
Istorioan fantasia gitxi dago, dana dago errealidadean oinarrituta, zehaztu dau Luis Iriondok. Protagonistea Patxi da, 14 urteko gernikarra, eta haren inguruko senitarteko eta lagunak dira pertsonaia nagusiak: Nik neuk be 14 urte neukazan bonbardeoaren unean, izenak aldatuta baina pertsonaia guztiak neure ingurukoak dira. Holan, Patxiren kontakizunean oinarrituta, aurrera egiten dau istorioak, gaztetxu baten ikuspegia bestelakoa da eta horrek originaltasuna eta arintasuna emoten deutso kontaketeari, azaldu dau Iriondok.
Liburuko jazoerak bonbardeoa baino lehen hasten dira: Garrantzitsua iruditzen jat Gernikako bizimodua, pentsakerea eta ohiturak azaldutea, gerra aurretxuan zelan bizi ginan kontetea, ze bonbardeoak hori guztia ezabatu egin eban, biziteko era hori sekula ez zan bueltau eta gogoratzea merezidu dau, argitu dau Luis Iriondok. Alemaniarren erasoa bera, 1937ko apirilaren 26ko bonbardeoa, zehatz-zehatz azaltzen dau Iriondok, ederto baten gomutetan jakoz detaile guztiak. Ni orduan 14 urteko mutila nintzan, kezkatuago nengoan praka luzeak janzteko aukereagaz, erasoagaz baino eta modu berezian gogoratzen dot dana, dino Iriondok. Horregaitik, anekdota eta pasadizoetarako tarte zabala dago kontaketan. Ganera, alemaniarren ikuspuntua be sartu dau, alemaniar pilotu baten kontakizuna tartekatu dot, airetik ikusita Gernikako bonbardaketea zelakoa izan zan erakusteko.
Alemaniako hegazkinek suntsitu eben Gernika, lehergailuez aparte, su-eragiteko 3.000 bonba be bota zituen, merkadu egunean, azaldu dau Luis Iriondok. Ondo baino hobeto ezagutzen ditu detaile guztiak, bertan egon zalako eta Gernika Gogoratuz alkarteko kidea dalako. Askok galdetzen dabe, ia alemaniarrak gorroto doguzan eta halakoak, baina nik ezetz erantzuten dot, eurek be Bigarren Mundu Gerran bonbardeo itzelak sufridu zituen, gerrea danontzat da kaltegarria, azaldu dau Iriondok. Kritika garratzagoa egin deutse Franco-ren aldekoei: Euren burua zuritzeko, Errenteriko zubia eta arma-fabrikak zirala helburu bakarra zabaldu eben frankistek, baina fabrikak herritik aparte dagoz eta herrigunea osorik txikitu eben; beraz, zer egin eben, su-eragiteko 3.000 bonba bota harrizko zubi bat apurtzeko?. Gerora, Gernika erre izana abertzaleei leporatu eutsiela be salatu dau Iriondok.
Kontuak kontu, Gernikako bonbardeoaren ganeko jakingarri ugari, modu atsegin eta irakurterrazean dakarz Luis Iriondok, El chico de Guernica liburuan. Biziak eta eraikinak suntsitu ziran, baina baita sasoi haretako bizimodu guztia be, eta nire txikitako bizitzea be hantxe amaitu zan, gogoratu dau autoreak. Bilbon egin dabe aurkezpena eta salgai dago liburu-dendetan. Hilaren 19an, Gernikan aurkeztuko da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!