María Jesús Díez: 'Uste dot ikasi dogula animazinoa ez dala umeen kontua bakarrik'
2011-04-01 13:55 BarriketanAbian da zazpigarren urtez AnimaBasauri-AnimaBasque Nazioarteko Animazio Zinemaldia. Danetara, 35 herrialdetako 126 lan ikusteko aukerea izango da hilaren 7ra bitartean, bai Basaurin bertan, bai Bilbon eta Leioako Campusean be. Egitarau bete-betea atondu dabe; izan be, film labur zein luzeak ikusteko aukerea izateaz gan, erakusketak eta berbaldiak be antolatu ditue egunotan. Gaur egun mundu osoan animazinoaren arloan egiten dana ezagutzeko eskaintza parebakoa da Basauriko jaialdia. María Jesús Díez zinemaldiko zuzendariak hainbat zehetasun emon deuskuz.
1.- Aurton zazpi urte beteko ditu AnimaBasauri-AnimaBasque Nazioarteko Animazio Zinemaldiak. Animazinoaren mundua asko aldatu da urteotan?
Gaur egun animazinoa gauza nahiko normala da; jenteak badaki zer dan, eta askok badakie ordenagailuan lantxuak egiten. Hasi ginanean, animazinoa mundu berezia zan. Gaur egunean publizidadean erabilten da, bideojokoetan, bideoklipetan, eskuko telefonoetan... Makina bat lekutan topetan dogu. Teknologiak be nabarmen egin dau aurrera, eta hori be igarten dogu. Edonork, bueno, ia edonork, sortu leikez animazinozko istorio txikiak ordenagailuan. Animazinoa, berez, teknikea da, modu bat, eta baliabide horregaz gura dozuna kontau zeinke, edozein gai, edozein istorio. Aukera zabala dago, ganera: 3D, Stop motion, eta abar. Eta gero eta teknika gehiago eta erabilteko errazagoak sortzen dabilz.
2.- Luzaroan animazinoa umeekaz lotu izan dogu, oraindino bardin jarraitzen dogu, ala ikasi dogu edozein adinetarako izan leikela?
Uste dot ikasi dogula animazinoa ez dala umeen kontua bakarrik, baina ez da erraza izan. AnimaBasaurin umeentzako eta helduentzako lanak egongo dira ikusgai. Orain dala zazpi urte, hasi barri ginala, ia alkarrizketa guztietan azaldu behar genduan animazinoa ez dala umeen gauza, edo behintzat, ez umeena bakarrik. Jenteak ulertu dauela uste dot. Urteetako lana izan da, baina lortu dogula pentsetan dot.
3.- AnimaBasauri-AnimaBasque Euskal Herriko animazinozko jaialdi bakarra da, ezta?
Bai, animazino hutsezko bakarra da. Estadu espainiarra hartu ezkero be, Basauriko festibala garrantzitsuenen artean dago. Atzerriko lanak ekarten ahalegintzen gara urtero; beste jaialdi batzuk baino kanpoko film gehiago eskaintzen doguz. Gure berezitasuna da.
4.- Zeintzuk dira zinemaldiaren helburu nagusiak?
Euskal Herrian egiten diran lanak, eta kanpotik datozenak erakustea da gure helburu nagusia. Animazinozko danetariko beharrak ikusteko gunea izan gura dogu; danetariko teknikak eta danetariko publikoarentzat, ume zein heldu. Luzemetraien eta film laburren lehiaketaz gan, hainbat erakusketa antolatzen doguz. Animazino Eskolak izeneko atalean, esaterako, Europako hainbat lekutatik etorritako lanak erakutsiko doguz. Ikasleek egindako filmak dira, lan berezi eta ausartak. Aurten, lehenengoz, Leioako Arte Eder Fakultateko ikasleen lanak ikusteko aukerea egongo da: metraje laburreko 36 film izango dira, 2009-2010. ikasturtean egindakoak.
5.- Edizino honetan zazpi luzemetraia eta 117 film labur lehiatuko dira. Zein erispidegaz aukeratzen dozuez lanak?
Nazionoarteko jaialdia danez, ahalegin berezia egiten dogu ahal dan eta herrialde gehienetako lanak eukiteko. Baina, lanen teknikea be garrantzitsua da; proposamen barritzaileak gustetan jakuz, gauza barriak. Beste batzuetan, teknikea ez da hain ona-edo, baina lanek badaukiez beste ezaugarri interesgarri batzuk. Erispide asko daukaguz. Edozelan be, sekula ez daukagu danak sartzeko lekurik; zinemaldia astebetekoa da, baina beti geratzen jaku bateren bat kanpoan.
6.- Lehiaketan Euskal Herriko behar gitxi dagoz, sei film labur besterik ez. Zergaitik hain gitxi?
Lehiaketan parte hartzen daben lanak estadu espainiarrean estreinau bakoak izan behar dira. Horregaitik, askotan gatxa izaten da bertako lanak sartzea. Banatzaile eta produktoreei ez jake gustetan filmak jaialdietan erakustea estreinau orduko. Halanda be, ahalegin handia egiten dogu Euskal Herriko lanak batzeko, lehiaketan ez bada, erakusketetan. Euskal presentzia egotea oso garrantzitsua da guretzako. Badakigu zuzendarientzako aukera ederra dala filmak AnimaBasaurin egotea; holan errazagoa da banatzaileekana edo produktoreekana joatea. Beste zuzendari batzuk-eta ezagutzeko aukera polita izaten da, ganera.
7.- Italia da aurtengo herrialde konbidaua, zer dala eta?
Urtero izaten dogu herrialde konbidau bat, eta zazpigarren edizino honetan Italia izango da. Frantzia, Alemania edo Britainia Handia konbidau doguz aurreko urteetan. Gure asmoa Italiako animazinogintzearen barri emotea da: zer egin dan, zer egiten dabilzan, bertako ezaugarri nagusiak, lanik aitagarrienak... Bruno Bozzetoren Allegro non troppo lanagaz hasiko gara. Film ezaguna da, 1976koa. Kritika soziala da nagusi istorioan; entzute handikoa izan zan. Horrezaz gan, Opopomoth eta Historia de una gaviota eskainiko dira, besteak beste. Animazinoak Italian egin dauen bidea ikusteko atxaki polita da.
8.- Atzerabegirako bi be atondu dozuez, bata Tim Burtonen ganekoa, eta bestea, Pablo Llorensena.
Tim Burton zuzendari ezaguna da; begirada berezia dauka, bere istorioetako protagonistak baztertutako personak dira. Burtonen umorea, ganera, nahiko baltza izaten da. Zinemagile berezia da. Lan ezagunak eta ez hain ezagunak erakutsiko doguz AnimaBasaurin: Corpse Bride, Alice in Wonderland edo James and the Giant Peach. Pelikulez gan,
Guggenheim Museoan Alice in Wonderlandeko irudien erakusketea egongo da eta Grangel Studiok berbaldia emongo dau Corpse Bride lanaren dekorauez eta filmazinoaz.
Pablo Llorens espainiar animatzaile ezaguna da. Plastilineagaz lan egiten espezializauta dago. Hamaika sari jaso ditu bai etxean bai nazinoartean, eta munduko zinemaldi garrantzitsuenetan egon dira ikusgai haren lanak. Juego de niños eta Un poco de historia lanak erakutsiko doguz, besteak beste. Llorensen ibilbidea hurretik ikusteko aukera ederra izango da.
9.- Arthur eta munduen gerra filmak inaugurauko dau VII. AnimaBasauri-AnimaBasque. Zergatik aukeratu dozue?
Lorpen handia izan da guretzako lan hori Basaurira ekartea. Oraindino estreinau barik dago, maiatzera arte ez da aretoetara helduko. Luc Besson zinegile ezaguna da zuzendaria. Guretzako oso garrantzitsua izan da estreinaldia baino lehen lortzea.
10.- Arthur eta munduen gerra euskeraz bikoiztuta dago. Gaur egun be gatxa da euskerazko bikoizketak egitea?
Bikoizketak egitea gatxa da. Ez da erraza bikoiztutako lanak errentagarriak izatea; merkatua mugatua da, eta gatxa da ikusleen kopurua ugaltzea. Esfortzu handia da bikoizketak egitea; halanda be, esfortzu hori egin egin behar dala pentsetan dot. Sano inportantea da filmak gure hizkuntzan, euskeraz, egotea. Eta garrantzitsua da bere bai lan onak izatea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!