'Euskararen auzia: Darwin ala Babel' Hermes aldizkariaren zenbaki barria

Bizkaie! 2011-03-17 14:48

Gure asmoa zen, euskararen munduak/ek edota mundutik/etatik egindako euskararen gaineko gogoetak gaztelaniadunen unibertsora ere iristea. Horrexegatik egin dugu. Badakigu irtenbidea ez dela itzulpenean oinarritutako elebitasuna; agian, mezu espezifikoak –eta ez itzulpenak– beharko dira hizkuntza-unibertso bakoitzarentzat; seguruenez, etorkizuna elebitasun asimetrikoaren baldintzetan idatziko da.

Asteon, Sabino Arana Fundazinoak argitaratzen dauen Hermes aldizkariaren 36. zenbakiak argia ikusi dau ondoko izenburuagaz: Euskararen auzia: Darwin ala Babel / Euskara a debate: Darwin o Babel. Euskereari buruzko zenbaki monografikoa da, eta bertan honako honeek idatzi dabe: Euskaltzaindiko idazkariorde Erramun Osa; Joan i Mari Bernat, Kataluniako Generalitat-eko Hizkuntza Politikako idazkari ohia; Patxi Baztarrika, Andoaingo Euskera Zerbitzuko burua eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde ohia; Andrés Urrutia euskaltzainburua; Konrado Mugertza, hezkuntza-ikuskaria; eta Tabakalerako zuzendari ohi Joxean Muñoz, besteak beste. Aldizkariak, Anjel Lertxundi idazleari egindako alkarrizketa bat be badakar.

Euskerearen auzia, Darwin ala Babel, indartsuenaren legea, edo askotarikotasunaren aldeko apustua egitea. Hermes debate horretara ikusmolde barritzaile batetik hurreratzen saiatzen da. Hona, aldizkariak euskerearen etorkizunari buruzko debatea, politikak ha bide moduan erabilteaz, edo eztabaida antzuaz edo zu bekatari dalakoaz harago, kokatzeko planteetan dituan alderdi batzuk: Europa eregiteko prozesuak hizkuntzen etorkizunean dauen eragina; hizkuntza-bizikidetzearen erronkea —posible al da?—; eskolaren betekizuna —hizkuntz eredu bat ala hiru?—; euskerea, kulturea eta sareak; identidadea eta hizkuntzea, besteak beste.

Lehenengoz Hermes aldizkarian, artikuluak jatorrizko bertsinoan (bost, euskeraz eta bat, gaztelaniaz) itzulita (bost, euskeratik gaztelaniara eta bat, gaztelaniatik euskerara) argitaratu dira. Editorialean bertan agiri danez: Gure asmoa zen, euskararen munduak/ek edota mundutik/etatik egindako euskararen gaineko gogoetak gaztelaniadunen unibertsora ere iristea. Horrexegatik egin dugu. Badakigu irtenbidea ez dela itzulpenean oinarritutako elebitasuna; agian, mezu espezifikoak —eta ez itzulpenak— beharko direla hizkuntza-unibertso bakoitzarentzat; seguruenez, etorkizuna elebitasun asimetrikoaren baldintzetan idatziko dela, eta halaber, gaur egun ez garela bizi asimetrian, desberdintasunean baizik. Ez dugu hizkuntza-ghettorik nahi, ezpada ze galderak denei zuzenduko dizkien debate ireki bat, konpromisoak denei, gaztelaniadun elebakarrei ere, eskatuko dizkien debate bat. Debate horretan laguntzea da Hermesen zenbaki honen helburua.


'Euskararen auzia: Darwin ala Babel'. Laburpenak

- Joan i Mari Bernat: Mundu globalizatu bat askoz hobea da euskerearentzat edo katalanarentzat, historiako zenbait alditan sufridu dogun autarkia (edo erdi-autarkia) baino.

Baldin eta, Europak nire hizkuntza kontuan izan daian, gure hiztun-erkidegoa estatu kide bilakatu behar bada, orduan ez dogu beste urtenbiderik independentzia politikoarena baino
.


- Patxi Baztarrika: Anomalia ez dira euskerea eta elebidunak, elebitasun indartsurik eza da anomalia.

Baina inork ez dauka eskubiderik -ez behintzat zilegitasun etikoa urratu barik- gaurko haur eta gazteei -biharko helduei- Euskerea ez ikasteko balizko gizartearen kontrako eskubide bat inponiduteko, are gitxiago bi hizkuntza ofizialen arteko desoreka soziala betikotzeko.


- Andrés Urrutia:
Aurrera egiteko, behar-beharrezkoa dogu, neure ustez, gure zereginetan bestelako kontzeptuak bermatu eta txertatu, hain justu, euskera mailako hizkuntza baten egoera sozialak noraino baldintzatzen dauen bere barne-egiturearen garatzea.


- Konrado Mugertza:
Ofizialtasuna, legeak edo baliabideak oso aintzat hartzekoak eta beharrezkoak badira be, beste kontzeptu batzuk agiri jakuz askoz eraginkorragoak, hau da, partaidetzea, enpatia, alkarrizketea, akordioa…

Bada garaia gizarte eta politika mailako akordio barri eta zabal batean oinarrituz, ikastereduen sistemea gainditu eta, ikerketa eta ebaluazinoen eskutik eta modu progresiboan –bai denporan eta bai antolamenduan-, eredu bakar eta malgu baterantz abiatzeko.


- Joxean Muñoz:
Azken produktua euskeraz, erderaz edo hitzik bakoa dala be, komunikazino jario etenbako batean zirkulauko dabe. Hizketa horretan euskeraz parte hartzea da sustatu eta bultzatu behar dana.

Atzera bueltarik ez dauen egoerea da eleaniztasuna.


- Anjel Lertxundi:
Askotan esaten dot gure belaunaldia dala, belaunaldi euskalduna eta nazionalistea, euskerea abandonetan ari dana.

Niretzat eskola da garrantzitsuena, hortxe jarriko neukez kemen eta indar guzti-guztiak. Estrategiak guztiz aldatuta, jakina.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu