Edurne Brouard: 'Euskaltzaindia gure sehaska izan da'

Nagore Ferreira Zamalloa 2011-04-07 14:10   Barriketan
Korrikaren koordinatzailea

Trebiñun abiatuko da 17. Korrika, eta hamaika egunez, eten barik, 2.507 kilometro egingo ditue hainbat lekukok Maitatu, ikasi, ari… Euskalakari lemapean, hilaren 17an Donostiara heldu arte. Gosek egin dau Korrika 17ren kantea, Euskalakari izenekoa. Talde arrasatearraren doinuek animauko ditue aurton korrikalariak, kilometroz kilometro. Edurne Brouard Korrikako koordinatzailegaz kontu-kontari ibili gara.


1.- Orain 31 urte egin zan lehenengo Korrika, Oñatitik Bilbora, Zuk ere esan bai euskarari lemapean. Euskerearen egoerea asko aldatu da ordutik, ezta?

Gizartea bera aldatu dan neurrian aldatu da euskerearen egoerea eta Korrika bera bere bai. Nire ustez, Korrikak eboluzino naturala euki dau, beste gauza guztiak lez. Esate baterako, 12. Korrikara arte eskuko telefono barik ibilten ginan. Hori gaur egun ezin leike sinistu be egin. Ez dakit zelan konpontzen ginan, baina egin egiten gendun.


2.- Oraindino badago Korrika moduko ekimenak egiteko beharrizanik?

Bai, holango ekimenak beharrezkoak dira. Penagarria be bada 31 urte pasau ostean, oraindino Korrika baten beharrean egotea euskerearen egoerea dauena dalako. Euskerearen inguruan gaur egun be sustapenak egin behar dira, kanpaina handiak, Korrika modukoak. AEKren egoera ekonomikoa dala-eta bere biziraupenerako eta jardun arrunterako beharrezkoa da Korrikari esker batzen dogun dirua.


3.- 17. Korrikan batutako dirua zertarako erabiliko dozue? Badaukazue proiektu zehatzik?

Korrikan batzen dan dirua AEK-k oro har hartzen dau. Euskal Herriko eremu osoan behar egiten dogu, eta jakina da euskereak ez dauka hizkuntza politika bateratua. Ganera dirulaguntzino publikoen egoerea oso desbardina da admnistrazinoaren arabera. Egia da EAEn dirulaguntzinoen politikea zeozer hobetu dala; horregaz ozta-ozta eusten deutso AEK-k eguneroko jardunari erkidegoan bertan. Nafarroan eta Iparraldean jasoten dogun laguntzinoagaz egunerokoari aurre egiteko be ez daukagu. Eremu osoan funtzionetan jarraitzeko behar-beharrezkoa da Korrikan batzen dogun dirua. Gure eguneroko jardunagaz batera, urtero egiten dogu inbersinoren bat, etxe barriak erosi, barnetegiak sustatu... Beti dago zereginen bat, beti proiekturen bat. Halanda be, gure kontuak publikoak dira, auditau egiten dira urtero-urtero, eta nahi dauenak konsultau leikez. Aurton, ganera, Korrika bera be auditau egingo dogu. Esfortzu handia da, ze ez da erraza Korrika moduko ekimen baten kontabilidadea egitea, baina egin egingo dogu.


4.- Hogeita hamar urteko esperientzia daukazue, baina izango dira urteroko burukominik, ezta? Zeintzuk?

Gatxa da galdereari erantzutea. Dana da burukomina. Norbera dagoan lekuaren arabera, eta jagotzun zereginaren arabera, burukomin bat edo beste bat euki zeinke. Auzo bateko Korrika batzordeak edo nik neuk izan neikezan arazoak ez dira bardinak, baina auzo horretako batzordearen jardun barik ez litxake Korrikarik egongo, eta zentraleko lan barik be ez. Bakotxak bere burukominak eukiten ditu.


5.- Korrika hasten danetik amaitu arte zenbat lagun mobiduten dozuez?

Milaka lagun ibilten gara lanean. Behin urtarrila heltzen danean, auzo guztietan ipinten dira martxan Korrika batzordeak. 10.000 bat lagun batzen garela kalkulau dogu. Zuzenean Korrikan beharrean ibilten dan jentea da hori, kartelak ipinten, kuestazinoak egiten, herrietako ekitaldiak antolatzen... edo dana dalakoa atontzen.


6.- Aurtengo lemea: Maitatu, ikasi, ari… Euskalakari. Zer da euskalakaria?

