Bagilera arte atzeratu dabe XXVIII. Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketearen epaia partaide kopurua asko hazi dalako
2011-04-12 13:43 KultureaEdizino honetan 67 ipuin jaso dira euskeraz eta 1.247 gaztelaniaz; igaz, barriz, euskerazko 55 eta gaztelaniazko 517 jaso ziran. Kontuak kontu, antolatzaileen aurreikuspenak txiki geratu dira, lehiaketearen historia osoko partaidetzearen marka guztiak gainditu baitira.
Edizino honetan 67 ipuin jaso dira euskeraz eta 1.247 gaztelaniaz; igaz, barriz, euskerazko 55 eta gaztelaniazko 517 jaso ziran. Kontuak kontu, antolatzaileen aurreikuspenak txiki geratu dira, lehiaketearen historia osoko partaidetzearen marka guztiak gainditu baitira.
Literatur sorkuntzea osasuntsu dago. Ondorio hori erakusten dau, behintzat, Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketearen azken edizinoak izan dauen partaidetza izugarriak. Hori dala eta, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak bagilera arte atzeratu behar izan dau epaimahaiaren erabagia. Izan be, joan dan urriaren 29ra arte –jatorrizko lanak jasoteko azken eguna– euskeraz idatzitako 67 ipuin eta gaztelaniaz idatzitako 1.247 jaso ziran. Aurreko edizinoan 55 eta 517 ipuin jaso ziran, hurranez hurran. Partaidetza kopuru handi horrek txiki itxi ditu antolatzaileen aurreikuspen guztiak, eta Gabriel Arestiren omenez antolatzen dan historiako partaidetza handiena izan da.
Lehiaketeak 12.000 euro baino gehiago banatuko ditu sarietan, izan be, modalidade bakotxean –euskeraz eta gaztelaniaz- lehenengo saria eta akzesita banatuko baititu, eta bakotxak 4.100 eta 2.050 euro jasoko ditu, hurranez hurran. Orain ia hiru hamarkada martxan jarritako ekimen horren bitartez, Kultura eta Hezkuntza Sailak, literatur sorkuntzea sustatu eta, aldi berean, euskal hizkuntzeak emon dauen idazle garrantzitsuenetako baten irudia eta lana ezagutarazo nahi ditu.
Lehiaketea edozein nazionalidadeko idazleei dago zabalik, baina aurkezten diran lanen jatorrizko hizkuntzea Euskadiko Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako bat izan beharko da. Ipuinen gaia librea da, eta ipuinak jatorrizkoak, argitaratu bakoak eta beste edozein lehiaketan saririk jaso bakoak izan behar dira.
Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketearen aurreko edizinoan Xabier Etxaniz Rojo (Donostia, 1971) idazleak irabazi eban euskerako kategoriako lehenengo saria, Hogeita hamaika egun Londresen kontakizunagaz. Ignacio Ferrando Pérezek (Trubia, Asturias; 1972) irabazi eban gaztelaniazko saria, Mathilda y el hombre del tiempo lanagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!