Zientziara hurreratzeko aukerea izango dabe gazteek Elhuyarren Zientzia Udalekuetan

Bizkaie! 2011-03-31 11:27

Bigarren urtez, gazteek Zientzia Udalekuez gozetako aukerea eukiko dabe. Zientzia Udalekuak ekimena Elhuyar Fundazioak antolatzen dau, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak lagunduta.

Bigarren urtez, gazteek Zientzia Udalekuez gozetako aukerea eukiko dabe. Zientzia Udalekuak ekimena Elhuyar Fundazioak antolatzen dau, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak lagunduta. Udalekuon helburua da gazteek ondo pasetea eta zientziaren ganeko jakin-mina eragitea.

Ekimenaren aurkezpena BTEK Teknologiaren Interpretazino Zentroan egin dabe, eta bertan Isabel Celaá, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua eta Itziar Nogeras, Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusia izan dira.

Zientzia-udalekuetan, gazteek zientzia-ekintzak eta tailerrak buztartuko ditue. Astebeteko hiru txandatan banatuko dira 150 gazteak, eta, txanda bakotxean, 50 gaztek parte hartuko dabe. Lehenengo bi txandetan, 12 eta 14 urte bitarteko gazteek jardungo dabe (1998 eta 1999 bitartean jaiotakoek), eta, hirugarren txandan, 14 eta 16 urte bitartekoek (1996 eta 1997 bitartean jaiotakoek).

Zientzia Udalekuak Oiartzungo Aiako Harriko Parke Naturalean dagoan Arritxulo aterpetxean egingo dira. Aterpetxeak Aiako Harria dau iparralderantz, eta Bianditzeko basoak, hegoalderantz; lau gela, jangela, eskalada-instalazinoak, ikus-entzunezkoetarako batzar-gelea eta akanpalekuak be baditu.

Astebeteko egonaldi honetan, urteera bi egingo ditue gazteek, zientzia-esperimentuak eginez ikasteko, naturea ezagutzeko ekintzakaz gozetako, uragaz jolasteko eta beste abentura batzuk biziteko.

Isabel Celaák prentsaurrekoan azpimarratu dauenez, ingurumen-, medikuntza- edo ekonomia-arloko gaiak ulertu ahal izateko alfabetatze zientifiko egokia emon behar dau eskoleak. Ganera adierazo dau gazteen artean zientzia-gaien inguruko bokazinoa bultzatzea dala Hezkuntza Sailaren helburuetako bat.

Itziar Nogerasek, Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusiak agente desbardinen arteko alkarlanaren garrantzia azpimarratu dau, eta alkarlan horren adierazle garbia dira Zientzia Udalekuak. Ganera, Zientzia Udalekuak Elhuyarren ildo estrategikoagaz bat datorren proiektua dala adierazo dau: Elhuyar Fundazioaren helburu nagusiak dira euskal gizarteari, orokorrean, eta ume eta gazteei, bereziki, zientzia eta teknologia hurreratzea eta gai horren inguruko jakin-mina sortzea.

Zientzia Udalekuetan izena emoteko epea apirilaren 4tik 15era izango da. Udalekuak garagarrilean egingo dira.

Izena emoteko: http://udalekuak.elhuyar.org

Informazino gehiago: 943 36 30 40 (ordutegia: 9:00-14:00) edo http://udalekuak.elhuyar.org

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu