Never let me go
2011-04-05 15:40 Zinema kritikakInterpretazino batzuk bikainak izan arren, erritmoa falta jako, eta ez dau pertsonaiakazko enpatiarik sortarazoten. Ez dau emozionetan eta tarteka aspergarria egiten da. Zine aretotatik urten eta berehala ahaztuten dan pelikula horreetakoa da.
- Zuzendaria: Mark Romanek.
- Karteldegian: Nunca me abandones
- Interpreteak: Carey Mulligan, Andrew Garfield, Keira Knightley, Sally Hawkins, Charlotte Rampling, Domhnall Gleeson, Andrea Riseborough
- Herrialdea: Bretaina Handia, Estatu Batuak
- Iraupena: 105 min.
- Generoa: Zientzia Fikzinoa, dramea.
Retratos de una obsesión zuzendu ostean, Marek Romanek zuzendariak Kazuo Ishiguro idazle japoniarraren nobela ospetsu baten egokitzapen hau aurkezten deusku oraingoan. Hirurogeigarren hamarkadan girotua, oso istorio bitxia kontetan deusku. Izatez, hiru lagunen arteko amodiozko istorioa da, baina zientzia fikzinozko trama bategaz nahastauta dago.
Ikasle-barnetegi batean hasten da dana. Itxuraz, holako ikastetxe bateko bizitza normala azaltzen jaku: arauak, gelak, umeen arteko amodioak, lagunak eta tirabirak... Baina laster egia deskubriduko dogu: hor dagozan gaztetxuak organo-emoile izateko preparetan dagoz. Ez dira pasauko adin ertainetik, beren organoak gizarteari emongo baitiete nagusitzean. Gauzak holan dirala, euren mikromundua hesi barruan egotera mugatzen da. Klonak dira, ez dira gizakiak eta ez daukie ezelako eskubiderik.
Trama originala da, zer esanik ez. Kontua da ze ez dauela funtzionetan. Hasteko, ikusleak galdetzen deutso bere buruari behin eta barriro zelan gazte horreek hain erraz konformetan diran euren patuagaz. Zergaitik ez dabe iges egiten? Interpretazino batzuk bikainak izan arren, erritmoa falta jako eta ez dau pertsonaiakazko enpatiarik sortarazoten. Ez dau emozionetan eta tarteka aspergarria egiten da. Zine aretotatik urten eta berehala ahaztuten dan pelikula horreetakoa da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!