Mikel Laboa, Martin Olazar zein Bilintx 'Bidegileak' bilduman
2011-04-06 15:54 Euskerea berbagaiMartin Olazar Uribe, Mikel Atxaga Fernandez, Jose Maria San Sebastian Latxaga, Mikel Laboa Manzisidor, Frantzisko Inazio Lardizabal Urretabizkaia, Jean-Pierre Duvoisin, Emile Larre, Maria Pilar Lasarte Zubitur, Indalezio Bizkarrondo Bilintx, Juan Frantzisko Petriarena Xenpelar, Pedro Mari Otaño Barriola eta Antonio Zavala Echeverria dira bidegile barriak.
Martin Olazar Uribe, Mikel Atxaga Fernandez, Jose Maria San Sebastian Latxaga, Mikel Laboa Manzisidor, Frantzisko Inazio Lardizabal Urretabizkaia, Jean-Pierre Duvoisin, Emile Larre, Maria Pilar Lasarte Zubitur, Indalezio Bizkarrondo Bilintx, Juan Frantzisko Petriarena Xenpelar, Pedro Mari Otaño Barriola eta Antonio Zavala Echeverria dira bidegile barriak.
Bidegileak bildumako 59, 60 eta 61 sortak osotu eta argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak. Sorta barri horreek aurkezteko ekitaldia egin eban atzo Donostian eta bertan 100 idazle eta eragilegaz alkartu ziran Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Blanca Urgell eta Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendi. Ekitaldian parte hartu eben Bego Muruaga Euskararen Sustapenerako zuzendariak edota bizirik dagozan bidegile nahiz liburuxken egileek be.
Bidegileak bildumako sorta barrietan euskerearen alorrean bidegile izan diran 12 euskal personaren bizitzaren eta lanaren inguruko informazinoa jasoten da. Bildumearen helburua euskalgintzan aitzindari izan diran gizon-emakumeak eta euren lana ezagutzera emotea da. Asmo horregaz atzo aurkeztutako sortak ondoko euskalari honeen ingurukoak dira: Martin Olazar Uribe, Mikel Atxaga Fernandez, Jose Maria San Sebastian Latxaga, Mikel Laboa Manzisidor, Frantzisko Inazio Lardizabal Urretabizkaia, Jean-Pierre Duvoisin, Emile Larre, Maria Pilar Lasarte Zubitur, Indalezio Bizkarrondo Bilintx, Juan Frantzisko Petriarena Xenpelar, Pedro Mari Otaño Barriola eta Antonio Zavala Echeverria. Horreetatik guztietatik Maria Pilar Lasarte eta Emile Larre bizirik dagoz. Emile Larrek ezin izan eban ekitaldian egon, baina Maria Pilar Lasarte bertan izan zan.
Papelean eta sarean
Bidegileak bildumearen bidez, euskalgintzan aitzindari izan diran personak eta taldeak ezagutzera emon nahi dira. Bilduman azaltzen diran lagun batzuk oso ospetsuak dira; beste batzuk, ostera, ezezagun gertatzen dira jentearentzat, baina guztiek euskerearen alde lan itzela egin dabe. Bildumearen helburua da euskerearen bidegile izandako persona horreen pentsakera, bizitza eta lana modu ulergarrian eta erakargarrian kaleratzea. Hori lortzeko, material grafiko ugari erabilteaz gan, testuen idazketea adituen esku ixten da. Hamabi liburuxka horreetako bakotxetik 2.300 ale inprimidu dira eta, papelean plazaratzeaz gan, www.euskara.euskadi.net helbidean be jarriko dira lehenago argitaratutako liburuxkakaz batera. Sorta barrien zabalkundea, ohikoa dan legez, salmenta lekuen bitartez egiteaz gan, ikastetxe, euskaltegi eta herri-liburutegietan be egingo da.
Euskerearen mendia egiten
Olatz Yarzak gidatutako ekitaldian, Auzmendik emon eutsen ondo-etorria Miramar Jauregira bertaratutako idazle eta eragileei: euskerearen alde lanean ibilitako gizon-emakumeak gogoratu eta omendu nahi doguz gaur hemen, azaldu eban, eta Bidegileak bildumearen garrantzia azpimarratu eban: euskerearen mendia egiten ari gara eta mendi hori osotzeko Bidegileak bildumea hondar ale garrantzitsua da, baina ez bakarra. Ildo beretik, aurrera begira be, euskerea sustatu eta normalizetako lanean jarraituko dabela azpimarratu eban.
Ekitaldiko azken hitzak, barriz, Blanca Urgell Kulturako sailburuarenak izan ziran. Zorionak emon eutsezan euskerearen bidea urratzen, egiten eta sakontzen ibili diran eta dabilzan guztiei: Bistan da, erabili eta landu egin behar dala euskerea; horrexek emoten deutsolako bizia hizkuntzeari, adierazo eban, eta aurrera begira be, era honetako proiektuak babesteko konpromisoa hartu eban: Badakigu hizkuntzea biziko bada, jaiotzazko nahiz jaio ondoko euskaldunen leialtasuna beharrezkoa dala. Konpromisoa hartua dogu belaunaldi barrietan euskerearen ezagupena eta erabilerea bermatzeko; baita euskerearen irudiari prestigioa emon eta euskerazko produktuak nahiz konsumoa indartzeko be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!