Mikel Etxaburu: 'Poesia, niretzat, zintzotasunetik abiatzen da'

Elkar Bizkaie K Moldatua 2011-03-10 16:47   Barriketan
Idazlea eta irakaslea

Mikel Etxaburuk (Ondarroa, 1969) bere lehenengo liburua kaleratu barri dau: Zu zara orain txoria (Elkar). 2008-2010 bitartean oso egoera berezian ondutako poemak jaso ditu, hiru gai nagusiren inguruan: kartzela, maitasuna eta utopia.

Mikel Etxaburuk (Ondarroa, 1969) bere lehenengo liburua kaleratu barri dau: Zu zara orain txoria (Elkar). 2008-2010 bitartean oso egoera berezian ondutako poemak jaso ditu, hiru gai nagusiren inguruan: kartzelea, maitasuna eta utopia.


1.- Barria zara idazleen arloan; beraz, hasteko, aurkeztu eiguzu zeure burua: Nor da Mikel Etxaburu, zertan ibili zara orain arte?

Ez da oso txukuna norbera norbere buruaz aritzea, eta horretara, ez dauka galdereak erantzun errazik, ez behintzat niretzat. Nor da Mikel Etxaburu? Gauza bat bakarra nazenik ezin esan, ez naz gauza bat edo beste. Ganerako guztion moduan hainbat ardatzen inguruan garatu izan dot neure egunerokoa eta horreen guztien batuketea nazela esango dot. Hasteko, ondarrutarra naz, arrantzale familia baten seme. Institutua amaitu nebanean Irakasle ikasketak egitera joan nintzan Bilbora, ondoren Euskal Filologian lizentziau, eta handik urte batzutara doktorego tesia aurkeztu neban Deustuko Unibertsitatean. Gaur egun irakasle nabil Huhezin; Lur alabatxu jaiobarriaren aita naz, eta azken baten, kartzelara eroan aurretik egiten nituan gauza oso antzekoak, edo hobeto, egiten ahalegintzen naz. Hori, behintzat, banaz.


2.- 2008an kartzelara eroan zinduezan, Batasunako Mahai Nazionalekoa zinalakoan, eta urte bi emon zenduzan bertan. Egin zeinke sasoi horren balorazino bat, ez politikearen aldetik, alderdi personaletik baino?

Gatxa da, ezinezkoa be esango neuke nik, kartzelako gaiak alderdi personal hutsetik adierazotea. Ezin dau-eta inork be ahaztu zein dan halango leku batean egon izanaren abiapuntuko arrazoia. Goizaldean etxean sartu eta eroan egiten zaitue, beste nonora, lehenengo komisaldegira eta ostean kartzelara; Soto del Real eta gero Alcalá-Meco. Urte bi izan dira, ez-lekuetan, egun bat be gehiegi dan tokian. Zenbat arinen egokitu beharra dago bertara. Ez da lan erraza. Mundu arrotza da, sano gogorra, eta bitarteko guztiak ditu persona moduan neutralizetako. Holangoetan, garrantzia handia dauka zure inguruak: bikotea, familia, lagunak, ezagunak, kideak… horreek ondo badagoz, daukazun indar apurra zeuretzako erabili zeinke eta lau hormek be badaukiezan zirrikituetatik arnasea hartu zeinke.

Nik bilatu nituan zirrikituak, kostata baina hantxe egozan, funtzionarioen begiradetatik eta zerbitzu buruaren atzaparretatik urrun. Ikasi egin neban, Filosofia karrerako ikasturte bi; arabierea ezagutu eta zenbait presogaz komuniketan ikasi neban; asko irakurri dot, egile klasikoak batez be; eta idatzi egin dot, poema asko. Ez da, baina, idatzi dodan gauza bakarra. Baegoan niretzako oso ariketa literario dibertigarria zana eta atsegin handiz egiten nebana. Halango ez-lekuetan badira hainbat eta hainbat preso irakurten justu-justu jakin eta berba bat be idazteko gai ez diranak. Baina ia danek daukie kanpoan neskalaguna, emaztea, emaztetzat nahiko leukien emakumeren bat edo beste... Horreetako zazpi edo zortzi emakumegaz gutun bidezko hartu-emon estuak izna nituan urte bi horreetan. ¿Mikel, le escribes una carta a mi mujer?; si, cómo no; dime cómo se llama, dónde vive y qué cosas le pueden gustar. Behin datu horreek jaso ondoren, ¿y qué quieres que le ponga? Galdetzen neutsen, eta danek gauza bardina erantzuten eustien; eso tú, tú que escribes bien, ya se te ocurrirá algo. Eta holan emoten nituan arratsaldeak ezagutzen ez nituan emakumeei maitasun gutunak idazten. Dibertigarria, eta atsegina… hiru aldeentzako, uste dot nik. Baina onena, erantzunak izaten ziran, harrituta erantzuten eben emakumeek, Neruda ia nor zan eta ia hainbeste non ikasi dauen galdetzen eusten/eutsen gehienek. Gustetan jatan ariketea. Nire faltea igarriko eben handik atara nintzanean, seguru, batez be gutunen hartzaileak ziran emakumeek.

Holan, edonon dagoz zirrikituak, topetan jakin behar da. Nik bilatu nituan, eta han sartu ninduenen helburuak betetetik urrun, lehen baino indartsuago atara nintzan. Oraingoan gai positiboetan egin nahi izan dot indar, horreek dira-eta kartzelak berezko dituan bakardade, herrimin, urruntasun, umiliazino, zigor, burdinazko giltza zaratei… aurre egin ahal deutsien indargune bakarrak.


3.- Eta hor sortzen da liburu hau. Sortuko zan bestela?

Aitatu dodazan zirrikitu horreetako bat izan da niretzako liburu hau. Inork ez deiela pentsau, ostera, lau hormen artetik neure burua erreskataetako modu bat edo izan danik, ez. Nik neure buruagaz egiten dodazan bakarrizketak, gehienak, neuretzako dira, ez neukez inoiz be argitaratuko. Baneukan, baina, komuniketako behar bat, kartzeleari buruz, maitasunari buruz, herri barri baten alde poesia bidez berba egiteko gogo bat. Holan egin neban, ziega barrutik esateko neukazanak beste hainbat personaren sentimendu, bildur eta itxaropenekaz bat egingo daben segurtasuna neukan, eta daukat. Bestalde, urte biko kartzelaldira behartu ez banindue, seguru nago ez zala liburu hau existiduko, ez, behintzat edukin honeekaz. Liburu honetako edukinak kartzelak baldintzatu ditu erabat.


4.- Zelangoa izan zan sortze prozesua? Liburu bat izango zala ikusten zendun?

Abstrakzino ariketa izugarria egin behar da holango ez-lekuetan sormenari ateak zabaldu nahi badeutsazuz. Eta horretarako, zuk modu kontzientean aukeratutako norabideetara behartu behar dozu burua. Nire kasuan, poesia idaztera. Urte asko daroat poesia idatzi eta koaderno galduetan batzen. Gustora sentiduten naz holango moldean, eta nahi neban poema bidez adierazo han barruan sentidutakoa. Holan egin neban. Eta ez, nire helburua, ez zan izan liburu bat argitaratzea. Gauzak joan diran moduan joan dira, ostera, eta asko poztu ninduen argitalpen eskaintzak.


5.- Liburuaren lehen partea oso loturik dago espetxeko geografiari eta bizipenei; izenburua be aproposa dau: Ez-lekuak.

Hori da kartzelea niretzat, ez dan lekua, han dagoan inork, ezta funtzionarioek eurek be, egon nahi ez leukien gune itogarria. 29 pausu luze patioak eta 31 zabal, Harkaitz Canok hitzaurrean dinoen moduan, zerua posta zigilu baten neurrira urriturik ikustea, dena urrun eta dena zurrun den paraje hondamendizkoa. Poema liburuaren abiapuntua, derrigorrez, kartzelak behar eban izan. Bai, seguruenik, errazagoa da kartzelan poeta izatea.


6.- Gero, barriz, Leku pribatuak bigarren atalean, maitasunari egiten deutsazu leku, modu erromantikoan ganera. Kontrastea bilatzen zendun ala zergaitik jokatu dozu holan?

Ez, ez dot kontrasterik edo antzekorik bilatu nahi izan. Liburuaren atalak eta honeen garapena askoz be modu naturalagoan egin dodaz. Poesia, niretzako, zintzotasunetik abiatzen da, egia esan beharra dago poemetan –bai, behintzat, nire kasuan–, eta egiek zerikusi oso zuzena daukie sentimenduekaz. Nik maitasunaz berba egin gura neban, ez-lekuan egonda faltan botaten nituan horreen guztiakanako sentimenduez, maitasunaz, hain zuzen. Izan daiteke, atal honetan idatzitako poemetako bat edo bestek irakurlea deseroso-edo sentiarazotea. Ez gagoz oso ohituta gure sentimenduak datozan moduan adierazotera, maite zaitut bat entzuteak lotsarazo egiten gaitu askotan. Gauzarik ederrenak be lotsaren filtrotik pasetan dituana ez dabilela ondo begitantzen jat. Nire ustez, bigarren atal honek be han barruan daukazuzan sentimenduen sekuentzia logikoari kasu egiten deutso: bakardadea, hutsunea… maitasunak baretu egiten ditu.


7.- Azken partea, Leku posibleak heterogeneoagoa da; besteetan sartzen ez ziran gaiak sartu dozuz hor, ala badauka hari bat?

Bai, heterogeneoagoa da, baina ez dagoz hor beste bi ataletan sartzen ez diran gaiak. Haria utopia da, herri barri baten aldeko utopia, eta utopia horren aldeko konpromisoa, hori da haria. Badira persona batzuk ames egin eta ondoren zer ames egin daben gogoratzen ez dabenak badira, ostera, beste batzuk amesak kontuan hartu eta horreekaz konpromisoak hartzen dituenak. Honeetako asko ezagutzen dodaz. Eta arrisku handia daukie holan jokatzen dabenek, subertsiboak dira beti amesak, eta subertsinoagaz konprometidutea deserosoa da dana dagoan moduan itxi nahi dauenarentzat. Nire amesak eta honeekaz daukadan konpromisoa dagoz hirugarren atalean, herri barria da utopia, eskura daukaguna.


8.- Zure poemen ezaugarri bat da oso errezitetako edo kantetako modukoak dirala; badaukazu asmorik aurrez aurreko emonaldietarako?

Nire ustez, poema baten ibilbide naturala da kanturako erabiltea. Gauza handia da zuk idatzi dozuna beste nonori gustau eta honek musika ipintea poemeari. Borobildu egiten dau poemea, osotasun bat emoten deutso, eta, batez be, poesiak daukan komuniketako gaitasuna biderkatzen dau. Musikearen bidez poemak kristoren indarra hartzen dau, milaka belarritara heltzen da, ehunka sentimendu eta zirrara sortzen ditu, bakotxari iradokitzen deutsozanak. Ahalegindu naz idatzi dodazan poemetan hurrengo pausu hori emoteko baldintzak ezartzen. Eta bai. Gustoko dot errezitetea, poesia entzutea. Aurrean esan dodan moduan, poema liburu honen helburuetako bat komuniketako beharrari erantzutea izanik, aurrez aurreko emonaldiak oso leku aproposak dirala uste dot horretarako. Bai, ahaleginduko naz aurrez aurreko emonaldiak egiten; hortik aurrera, ikusiko dogu.


9.- Aurrekoaren bidetik, nabarmenak dira teknika batzuk: paralelismoa, borobiltasuna (hasierak eta itxierak zirkulua osotzea), ahapaldien arteko jokoak… Bilatutako prozedurak dira? Intuizinoz topau dozuzan baliabideak?

Hasiera batean guztiz intuitiboak izan dira idatzi dodazan poema guztiak. Egia da be, behin intuizinoari bide egin ondoren, erritmoa eta soinua izan dodazela kontuan. Garrantzi handia emon gura izan deutsat ozen irakurtean poemearen soinuari, letraren kadentziari. Berben bidez erraz identifiketako moduko irudiak sortzen ahalegindu naz paralelismoen eta ahapaldien antolaketearen bidez. Nire senak, intuizinoak, molde horretan idaztera bultzatzen nau.


10.- Mikel Etxaburu idazlea deskubridu dogu hemen. Idazleen munduan jarraitzeko asmotan, ala sartu-urten bat izan da hau?

Ezin da jakin. Nik, momentu honetan, Zu zara orain txoria daukat esku artean. Hori da dagoana. Honi bide egiten eta bere bidez dibertiduten saiatuko naz. Bien bitartean idazten jarraitzen dot, ezer argitaratzen ez nebanean legez, gogoak emoten deustalako. Ez dot, barriz, idazleen munduan kokatzen neure burua, nik beste hainbeste mundu be maite dodaz. Idaztea oinarrizko zeozer da niretzat, ez dago beste ezeri lotuta. Eta egunen batean, orain moduan, idatzitakoak eta nire gogoak bat egiten badabe, oso posible da hurrengo batean be nire barri izatea, holan nahi dauenak idazten dodana irakurten jarraitu daien.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu