Jagonet Euskaltzaindiaren kontsulta eta aholku zerbitzuak 10 urte bete ditu
2011-03-17 17:42 Euskerea berbagaiJagonet Euskaltzaindiaren kontsulta eta aholku zerbitzuak 10 urte bete ditu. 2001eko martian abian jarri zanetik, 835.517 bisitarik kontsultau dabe Jagoneteko galde-erantzunen datu-basea. Bestalde, hamar urteotan, posta elektronikoz galderak bialdu dituen 10.513 lagunek hartu dabe erantzuna.
Jagonet Euskaltzaindiaren kontsulta eta aholku zerbitzuak 10 urte bete ditu. 2001eko martian abian jarri zanetik, 835.517 bisitarik kontsultau dabe Jagoneteko galde-erantzunen datu-basea. Bestalde, hamar urteotan, posta elektronikoz galderak bialdu dituen 10.513 lagunek hartu dabe erantzuna.
Jagonet Interneten bidez euskerearen erabilera zuzena eta egokia eragiteko zerbitzua da eta bi helburu nagusi ditu: batetik, herritarrei zerbitzu bat emotea, eta bestetik, gure hizkuntzearen kalidadea bermatzea. Joxe Ramon Zubimendi euskaltzain urgazlea da horren arduraduna.
Oro har, herritarrek hizkuntza mailan izan leiken edozein zalantza argitzeko kontsulta-zerbitzu informatikoa da Jagonet. Halan da be, euskerea lanean eguneroko tresna daben sektore profesionalei zuzendua dago gehienbat (irakasleak, kazetariak, itzultzaileak...) euren lanak garrantzia daukalako hizkuntzearen modernizazinoan eta estandarizazinoan.
Jakina danez, www.euskaltzaindia.net webgunean hizkuntzearen arlo desbardinetako Euskaltzandiaren arauak eta erabagiak topau daitekez: Arauak, Hiztegi Batua, Izendegiak (persona- nahiz leku-izenak), Orotariko Euskal Hiztegia, Euskera aldizkaria, eta abar.
Webgunean bertan, Jagonet galde-erantzunen datu-basea kontsulta daiteke. Izan be, zerbitzua hizkuntza mailako kontsulta interaktiboak egiteko preparauta dago eta erabiltzaileak eskuragarri ditu Euskaltzaindiaren batzordeek aztergai izan dituen galderarik ohikoenen erantzunak. Egia esan, galde-erantzunen datu-basea, emondako erantzunak batuz osotzen doa. Momentu honetan datu-basea 542 galdera-erantzunez osotua da. Adibide moduan, hau lako dudea argitzen da:
• Itauna: Zein da euskal uri nagusiaren izena euskeraz: Bilbo ala Bilbao?
• Erantzuna: Biak euskerazko izenak dira. Halan da be, Bilbao be euskal izena izan arren, Euskaltzaindiak erabagi eban Bilbo dala gure uri nagusiaren euskal izen arautua, eta holan emon eban argitara bere Euskal Herriko Udalen Izendegian, 1979an. Euskaltzaindiak Bilbo hobetsi izana zertan oinarritu zan jakiteko, ikus Euskera aldizkaria (1983-1 alea, 125.-129. or.). Kontuak kontu, Bilboko Udalak Bilbao erabiltea erabagi eban uri horren izena euskeraz aditzera emoteko be (baina deklinaukeran Bilbo erabiltekotan). Hauxe da, beraz, Bilboko Udalak eskubide osoz erabagi ei dauena: Bilbao, Bilboko, Bilbotik, Bilbora, Bilbon eta abar erabiltea euskeraz.
Bestalde, euskaltzaleak bilatzen dauena hor be topetan ez badau, orduan Euskaltzaindiari bialdu leikio dudea Internet bidez, Jagoneteko galdelekura. Galdeleku informatiko hau posta elektroniko bidezko zerbitzu zuzena eta banakakoa da, eta pribatua galdegileagazko. Hona datu-basean ez dagoan kontsulta baten adibidea:
• Itauna: Zelan da: 80ko hamarkada edo 80 hamarkada?
• Erantzuna: Euskaltzaindiak arautu bako kontua da hori, baina egokiena da 80ko hamarkada erabiltea.
Kontsulta ahalik eta azkarren argitzen saiatzen dira horretarako propio izentautako adituak, beti be Akademiak ezaugarri dauen zuzentasunari men eginez.
Jagoneten eginkizuna euskeraren erabilera zuzena eta egokia eragitea da, euskerearen erabilerea argitzea, euskaltzaleon lagungarri. Hamar urteotan, 835.517 bisitarik kontsultau dabe Jagoneteko galde-erantzunen datu-basea. Bestalde, posta elektronikoz galderak bialdutako10.513 lagunek hartu dabe bana-banako erantzuna.
2010eko datuak
• Galdelekuan jasotako galderak: 1.186 (iaz baino % 21 gehiago).
• Emondako erantzunak: 1.170 (iaz baino % 21 gehiago).
• Datu-basea osotzen daben galde-erantzunak: 542.
• Jagoneten bistaratutako web-orriak: 140.443.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!