Egoitz Rodriguez: 'Bonbek birrindutakotik zeozer barria eregi gura dogu’
2011-03-18 11:29 BarriketanDanok daukagu Gernikako bonbardaketearen barri, Otxandiokoa, Durangokoa edo Bilbokoa be ezagunak dira askorentzat. Baina, Bizkaian hogeita hamar herri baino gehiago bonbardeau zituen hegazkinek: Elorrio, Galdakao, Sestao, Zornotza, Plentzia, Mungia, Getxo, Zeanuri, Markina... Horren guztiorren barri jasoteko asmoa dauka Bizkaiko Foru Aldundiaren Gernika Bizkaia, 1937-2012. 75 urte gogoan ekimenak. Gernikako bonbardaketearen 75. urteurrena izango da datorren urtean. Orduan gertatutakoa gogoratzea eta belaunaldien arteko transmisinoa bultzatzea da ekimenaren helburua; baina, datuak ez dira izango protagonista, lekukoak izango dira nagusi, euren bizipenak, euren emozinoak, euren itxaropen eta amesak. Horreekaz danakaz belaunaldien arteko collage bat osotuko dabe, Itesak produzidutako formatu bereziko dokumental baten bidez.
Egoitz Rodriguez Olea galdakoztarra da proiektuaren zuzendaria. Ikus-entzunezkoen alorrean hainbat egitasmotan (Betizu eta urrezko zintzarria animazinoko pelikulan zuzendari eta gidoilari izan zan) parte hartu badau be, oraingo hau berarentzat erronka handia dala autortu dau.
1.- Zein izan da Gernika Bizkaia, 1937-2012. 75 urte gogoan ekimenaren abiapuntua?
Gernikako bonbardaketea, Otxandiokoa, Durangokoa, eta akaso Bilbokoa dira ezagunenak, baina beste hainbat egon ziran, hogeita hamarretik gora. Horrek guztiorrek proiektu baten buztartu gura genduzan, eta asmo horregaz Bizkaiko Foru Aldundira joan ginan. Diputazinoak ekimena bere egin eban, proiektua borobildu, eta momentu horretatik aurrera ekinbidea eurena izan da.
2.- Eta zelan ekin zeuntsien proiektuari?
Alkarlanean ekin deutsagu beharrari. Foru Aldundiak Bizkaia osoko errealidadea batzea gura eban, eta ez bakarrik danok ezagutzen doguzan Gernika, Otxandio edo Durangokoa. Gauza zabalago bat egin behar gendun. Proiektuaren helburua gertatutakoa ezagutzera emotea zanez, pentsau gendun parte-hartzea bultzatzen dauen dokumental moduko bat egitea. Dokumentala esaten badeutsat be, izan ez da dokumentala, ez behintzat ohikoa. Formatu barri bat da, zeozelan esateko. Dokumental klasikoetan lekukotzak dagoz, artxiboko irudiak, kazetaritzearen bidea jarraitzen da, eta azaltzen dira zenbat hildako egon ziran, zenbat frente, zenbat lubaki, eta abar. Baina, guri datuak baino, sasoi haretan jenteak bizi izan ebana jasotea ardura jaku, zeintzuk izan ziran euren sentimenduak, euren emozinoak, eta holan ezagupena zabaldu eta jakin-mina biztu gura dogu.
3.- Orduan, personak eurak dira dokumentaleko protagonista?
Hasiko bagina herriz herri bonbardaketak aztertzen, zenbat bonba, zenbat hildako… akaso informazino larregi batuko geunke, eta proiektua lar orokorra izango litxake. Gernikaz aparte, beste herri txiki askotan gauza bera pasau zala erakutsi gura dogu. Bizkaia osoa bonbardeau eben. Jentea interesetan jaku, euren bizipenak, euren gomutak. Bizkaiaren historia ezagutzera emotea da gure asmoa, eta oroimen historikora alkarregaz hurreratzea. Bonbek birrindutakotik zeozer barria eregi gura dogu.
4.- Lan zabala da, zelan preparau dozue hau guztiau?
Guk, lehenengo, halango egitura narratibo antzeko bat sortu dogu gertatu zana, ganetik bada be, azaltzeko. Eta hortik abiatuta sentimenduak eta emozinoak gehitzen joan gara; zer egiten eben hegazkinak entzutean, bonbak jausten ziranean zer sentiduten eben… Azken batean, zelan bizi zituen momentu horreek. Bonbardaketetan egon ziranek egoera hareek gaur egunetik zelan bizi dituen jakin gura dogu, edo behintzat gogoeta hori proponidu, etorkizunari begira batez be. Belaunaldiak batzea da gure helburua; lekukoak eta hirugarren edo laugarren belaunaldikoak. Belaunaldien arteko transmisinoa lortu gura dogu; lekukoen sentimenduek gazteakan zer eragiten daben ikusi, eta hortik diskurso barria eregi, erakargarriagoa bihurtu, gazteen interesguneetatik hurrago.
5.- Gazte dinozu, zenbat urteko gazteak dira?
Ba, hirugarren edo laugarren belaunaldikoak. Batzuk 30 urte inguru daukiez, eta beste batzuk umeak dira oraindino. Honeek ume honeek sano garrantzitsuak dira guretzako, orain lekuko diranek antzeko adina eukelako bonbardaketen sasoian, 1936-37an. Holango proiektu baten balioen transmisinoa oso garrantzitsua da. Hau da azkenengo momentua, lekukotza zuzenak laster galduko dira eta.
6.- Zelan heldu zarie horrekana gazteakana?
Ba, egia esan danetarik egin dogu. Oroimen historikoaren inguruan behar egiten daben taldeak dagozan herrietan eurekana jo dogu zuzen-zuzenean. Taldeok ezagutza handia daukie, proiektu asko egin ditue horren ganean, baina batzutan gatxa da eurentzako diskurso barriak sortzea kreatibidadearen bidetik. Ez dakie zelan egin, elementuak falta jakez. Sarritan pasau jaku oroimen historikoko kide bat, jantza taldeko beste kide bategaz batzea, eta gero antzerki edo musika munduko beste bat gehitzea, eta danak alkarregaz proiektua preparetea. Ekarpen politak egin ditue. Produktora bat garen aldetik, guretzako erraza da lekukotzak topetea, edo artxiboko irudiak lortzea; gatxena lantaldeak egitea da, eta proposamen barriak sortzea.
7.- Zeintzuk dira proiektuaren elementu nagusiak? Zein da dokumentalaren egiturea?
Gernika Bizkaia, 1937-2012 ekimenak hiru osogai nagusi ditu: lekukotzak, suak deitzen doguzanak eta herrietako taldeen piezak. Alde batetik, lekukotza zuzenak batuko doguz. Hainbat herritan ibiliko gara horretan. Beste alde batetik, suak egingo doguz. Su horren inguruan belaunaldi desbardinetako jentea batuko da, nagusi eta gazte. Lekukoek euren kontakizunen bitartez belaunaldi gazteei ezagutza pasauko deutsee; historiaren zati hori alkarbanatuko dabe, azken batean. Eskualdeka egingo dogu, bost-sei su. Hirugarren elementua pieza deitu doguzan proiektuak dira. Bonbardeautako herri bakotxeko alkarte edo jenteak mueta desbardinetako piezak egingo ditue, diskursoa barrizteko eta erakargarriagoa egiteko helburuagaz. Ikusten danez, danetariko osogaiak eukiko ditu dokumentalak; formatu barria izango da. Herrietan sortzen diran proposamenen arabera, kamara digital batzuk emoten deutseguz euren proiektua bideratu deien, eta eurak moldatzen dira grabazinoagaz.
8.- Daborduko hasi zarie behearrean herri batzutan, ezta?
Bai, Zornotzan, adibidez, batzar bat egin gendun udaletxearen bitartez, eta proposamen interesgarria egin eban bertako abesbatzak. XIX. mendeko Felipe Arrese Beitia idazlearen bertso bat hartu dabe, moldatu eta Bizkargiko tontorrean grabetea proponidu eben. Eta halantxe egin gendun orain hiru bat aste. Bertsoak euskal lurrez berba egiten dau eta gerrearen injustiziaz. Beste adibide bat: Sestao. Oroimen historikoko taldeak pieza bat egingo dau herriko testuinguru industriala eta bonbardaketak lotuz. Bonbardaketetan azpiegitura industrialak ia ikutu be ez zituen egin; ostera, jente asko hil zan. Hor baegoan asmo bat. Hori danori adierazoteko ikus-entzunezko pieza bat osotuko dabe. Durangon be bagabiz beharrean. Udalak badauka programa berezi bat Alemaniako Dresden herriagaz: urtero zortzina ume batzen dira herri bietatik eta bakearen kulturaren ganeko tailerrak egiten ditue bakearen kulturea zabaltzeko. Guk halango tailerretako bat aprobetxauko dogu ikus-entzunezko pieza bat sortzeko.
9.- Bonbardeautako herri guztietan egin dozuez lantaldeak?
Apurka-apurka goaz, herri batzutan oraindino ez gara hasi beharrean. Hamar bat herrigaz daukaguz hartu-emonak, baina hogeita hamarretik gora izango dira. Proiektuan lanean dabilen jentea boluntarioa da, hau da, beharretik kanpo egin behar doguz batzarrak, probak, eta beste gauza guztiak. Horrek guztiorrek prozesua geldotu egin dau, baina pozarren gagoz euki dauen harrereagaz, eta jentearen inplikazinoagaz bere bai.
10.- Alkarrizketea irakurten dabenen artean baten batek zeuokaz kontaktua egin gura badau nora jo behar dau?
Proiektu edegia da, edonoren partaidetzea eta laguntzinoa ondo hartuko doguz. Gure bidelagun edo laguntzaile izan gura dabenek helbide honetara idatzi leikie: itesa@itesa.tv. Zezeilean egin gendun dokumentalaren aurkezpena prentsaurrean; haren ostean, hainbat lagunek deitu deuskue, batzuk prentsan irakurri dabelako gure barri, beste batzuk irratian entzun dabelako… Gu edozein ekarpen kontuan hartzeko prest gagoz.
11.- Ze bide egingo dau dokumentalak?
Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimenez egindako dokumentala izango da, eta EITBk be parte hartuko dau produkzinoan, beraz ETBn emitiduko da lehenengo. Ostean, zine dokumentalaren jaialdietara eroatea gura dogu. Hurren daukagun festibala Zinebi da, zemendian. Gure asmoa urrirako dana prest egotea da. Etxean aurkeztuko dogu lehenengo; gero, pentsauko dogu kanpoan mobidu edo zer egin.
12.- Zuzendari zaren aldetik, zerk hunkitu zaitu gehien?
Proiektuaren zuzendaria naz, bai, baina hemen egile asko dago. Bizkargiko grabazinoan, esate baterako, berrogei bat lagun batu ginan. Persona ezezagunekaz holango proiektua egiten dan lehenengo aldia da. Errelizadoreak ezezagunak eta ez profesionalak izango dira. Niretzako erronka handia da hori guztiori zuzentzea, bideratzea eta antolatzea. Hunkitzeari jagokonez, ba, lekukotzek beti hunkitzen zaitue. Horrezaz aparte, konturatu gara proiektuak hainbat dinamika sortu dituala herrietan, baina ez bakarrik dokumentalareko piezak egiteko, horren ostean be leku askotan beharrean jarraitzen dabe. Taldeek ikusi dabe euren diskursoa barriztau egin behar dabela, erakaragarriagoa egin, eta badabiz urteurren eta bestelako ekitaldietarako piezak sortzen. Guk eragindako dinamikek beste dinamika batzuk eragin ditu. Gustora gagoz, antza asmau dogu.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!