Mikel Garcia Idiakez: 'Testuinguru politikoak eragin handia izan dau hemengo zineman'
2011-04-06 11:35 Barriketan
Hamahiru zuzendariri egindako alkarrizketak jaso ditu Mikel Garcia Idiakez kazetariak (Irun, 1980) aurkeztu barri dauen Zeluloidezko begiradak (Elkar) liburuan. Aukeratu dituan zinemagileak Fernando Larruquert, Nestor Basterretxea, Antxon Ezeiza, Helena Taberna, Imanol Uribe, Juanba Berasategi, Julio Medem, Montxo Armendariz, Koldo Almandoz, Asier Altuna, Telmo Esnal, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga dira. Eta izenon atzean ondoko film ezagunak dagoz, besteak beste, Ama Lur, Ke arteko egunak, Kalabaza tripontzia, Yoyes, Mikelen heriotza, Burgosko prozesua, Behiak, Euskal pilota. Larrua harriaren kontra, Tasio, 27 ordu edo Aupa Etxebeste!
1.- Zein izan da liburuaren arrazoia eta helburua?
Gustokoa dot zinemea, eta liburu hau atxaki ona zan zinemagileakana hurreratu, eurak alkarrizketatu eta eurek kontautako gauzak batzeko. Lan atsegina izan da, zuzendariekaz berba egitea izan da-eta oinarria: euren pelikulen ganean berba egin, zinemari eta zinema egiteari buruz gogoetea egin... Hori izan da helburua: Euskal Herriko zinemagintzan arrastoa itxi daben egileei berbea emotea.
2.- Zergaitik aukeratu dozuz zuzendari horreek?
Modu batera edo bestera, eurek egindako pelikulekaz edo euren estilo personal eta bereziagaz, Euskal Herriko zinemearen bidean zinegile garrantzitsuak diralako. Jakina, bada kanpoan geratu dan zuzendaririk, baina helburua ez zan danak batzea, ez eta zinemaren errepaso historiko bat egitea edo onenak aukeratzea, euskal zinemaz eta zinemaz oro har hainbat ikuspegi desbardin jasotea baino.
3.- Zer izan dozu aztergai?
Aukeratutako zinemagileei eurei emon deutset berbea, eta euren sorkuntzez berba egin dogu; zer gai jorratu dituen eta zelan, zein eragin euki daben pelikula horreek gizartean eta zein momentu historikotan estreinau diran Euskal Herriko zinemagintzan... Baina gai orokorragoez be egin dogu berba, eta gogoeta interesgarriak egin ditue. Adibidez, zuzendariaren begiradaz, hizkuntzaz eta bikoizketaz, zinemaren podereaz, industriaz eta negozioaz, sorkuntzaz, umoreaz, politikaz...
4.- Euskal zinemaren inguruan heldu zara ondorioren batera?
Euskal zinemaren ideala zelangoa izan beharko leuken euki neike buruan, baina zinegileekaz hitz eginez konturatu naz oro har sano pragmatikoak dirala: zinema egin egiten dabe, baina zein sailkapenen barruan dagoan lar pentsau barik. Hizkuntzaz, esaterako, nahikoa hitz egin dogu. 80 egunean filmak, adibidez, elebiduna izan behar eban hasieran... Orduan ez litxake euskal zinema izango? Zenbateraino baldintzatzen dau hizkuntzeak? Gai zehatzak jorratu behar ditu euskal zinemak? Ba dogu euskal zinemarik? Berbaurrean dinodan moduan, irakurleak ez dau erantzun bateratua topauko liburuan, eritxi ugari bai, ostera; norberak atara beharko ditu ondorioak.
5.- Gorabehera eta testuinguru politikoa asko azpimarratzen da alkarrizketetan?
Bai. Duda barik, testuinguru politikoak, zentsurak, presinoek, pelikulak eragindako erreakzinoek... eragin handia izan dabe hemengo zineman, ganerako sorkuntza lanetan lez. Uribe, Berasategi, Medem, Taberna, Larruquert eta Basterretxea, Ezeiza... Adibide asko dago, eta batzuetan harrigarriak dira.
6.- Zeintzuk izan dira orain arteko euskal zinemaren argiak eta ilunak?
Aurreko itaunean aitatu dodan moduan, testuinguru politikoa traba handia izan da sarri. Eta baikorrena, nire ustez, kalidade oneko euskal filmak ikusten gabilzala azkenaldian, nazinoartean sarituak eta publikoaren harrera ona dabenak. Bide horretatik jarraitu ezkero, etorkizun oparoa izan leike zinemak gurean.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!