Korrika 17-ren mezuaren ganean pentsetan hasi ginanean, argi ikusi gendun behingoz erabileran ipini behar zala indarra. Aspalditik datorren gaia da, eta orain arte behintzat Korrikak ez deutso holango gordintasunagaz oratu. AEK irakaskuntzan dabilenez, gure mezuan erabilereari garrantzia emotea kontraesana zala pentsetan gendun. Eztabaida zaharra da. Aurtengo mezuak erabilerea nabarmentzen dau, baina ez dogu inor kanpoan itxi gura: euskerea maitatzen dauena, euskera ikasten dabilena, euskera dakiena eta erabilten dauena... danak sartzen dira Korrikaren mezuan. Ideia argi geunkala, berba baten bila hasi ginan. Euskaltzale berbea badago, euskerea maitatzen dauen hori da euskaltzalea; euskalduna be hor dago, euskerea daukana. Baina, guk beste zeozer behar gendun, beste zentzu bat emon berbeari; jarrera aktiboa gehitu gura gendun. Eta berba aproposik ez egoanez, asmetea erabagi zan. Igor Elortza eta bere taldearen laguntzinoagaz euskalakari berbea asmau gendun. Zer da euskalakaria? Euskalakaria da, bere euskerearen egoerea dana dalakoa izanda, beti pausu bat aurrera egiteko prest dagoana, euskereagaz jarrera aktiboa daukan personea da. Gure bideoan agiri dan lez, euskalakaria aktiboa da, alaia, ekintzailea, baikorra, sentimenduak ditu eta batzuetan sufridu egiten dau, baina beti daki aurrera egiten.


7.- Euskaltzaindia da aurtengo Korrikaren omendua, zergaitik?

Korrika guztietan dago omendu bat, persona bat, erakunde bat edo kolektibo bat izan daiteke. Oraingoan erakunde bat aukeratu dogu, Euskaltzaindia. Hiru arrazoi nagusi dagoz Euskaltzaindia omentzeko. Lehenengoa, guk uste dogu euskerea ez litxakela dagoan leku guztietan egongo corpus linguistiko bateratu bat izango ez balitz. Euskera batuaren aldeko aldarrikapena egin nahi dogu, Euskaltzaindiak euskerean aldeko lan itzela egin dau. Euskera batuak ahalbidetu dau euskerea ubersidadean edo komunikabide nazionaletan egotea. Euskaltzaindia omentzearen bigarren arrazoia da Iker eta Jagon deitutako sailen bitartez egiten daben hizkuntzearen sustapena, euskalkiak ondo gordeteko aukerea emon dauena. Dialektologia atlasak eta ikerketek erabilera bera ahalbidetu dabe, gure eritxiz. Eta hirugarren arrazoia, gu eskerronekoak garela. Euskaltzaindia gure sehaska izan da, helduen euskalduntze mobimentu osoaren sehaska izan da. Horri esker AEK-k badauka corpus legala erakunde lez funtzionau daian. Hori guzti hori eskertu gura izan deutsagu Euskaltzaindiari. Horrek dira gure arrazoiak. Euskaltzaindiak erabateko onarpena dauka ofizialtasunetik, eta guk uste dogu herri mobimentutik be onarpena egin behar jakola. Hori da gure ekarpena.


8.- Trebiñun hasi eta Donostian amaituko da 17. Korrika. Zelan aukeratzen dozuez abiapuntuak eta helmugak?

Galdera horri beti erantzuten deutsat bardin; ibilbide batek leku baten hasi eta amaitu behar dau, puntu bi lotu behar dira. Ez dago beste zergaitirik. Donostian amaitzea ondo jatorku, hain zuzen be, euskerearen ezagutzari jagokonez uribururik euskaldunena izan arren, erabilerea ez dalako hain handia bertan. Bultzadatxu bat behar dauela uste dogu. Eta Trebiñun hastea, ba, aurreko Korrikan, Gasteizen amaitu zana, behar handi-handia egin eben Trebiñuko Gutxisolo euskera alkartekoek. Sekulako beharra egin eben. Eurak eskatu eben Korrika herrian hastea. Baina, ez pentsau eskatzeagaz nahikoa danik, ez dogu holan funtzionetan. Ostean, Trebiñuko alkateak eskaera idatzia bialdu euskun. Dana nahastean, Trebiñutik abiatzea erabagi zan.


9.- Korrikaren antzeko ekimenak antolatu izan dira Katalunian, Aran aldean, eta Breitainia eta Irlandan bere bai. Korrika eredu bihurtu da beste herrialde batzuetako hizkuntzak promozionetako?

Aspaldi-aspaldi ipini ziran martxan Correllengua Katalunian eta Correlingua Galizian, Korrikaren antzeko ekimenak. Gurea eredu lez hartu eben, baina ez euken zerikusi handirik geugaz: ez eben eremu osoa hartzen, asteburu bakar baten egiten ziran... Ez dakit ze bide egin daben ekimenok, baina uste dot erdi hilda dagozala gaur egun. Baina, badagoz Europan beste martxan batzuk Korrikaren eredua bere horretan hartu dabenak. Bretainian, esaterako, bi egin ditue, eta aurten hirugarrena egiteko dira. Ar Redadeg dauka izena hangoak. Irlandan be egin dabe Korrikaren antzekoa, Rith izenekoa. Galesen be egin gura dabe aurten Korrika moduko bat. Guzti honek harrotasunez beteten gaitu, argi dagoelako eredu moduan hartu gaituela hainbat lekutan bertako hizkuntzearen defensarako. Hain da pozgarria guretzako, aurtengo Korrikan, Donostiara heltzean, Bretainia, Irlanda eta Galeseko ordezkariek kilometro bat egingo dabela.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu