Kontseiluak udalen hizkuntza-politiken neurketea jasoten dauen webgune barria aurkeztu dau

Bizkaie! 2011-04-01 10:50

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren www.udalenhizkuntzapolitika.org webgunea udaletako hizkuntza-politiketan interesa dauen edozeinentzat baliogarria izango da.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak bigarren aldiz neurtu ditu udaletako hizkuntza-politikak. 2006an egin zan lehenengo neurketea eta ziklo politiko osoa igaro ondoren egin dau bigarrena, 2010ean. Zezeilaren erdialdean egin eban Kontseiluak bigarren neurketearen aurkezpena Donostiako Aquariumean. Orain, barriz, www.udalenhizkuntzapolitika.org webgunea sareratu dau.

2006an egindako lehenengo neurketan, datu guztiak liburu batean batu baziran be, oraingoan informazino guztia euskarri informatikoan eta sarean eskainiko dau Kontseiluak. Webgune honetan, hainbat informazino topetako aukerea izango dau erabiltzaileak, besteak beste, Kontseiluak egin dauen irakurketa osoa, txosten formatuan, udaletan emoten diran aurrerapausu eta atzerapausuak (bi atal honeek parte-hartzaileak izateko helburua dabe); horrezaz gan, edozein herritarrek bere herriko egoerearen inguruko informazinoa emon nahi baldin badau, bertan argitaratzea eskatu leike.

Kontseiluak sortutako hainbat lan be jasoten da bertan, berbarako, ordenantza eta delibero eredugarriak, hizkuntza-politika barri eraginkorrerako proposamena. Bestetik, gai honi lotutako albisteak jasoten dituan atala be badago eta baita multimedia artxiboetarako lekua be.

Erabiltzaileak egindako bi neurketen ranking-ak be ikusi ahal izango ditu bertan. Eta kontsulta xeheak egiteko aukerea be badago. Horretarako, izena emotea beharrezkoa izango da. Kontsulta xeheak, hainbat aldagai kontuan hartuta egin ahal izango dira, aitatu bi neurketetako datuakaz. Bestalde, 66 herrik orrialde propioak ditue, ranking atalean. 2010ean, 114 herrietako hizkuntza-politikak aztertu badira be, 2006an 66 herri izan ziran, horregaitik, alderaketak 66 horreek aintzat hartuz egin dira.

Kontuak kontu, martxan dagoan tresna barria udaletako hizkuntza-politiketan interesa dauen edozeinentzat baliogarria izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu