‘Lagune, igerri esakune!’ lelopean, Herrien arteko VI. Berba Probak Mungian

Bizkaie! 2011-03-30 12:45   Bertsolaritzea

Herritarren ekimenari esker eta Txokolo kultur alkarteak bultzatuta, maiatzaren 7an Herrien arteko VI. Berba Probak egingo dira Mungian. Goizeko 10:30ean hasita, Mungiako eta inguruetako esakuneak eta bertsoak batzen dituan txapelketearen seigarren edizinoa da aurtengoa.

Herritarren ekimenari esker eta Txokolo kultur alkarteak bultzatuta, maiatzaren 7an Herrien arteko VI. Berba Probak egingo dira Mungian. Goizeko 10:30ean hasita, Mungiako eta inguruetako esakuneak eta bertsoak batzen dituan txapelketearen seigarren edizinoa da aurtengoa.

Ekimenaren helburuak, besteak beste, honako honeek dira: bertoko euskerea lantzea eta bultzatzea; esakuneak erabilteko eta bertsoetarako zaletasuna biztutea, herrien arteko lehia ona eta jatorra sortzea jai giroan jente euskaltzalearen artean; eta, euskal kulturearen aldeko herritar, erakunde eta alkarteak batzea alkarlanean. Orain artean honeek izan ditue laguntzaile: Taket bertsolari alkartea, Ahaire kultur alkartea, Zenbat Gara Kultura Alkartea, herriko zenbait merkatari, Jai Alai Tabernea, Artza Kirol moda dendea eta Mungiako Udala.


Prozedurea

Mungialdeko herriei zuzenduta egon arren, beste edonongo jentea animau ezkero, pozik hartuko ditue eta giro ederrik ez jako faltako.

Herri bakotxetik gura dan beste taldek emon leikie izena. Taldeak hiru lagunekoak dira. Lagun horreek ibilbide bat egiten dabe bertsolariakaz batera herrian zehar tabernarik taberna (igaz 14 talde egon ziran eta herri batzuetatik talde batek baino gehiagok emon eban izena -Jatabe, Mungia, Laukiz, Arrieta, Urduliz, Leioa eta Fruiz-. Horregaitik, ibilbide bi antolatu ziran herrian; batean 7 talde eta bestean beste 7).

Goizeko 10:30ean batuko gara danok Mungiako Foruen plazan eta bertan egingo dogu taldeen zozketea ibilbide desbardinetarako. Talde bakotxak bere ibilbideari ekingo deutso, parte-hartzaileak, lagunak, epaileak; eta trikitilari eta pandero-joleak bidea alaitzeko.

Taberna bakotxean bertsolariek bertso bana botako deutse talde guztiei eta taldeetako lagunek igarri egin beharko dabe bertso horri ondo joakon esaera zaharra, aldez aurretik emondako esakuneen zerrendea gogoratuz (zerrenda hori ezin da aldean eroan txapelketea dan artean).

Taldeko bozeroaileak esakunea papelean agertzen dan modu-moduan esan behar dau; bestela, ez dau punturik lortuko. Asmau ezean edota aldatuta esan ezkero, errebotea eukiko dau beste talde batek. Horren arabera emongo ditue puntuak zeregin horretarako beren beregi aukeratutako epaileek.

Bazkalaurrean puntuen batuketea egingo da eta ibilbideetako talde irabazleak zeintzuk diran esango da.


Bazkaria eta bazkalostea

Leku desbardinetan antolatu dabe bazkaria: lehenengo urtean Matxin txokoak eskaini eutsen bazkaltzeko lekua taldeei, baina hurrengoetan jente askok emon eban izena eta txokoa txiker lotu jakela dinoe antolatzaileek. Handik aurrera Mungiako Udalak itxi deutsen lekuan (Bentades galeria, Andra Mari…) antolatu dabe bazkaria joan gura daben guztientzat. Aurten herriko txokorik zaharrenetariko baten 15 euroan bazkaltzeko aukerea eukiko dau gura dauenak (baina aldez aurretik hartu behar dira tiketak Mungiako Jai Alai tabernan). Bazkaritan dagozan bitartean zozketa bat egingo da: Zenbat Gara Kultur Alkarteak lagun birentzat erregalauko ditu afari bana Kafe Antzokian eta aukeratzen daben kontzerturako sarrerak.

Arratsaldean finala antolatuko da: proba fisikoak eta berbazkoak (esakuneak edota bertsoak osotu; zaku lasterketea…) eta txapel jaurtiketa lehiaketea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu