Getxoko 53 kultur alkartek sinatuko dabe 'Gehitu Kultura', euskerearen erabilerea sustatzeko egitasmoa
2011-03-25 11:38 Euskerea berbagaiOrain kultur alkarteen txandea izango da eta helburuak honako honeek dira: kultur jardueretan euskerearen erabilereari aukerak zabaltzea (euskerea dakitenek erabil deien; ikasten dabilzanek praktiketako aukerak izan deiezan eta ez dakitenen artean interesa sustatzeko) eta ume eta gazteei begira antolatzen diran kultura jarduerak euskeraz egitea bultzatzea.
Getxoko 53 alkarteek Gegitu Kultura, kultur alkarteetan euskerearen erabilerea susthtzeko egitasmoa sinatuko dabe gaur, hilak 25, Fadurako Kiroldegiko batzar aretoan arratsaldeko 19:00etan hasiko dan ekitaldian. Ekimena Getxoko Udalak aurrera daroan prozesu luze batean kokatzen da, izan be, 2003an Getxoko gizartean euskerearen presentzia sustatzeko mueta honetako hitzarmenak sinatzen hasi zan, guztiak GEHI, Getxo Euskalduntzeko Hitzarmenaren barruan. Horreen artean Aisialdia hitzarmena 23 alkartek sinatu dabe; Gehitu Kirola hitzarmena 33 kirol alkartek; Gehi Euskara Merkataritza programeagaz 1.000 saltokik baino gehiagok kolaboretan dabe; Ikasgehi programan ikastetxe eta haurtzaindegi gehienak sartuta dagoz eta 29 akademiek eta 8 eleizek sinatuta dabe GEHI hitzarmena.
Orain kultur alkarteen txandea izango da eta helburuak honako honeek dira: kultur jardueretan euskerearen erabilereari aukerak zabaltzea (euskerea dakitenek erabil deien; ikasten dabilzanek praktiketako aukerak izan deiezan eta ez dakitenen artean interesa sustatzeko) eta ume eta gazteei begira antolatzen diran kultura jarduerak euskeraz egitea bultzatzea. Esangura horretan, entidadeek euskerearen erabilerea bultzatzeko hartzen daben konpromisoa bete ahal izateko Udalak laguntzak eta zerbitzuak eskainiko ditu. Oso garrantzitsua eta pozgarria da, behin eta barriro esan dogulako euskerearen erabilerea sustatzea dogula helburuen artean, herrian masa kritiko nahiko dagoalako, herritarron % 29 euskalduna baikara eta % 27,4 ia euskalduna. Masa kritikoaren artean euskerearen erabilerea bultzatzeko helburuagaz, alkarteakaz eta eragile sozialakaz alkarlana bultzatzen dogu beti, adierazo dau Imanol Landak, Getxoko Alkateak. Esangura horretan, nik uste dot geldiro-geldiro esparru estrategikoetan euskerearen alde lan egiteko eragile sozialakaz alkarlana sustatzea lortzen gagozala eta orain beste aurrerapausu inportante bat emongo dogu kultur esparruan sartuko garelako. 53 alkartek sinatzea oso adierazgarria da eta kopuru horrek mahai-gainean jarten dau gure herrian euskerearen aldeko politiketan jasoten dogun erantzun positiboa, gehitu dau Alkateak.
Alkarteek gaur sinatutako dituen hitzarmenetan beren jardueretan euskerea erabilteko konpromiso mueta bat hartuko dabe, bakotxa beren neurritara egokituta. 25 alkartek A konpromisoagaz egingo dabe bat, hau da, euskera eta gaztelaniaren erabilerea parekoa izatea idatzizko zein ahozko elementuetan; 12k B hitzarmena sinatuko dabe, hau da, A hitzarmenak jasoten dituenez gan, ume eta gazteei zuzenduta antolatzen diran jarduerak, ahal dala, euskeraz izatea eta begiraleak euskaldunak izatea eta azkenik, 16 alkartek C hitzarmena, ahoz eta idatziz, alkartea, gehienbat, euskeraz jardutea, azaldu dau Koldo Iturbek, Euskera Zinegotziak. Hitzarmenak izenpetzearen ondoren, Udalak ezinbesteko jarraipen eta dinamizazino lana egingo dau Bizarra Lepoan alkartearen bidez, hori izango baita alkarteen lana bideratuko eta lagunduko dauena eta hemendik aurrera Gehitu Kultura egitasmoa zabalik egongo da, batu nahi dauen edozein alkarterentzat.
Hitzarmenaren bidez Udalak alkarteei hainbat laguntza eta zerbitzu (ikasteko diru laguntzinoak, itzulpen zerbitzua, aholkularitzea….) eskainiko deutsez. Euskera Zinegotziaren hitzetan, oso garrantzitsua da alkarteen sinatzea modu batez bultzatzen gaitualako guztiok euskerearen erabilerea sustatzera. Eredu izan behar gara, bai Administrazinoa bai alkarteak be, gero herritarrei eskatzeko euskerearen alde egiteko.
Gehitu Kultura hitzarmenaren barri emoteko liburuxka baten 30.000 ale bialduko ditu Udalak getxotarren etxeetara hurrengo egunotan eta sinatze ekitaldian alkarteei erregalu bana emongo deutse.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!