Manex Agirre bertsolari aramaioarrak irabazi dau Arabako txapela

Bizkaie! 2011-04-04 11:02   Bertsolaritzea

Manex Agirre bertsolari aramaioarrak irabazi dau Arabako txapela. Zapatuan, Gasteizeko Printzipal aretoan 800 lagunetik gora batu ziran bertsoaren inguruan. Iñaki Murua Bertsozale alkarteko lehendakariak eta Blanca Gomez de Segura artisauaren eskutik eskuratu eban txapela eta oroigarria Agirrek.

Manex Agirre bertsolari aramaioarrak irabazi dau Arabako txapela. Zapatuan, Gasteizeko Printzipal aretoan 800 lagunetik gora batu ziran bertsoaren inguruan. Idoia Beitia gaijartzailearen esanetara kantau eben Manex Agirrek (626 puntu), Asier Otamendik (610,5 p.), Oihane Pereak (413 p.), Ander Solozabalek (401,5 p.), Iñaki Viñasprek (392,5 p.) eta Zigor Enbeitak (390 p.).

Txapela handia dago jokoan, hasi gaitezan jolasten, iragarri eban Viñasprek hasierako agurrean. Saioa umoretsua eta arina izan zan. Ander Solozabalek, saio dotoreagaz estreinau eban Printzipaleko oholtzea.

Zortziko txikian hasi zan bertsolarien jarduna. Enbeita eta Solozabalek berotutakoa, Otamendi eta Agirreren ateraldiek lehertu eben. Idoia Beitiak informatika irakaslearen azalean ipini eban Agirre. Otamendi agertu jakon klasera, ordenagailua lehenengoz bizten ebilen 65 urteko jubilaua. Pizteko ez du ba egin, horrelako proba / Barka Asier hau ez da zure tostadora!, kantau eban lehenengo bertsoan Agirrek. Bigarrenean, Otamendik zazpi diotria dituala eta windowsak lainotuta eukala abestu eutson. Hirugarren bertsoa holan borobildu eban: Azkena zer egin dun behar dugu jakin / sagua hil nahi zuen matarratasakin. Otamendik ederto erantzun eutson ale bakotxari, eta sagua bizkor mobiduten dala eta, hurrengo eskolara zepo eta guzti agertuko zala ohartarazo eban.

Puntu erantzunetan Viñaspre defendidu zan ondoen. Hauteskundeak laster izango ditugu hasierako bertsoa holan
amaitu eban; Ta bozkatuko dudan enago seguru/ Nahiz bertan egotea den nire helburu/Hori Madrilen batek erabakiko du.

Hamarreko txikian osotutako ofizioek eragin zituan barre gehien zaleen artean. Finaleko bertso aldirik txalotuena Solozabalek Agirregaz egindakoa izan zan. Agirre, Solozabalen bikote bihurtu eban. Lan kontuak dirala eta, ordenagailua ohera eroan eban Agirrek. Solozabalek bikotea zirikatzeari ekin eutson: Bera gaueko errege, oheko barbaro /.../ sagua klikatzeaz nazkatuta nago. Agirrek Oihane Perea lez haurdun ez geratzeko holan erantzun eutson: Mesillako kajoia har zazu helburu /antibirusa jantzi beharra daukagu. Modu honetan amaitu eban ariketea Solozabalek: Hardwarea sartzen bada a ze komeria!/baina esan behar dut behingoaz egia/nahiz ta esan duzula pendraifa handia/zure portatilak du orain aberia/agudo bukatuko zaio bateria!.

Bakarkako lanetan be ale politak entzun ziran. Otamendiren erregulartasunak buruz burukoan sailkatzea ekarri eutson. Perea, Solozabal, Viñaspre eta Enbeitak lan txukuna egin eben, baina epaileen eritxiz Otamendi eta Agirre ibili ziran apur bat gorago. Pereari, zaharren egoitzara aititaren gauzen bila joatea egokitu jakon. Amona joan zen ta gero, Apurka itzali zara/Eta bizitzen jarraitzeko barruko indarra behar da!, jakinarazo eban.

Buruz burukoan bereganatu eban txapela Agirrek. Seiko motzean hiruna bertso bota zituan. Ondoren, kartzelako lana osotu behar izan eben, ispiluari begira burua desbardin ikusten eben pertsonaren buruan. Agirrek atara eutson maminik gehien lanari, jubilau baten papeletik. Hemen bigarren bertsoa: Gazte garaian ederra nintzen, Hortaz, egin nuen gala/Ta bost inporta edadearen pisua eta itzala/Jakin zazue bizi zikin hau mendi errusiar bat dala/Eta denborak ekartzen digu gora behera mundiala/Ispilu aurrean ipini eta ohartu naiz berehala/Gailurreraino iritsi eta maldan behera noala!.

Antolatzaileen esanetan, inoizko finalik jentetsuena izan da aurtengoa. Sarrerak agortu egin ziran, eta bertsozale bat edo beste kalean geratu zan.

Iñaki Murua Bertsozale alkarteko lehendakariak eta Blanca Gomez de Segura artisauaren eskutik eskuratu eban txapela eta oroigarria Agirrek. Txapela, familiari eta kartzelan 30 urte preso daroazan Jon Agirre preso aramaioarrari eskaini eutson.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu