Black Swan

Karolina Almagia 2011-03-21 11:01   Zinema kritikak

Ez nator bat maisu-lana dala esaten daben horreekaz guztiakaz, ez deust holako sentsazinorik eragin, filmak nahikoa hotz itxi nau. Esan nahi dot metraje guztian ezin izan dodala ahaztu film bat ikusten nagoala eta hori da oso sinisgarria egin ez jatalako.

- Jatorrizko izenburua: Black Swan.
- Zuzendaria: Darren Aronofsky.
- Herrialdea: Estadu Batuak.
- Aktoreak: Mila Kunis, Natalie Portman, Christopher Gartin, Winona Ryder, Sebastian Stan, Vincent Cassel, Barbara Hershey, Janet Montgomery, Toby Hemingway eta Kristina Anapau.
- Gidoia: Mark Heyman, Andres Heinz.
- Iraupena: 103 min.
- Generoa: drama.
- Produkzinoa: Phoenix Pictures, Protozoa Pictures, Cross Creek Pictures.

Labur esateko: bere karreran frustauta dagoan ama batek alabeari egozten deutso haren porrota. Alabea, nortasun apalekoa, sexualidade bakoa, bere karrereagaz obsesionauta dago, gaixotu arte. Horrezaz gan, ballet konpainia batean emoten diran norgehiagokak eta zangotrabak, zeloak eta bidebakokeriak.

Aitatu osogai horreekaz egin dau Darren Aranofsky-k hainbeste jente liluratu dauen Black Swan filma. Edozelan be, ez nago ni horreen artean. Ez nator bat maisu-lana dala esaten daben horreekaz guztiakaz, ez deust holako sentsazinorik eragin, filmak nahikoa hotz itxi nau. Esan nahi dot metraje guztian ezin izan dodala ahaztu film bat ikusten nagoala eta hori da oso sinisgarria egin ez jatalako. Eta ez kontetan dauena ezin dala jazo sinisten ez dodalako, kontetako moduan zeozerk huts egiten dauelako baino. Eszena batzuk agirikoegiak diralako beharbada?

Deja vu, hori da sentitu dodana film hau ikustean. Nahiz eta bisualki momentu oso onak izan, nahiz eta Natalie Portmanen interpretazinoa bikaina izan, nahiz eta errealizazinoa zuzena izan... Aurreikusteko modukoa da istorioa. Topikoz betea. Eta amaiera epiko horrek are sinisgarritasun gehiago kentzen deutso.

Baina bost izendapen eta Emakumezko Aktore Onenari Oscar bakarra irabazita, Oscarrak irabazteko eginda egoan pelikula hau eta ibilbide komertzial oparoa izango dau, segurutik. Meritoak baditu horretarako.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu