Koldo Mitxelenaren lan guztiak bilduma batean batu ditue

Bizkaie! 2011-03-24 10:16   Euskerea berbagai

Joseba Lakarra eta Iñigo Ruiz Arzallus UPV/EHUko irakasleek zortzi urte emon ditue Koldo Mitxelenaren idazlan guztiak batzen eta euren edizinoa atontzen. Hamabost liburukitan jaso dabe euskal filologoaren lan osoa.

Joseba Lakarra eta Iñigo Ruiz Arzallus UPV/EHUko irakasleek zortzi urte emon ditue Koldo Mitxelenaren idazlan guztiak batzen eta euren edizinoa atontzen. Hamabost liburukitan jaso dabe euskal filologoaren lan osoa. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen ekimenez plazaratu da bildumea, eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzinoa euki dau.

UPV/EHUko erretore Iñaki Goirizelaia, Blanca Urgell Kultura sailburua, Gipuzkoako diputadu nagusi Markel Olano eta Joseba Lakarra irakasleak aurkeztu eben argitalpena Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza nagusian. Urgellek esan ebanez, Mitxelenak gauzarik garrantzitsuenak be modu arin eta erakargarrian kontetako ahalmena eukan. Goirizelaiak, barriz, unibersidadean euki eban garrantzia azpimarratu eban; EHUren sustatzaile nagusia eta eragile nagusienetakoa izan zan, bere esanetan.

Mitxelenaren Lan guztiak 7.000 orrialde ditu. Egileak argiratutako idatzi guzti-guztiak batu dira, bai bere izenagaz bai goitizenagaz sinatutakoak be. Testurik gehienak euskerazkoak eta gaztelaniazkoak dira, baina badagoz batzuk frantsesez, ingelesez eta alemanez be.

Filologo gipuzkoarrak makina bat gai jorratu zituan; holan, hainbat arlo agiri dira liburukietan: hizkuntzalaritza historikoa, euskalaritzatik kanpoko hizkuntzalaritzea, hizkuntzalaritza paleohispanikoa, hizkuntzearen batasun prozesua, euskal testuiei buruzko lanak, euskerearen alderdi sinkronikoa eta diakronikoa (fonetikea, morfologia, dialektologia, lexikografia, etimologia...), eta abar.

Liburuki bakotxaren amaieran aurkibide zabala ipini dabe Lakarrak eta Arzallusek, bildumea erabilgarriagoa izan daiten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu