Gazteen flashmoba, Harrapazank programearen nobedaderik erakargarriena

Dabi Piedra Robles 2011-03-15 14:01   Euskerea berbagai

Topaguneak eta Bilboko Udalak urtero antolatzen dabe Harrapazank, gazteentzako euskerazko jarduera parte-hartzaileen egitaraua. Urtarrilean hasi ziran ekintza batzuk eta apirilera arte iraungo dau seigarren edizino honek.

Topaguneak eta Bilboko Udalak urtero antolatzen dabe Harrapazank, gazteentzako euskerazko jarduera parte-hartzaileen egitaraua. Urtarrilean hasi ziran ekintza batzuk eta apirilera arte iraungo dau seigarren edizino honek. Egitarauaren barruan, Dantzazank edo Distirazank jarduerek jarraituko dabe, eta Komunikazank eta flashmoba batu jakez aurten. Ganera, lehenengo aldiz, Harrapazank programeak bere kantea dauka, Enkore taldeak egindakoa.

Martiaren 26an, Bilboko erdiguneko Ertzilla kalean egingo dabe flashmob dalakoa, arratsaldeko seiretatik aurrera. Enkore taldeak zuzenean joko dau Harrapazanken kantea, Zer garen izenekoa, eta han batutako gazteek koreografia egingo deutse. Ganera, bertatik pasetan dan edozein herritarri be, parte hartzeko deia helarazoko deutse eta edonor batu ahal izango da koreografiara. Bilboko gazte guztiei, eta horren gazte ez diranei be bai, dei egiten deutsegu martiaren 26an Ertzillara joan daitezan, esan dau Ana de Castro Bilboko Udaleko Euskera zinegotziak.

Enkore musika-taldea Bilboko Errekalde auzokoa da eta, aurten, Harrapazank programako abestia egiteko ardurea hartu dabe. Nobedadeetako bat da, orain arte Harrapazankek ez dau kantarik euki, azpimarratu dau Aritza Escandon Topaguneko arduradunak. Holan, Zer garen izeneko abestia egin dabe, eta Zea Mays taldeko Aiora Renteriak abestu dau. Gazteentzat erreferentzia diran artistak batzea be bada gure asmoa, euskerea erakargarriago egiteko, azaldu dau Ana de Castro zinegotziak. Apirilaren 8an, barikua, Enkore taldeak berak eta Ze Esatek ezagunak, kontzertua eskainiko dabe Bilborock aretoan, iluntzeko zortziretatik aurrera.

Distirazank eta Dantzazank ekimenen bigarren ekitaldia be badator aurten. Igaz arrakasta itzela euki genduan lehiaketa biokaz eta aurten, zelan ez, errepetidutea erabagi dogu, zehaztu dau Aritza Escandonek. Gazte taldeek euren gustuko jantza-koreografia egin ahal izango dabe Dantzazank lehiaketan eta finala martiaren 18an izango da, Bilborocken. Distirazanken funtzionamendua antzekoa da, baina jantzea ez beste edozein ikuskizun artistiko preparau behar dabe gazteek. Distirazanken finala, apirilaren 2an, Bilborocken izango da.

Komunikazank, bestalde, lehenengoz egingo dabe aurten. Gazteek barri-emole lanak egin ahal izango ditue, bideo-kamerak, argazkiak edo bestelako baliabideak erabilita, Harrapazankeko jarduera eta jaialdietan gertatzen dana kontau ahal izango dabe. Gero, www.harrapazank.com helbidean ikusgai jarriko ditue erreportajeak.

Harrapazank, batez be, 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, euskerea erakargarri egin eta eskolaz kanpo be komunikazino hizkuntzea izan leitekeela erakusteko. Gero eta garbiago ikusten dogu, gazteen artean parte-hartzea bultzatu behar dala, eta Harrapazank bide horretan doa, azaldu dau Ana de Castrok. Badirudi, aurreko ekitaldietan legez, aurten be interes biziz hartuko dituela gazteek Topaguneak eratutako ekitaldiak, izan be, Aritza Escandonek zehaztu dau, apirilera arte egongo dira jarduerak, baina dagoeneko ia ziurtatu geinke, aurtengoa ekitaldirik jentetsuena izango dala.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu