Enrique Villareal: 'nik neuk ez daukat jubiletako prisarik'

Koldo Isusi Zuazo 2011-03-10 17:46   Barriketan
Txarrena

Barricada taldeko abeslariak 19 urteko etenaren ostean ekin deutso Txarrena proiektuari. Azulejo frio diskoa argitaratu eta honezkero zuzenekoakaz dabil buru-belarri. Hurrengo hitzordua, Bilboko Kafe Antzokian, martiaren 11n.


1.- Zer moduz Azulejo frio diskoaren orain arteko aurkezpen kontzertuak Atarrabian eta Bartzelonan? Bilbon, Kafe Antzokian joko dozu martiaren 11n, zer espero dozu?

Atarrabiakoa sekulakoa izan zan, luzaroan ibili gara promozino lanetan, akustikoak eta sinadura ekitaldiak eta holakoak egiten eta gogo handia geunkan jenteagaz hartu-emonetan hasteko. Zuzenekoak dira musikarion espazio naturala eta Atarrabiako kontzertu horretan hurrekoen babes osoa sentidu genduan eta oso gustura ibili ginan.

Bilbokoan be jenteak ondo pasetea espero dot, rock banda bat agertuko da taula gainean eta geuk gozauko dogun neurrian jenteak be gozetea gura geunke. Areto txikietan, tabernatan jotea itzel gustetan jaku, hori da gure espazio naturala eta, Kafe Antzokia leku ederra da musikarientzat, jentea gainean daukazu eta giro bikaina sortzen da holako kasuetan.


2.- Barricadagaz ez eze, bestelako proiektu batzuetan be ibilia zara, La Venganza de la Abuela, Txarrena orain 19 urte... Zelan otu jatzun itzulerea orain? Orain 19 urte Txarrenaren lehenengo diskoaren 43.000 kopia saldu ziran. Orain, Azulejo frio diskoak hiru aste daroaz Estaduko 100 disko salduenen artean. Ze esperantza dozu?

Proiektu bat konpartiduko dozunean, niretzat garrantzitsuena jentea da. Hortik aurrera, bueltarako motibo nagusienetakoa da Barricadaren La tierra esta sorda lan potoloaren ostean, zeozelan arnasa hartu behar nebala. Makinatxu bat kilometro egin dodaz gerra zibilagaz lotutako lekuetara joateko, hainbat lekuko alkarrizketatu eta hainbat liburu irakurri dodaz, errezitaldiak be egin dodaz eta 184 orrialdeko liburua idatzi neban. Lan ederra izan da baina apurtu-apurtu eginda amaitu neban eta holako igesbide bat behar neban.

Orain 19 urteko salmentak aitatu dozuz baina urte horreek ez dira alperrik joan eta egoerea sano desbardina da gaur. Sasoi hartean diskoak saltzen ziran eta gaur egun, barriz, oso gitxi saltzen da, 3.000 kopia saltzea ez da txarra. Orain, sano pozik nago, Azulejo frio atara eta 100 disko salduenetako zerrendan, lehenengo astean 13. postuan egon nintzan eta bai, hiru aste daroaz zerrenda horretan.

Salmentak aparte itxita, Azulejo friogaz, lehenengo diskoagaz ezin izan nebana egun gura dot, hau da, zuzenekoakaz gozau. Lehenengoagaz zoramena izan zan ze Por instinto diskoaren boladea izan zan, gehien saldu genduan boladea eta Barricada taldearen jarduna eten barik ibili nintzan eta holan ez dago ezer egiterik.


3.- Maila personalean zein musikalean zelan eboluzionau dozu 19 urte honeetan?

Urte piloa dira, bai. Maila personalean, seme-alabak hazten ikusi dodaz eta gaua modu fisikoan biziteari itxi deutsat, orain, barriz, gaua modu psikikoan bizi dot. Kontua da ze biziak berak jarten zaituala jagotzun lekuan, biziak agintzen dau eta ibilbide horretan etenik bako ikasketa prozesuan ibili naz, jakingura handikoa naz, kuxkuxero hutsa eta bizitzaren ikasle sentiduten naz. Eta jarrera horrek nire ogibiderako be balio deust ze jente asko ezagutu dot, danakandik beti ikasten dozu zeozer eta maila musikalean be jakinmin hori, ikasteko gogo hori nahitaezkoa begitantzen jat.


4.- Zein izan da Txarrenaren itzulerarako arrazoia nagusia, akaso, oraintsu Brigigaz alkartu zinaneko momentua? Zeintzuk dira Txarrenaren egungo taldekideak?

Bai, hori izan zan abiapuntua. Lehen be esan deutsut, edozein proiektutan jentea da niretzako garrantzitsuena eta kantuak, berbarako, bigarren maila batean itxiko neukez. Ideiak, esperientziak alkarbanatzea da niretzat positiboena, ideiak, kantuak alkarregaz garatzea eta birrintzea. Esangura horretan, urtebetetze jairen batean eta Erriberako rock jaialdiren batean, Ramones, Clash eta beste batzuen bersinoak joten eta alkarregaz ibiliak ginan arren, gogo handia neukan Komako Brigigaz gauza serioago bat egiteko eta Txarrenaren itzulerea beragaz konpartidutea oso interesgarria otu jatan. Gero, Lengua de Trapoko Eugenio Aristu (Flako) eta Txus Maravigaz bat egin eta honezkero zuzenean gabiz. Brigi eta Flako lehendik be ezagutzen nituan, Txus, barriz, ez eta ezusteko ederra izan da bera ezagutzea, orain hiru bat urte beste talde batean gitarrea joten ikusi neban eta asko gustau jatan.


5.- Azulejo frio lanera orain 19 urte sortutako kantuak eta oraintsuagokoak batu dozuz. Erritmo eta letrei jagokenez, zer dakar disko honek?

Berbetan, gaua da kantu guztien haria. Baina orain 19 urte egindako kantuetan, gaua modu fisikoan bizitakoaren gainean egiten dogu berba eta barriagoetan, ostera, egun bizi dodan egoerea islatzen da eta, beraz, gaua modu mentalean bizi dot eta insomnioaren gaia be jorratzen dot, egoera erreala eta irreala nahastetan eroaten gaituan egoera hori, izan be, tarte hori asko gustetan jat eta ondo aprobetxetan dot irakurteko, idazteko zein kantuak sortzeko.

Erritmoen aldetik, oinarrian rock & rolla da gure musikea baina soinuaren ezaugarriak taldekideen euren jardunak osotzen ditue. Esan gura dodana da ensaioetan eta bakotxak bere ekarpenak egiten dituala, hasieran hartzen doguna sano aldatuta aurkezten dogu gero eta hori oso aberasgarria da, azken produktua danona dalako.


6.- Mañana sera igual kantuaren euskerazko bersinoa egin zenduen Loving Gaztea, Gaztearen 20. urteurreneko diskorako. Zelakoa izan zan esperientzia? Bestelako proiekturik euskeraz?

Beti gustau jat endredetea eta Barricadaren kantu klasiko hori euskeraz kantetea esperientzia polita izan zan. Jenteak asko lagundu deust, ikasle ona naz eta aparteko ahalegina egin dot, berbarako, ahoskereagaz. Euskeraz tutik be ez dakit baina holako esperientziakaz atrebiduten naz; alabeak bronkea botaten deust euskeraz ez dakidalako baina nire asmoa da harribitxia dan hizkuntza honen alde egitea ahal dodan neurrian. Badakizu, Nafarroan bizi naz eta danok dakigu euskereak ze traba daukan hemen, baita erakundeen aldetik be.

Ganerakoan, gaur goizean bertan Jon Maia bertsolariaren anai Egoitz Maiagaz euskerazko kantu bat grabetan egon naz eta badinotsut, ahal dodan neurrian, kolaboretako eta euskereari laguntzeko prest nago baina euskeraz hiruzpalau berba baino ez dakidaz eta gauza handiagoetan sartzea, kantuak neuk euskeraz sortzea eta ezinezkoa da.


7.- Zurrumurruen arabera, Barricadaren Barrio Conflictivo diskoa berrargitaratzeko asmoa dago binilo euskarrian...

Ez dakit. Binilozale amorratua naz eta gustauko litxakit barriro euskarri horretan ataratea baina ezin deutsut ezer aurreratu ze ez dakit, ez deuskue ezer esan. Egia esan, etorkizun handirik bako euskarria da gaur egun baina sano intresgarria dala pentsetan dot ez bakarrik bildumazaleentzat, baita, 80. hamarkadako euskarri horren kontzeptu estetikoa ezagutzera emoteko.


8.- Zelan gogoratzen dozu Barricadaren lehenengo kontzertua 1982ko apirilean, Txantrean?

Domekea zan eta domekero lez, Txantreako plazea ganezka egoan ze merkatu eguna zan eta ekitaldiak, kontzertuak, antzerki saioak eta bestelakoak egoten ziran, giro aparta egoan. Lehenengo kontzertua emon genduanekoa, egun sargoritsua izan zan eta aparteko beste gomutarik ez daukat. Nork pentsauko eban orduan, gazte hasibarriak ginala 30 urte geroago kontzertuak emoten segiduko gendula... Kontzertua ez eze, aurreko ensaioak be gogoan daukadaz, pasino eta indar bereziagaz joten genduan lokalean eta aurkezpeneko kontzertu horretan sei kantu baino ez genduzan eskaini baina momentu ederra izan zan.


9.- Zure idazle lana be ezagutzen dozu. Eva Zanroi ezizenagaz poesia idatzi dozu, Patxi Irurzun nafarraren Ajuste de cuentos liburuaren epilogoa be bai eta La tierra esta sorda, Barricadaren azken diskoagaz batera argitaratutako 184 orrialdeko liburua be idatzi zenduan. Idazten jarraitzen dozu?

Pilo bat gauza daukadaz idatzita eta ahal dala argitaratu gura neukez. Oraintsu argitaratutako Simpatia por el relato liburuan, musikari batzuen ekarpenakaz batera nirea be joan da. Horrezaz gan, Aragoiko inguru zehatz bateko hilobi komunen gaia jorratzen dauen Suelas de caucho liburuaren epilogoa be idatzi dot eta poemaren bat edo beste be argitaratu deustie bilduma lan batzuetan. Horrezaz gan, urteetan zehar idatzi dodan guztia batu eta material horregaz zeozer egin gura neuke. Materiala hiru zatitan banatuta daukat: lehenengoan, Y si la noche fuese mi complice izenburupean, Eva Zanoi ezizenagaz idatzitako poemak sartu dodaz; bigarrenean, El ojo de la aguja izenburukoan, orain 6 bat urte Gara egunkarian, uda batez, idatzi nituan zutabeak; eta, azkenik, El rincon oscuro, nire estiloko idatziak, surrealistak batzekoa.


10.- Datorren urtean Barricadak 30 urte beteko ditu eta tarte horretan 21 disko grabau eta miloe bat disko saldu dozuez. Urteurren horrek ze gogoeta eragiten deutsu?

Ezer ez. Hogeitabosgarren urteurrena ospatu genduan, zenbaki borobila zan eta orain, 50.a ospatzea da logikoena, bost urterik behin ezertan hasi beharrean. Ez daukat gogorik 30. urteurrena ospatzeko. Atzera begitu besterik ez dozu egiten eta ni aurrera begitutekoa izan naz beti. Aurrea begira interesantea dan edozertan sartzeko prest nago. Sentiduten doguna islatzeko idea barriak eta proiektu barriak dagozan bitartean, aurrera egingo dogu beti, inertziak baztertuz, talde aktiboa garela erakutsi gura dogu. Nik neuk ez daukat jubiletako prisarik eta beti esan dot mundu honetatik alde egiteko momentu onenetakoa eszenatokian edo larrua joten zagozala izango litzatekela. Rokero zaharrak ez dira sekula hilten be esaten da baina zorionez, bai hilten dira; nire lagun batek esaten dauenez, egunaren 24 orduetan persona ona izaten ahalegindu behar zara eta gustoko beharrean jardutea tokaten bajatzu hori ez dagoala diruagaz pagetarik. Nabilen lekuan nabilela nire urte honeetan guztietan ikasi dodan apurretik abiatuta ekarpentxua egiten ahalegintzen naz eta punto.


Txarrena zuzenean:


- Martiak 11, Bilboko Kafe Antzokian.
- Martiak 12, Zaragozako López aretoan.
- Martiak 18, Madrileko Joy Slava aretoan.
- Martiak 19, Gasteizeko Jimmy Jazz aretoan.
- Maiatzaren 1ean, Viña Rock 2011 Jaialdian.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu