Gaurtik aurrera bizkaiereak presentzia handiagoa izango dau sarean

Bizkaie! 2011-03-10 14:30   Euskerea berbagai

Bizkaierea eta Bizkaiko herri kulturea ardatz dituan Bizkaiera.biz ataria aurkeztu dabe gaur Bilbon Bizkaiko Foru Aldundiak eta Labayru Ikastegiak. Bizkaierearen webgune barriak askotariko edukinak ditu; bideoak, argazkiak, alkarrizketak, artikuluak, eta abar.

Bizkaierea eta Bizkaiko herri kulturea ardatz dituan Bizkaiera.biz ataria aurkeztu dabe gaur Bilbon Bizkaiko Foru Aldundiak eta Labayru Ikastegiak. Bizkaierearen webgune barriak askotariko edukinak ditu: bideoak, argazkiak, alkarrizketak, artikuluak, eta abar. Aurkezpena Bilboko Foru Liburutegian egin da, eta bertan izan dira Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadua, Adolfo Arejita Labayru Ikastegiko zuzendaria eta Igone Etxebarria Labayruko proiektuen zuzendaria.

Labayru Ikastegia 70eko hamarkadan hasi zan edukinak batzen, bai bizkaierearen ganekoak, bai Bizkaiko herri kulturearen ganekoak be. Mueta askotako materiala jaso dabe urteotan, eta orain horren guztiorren zati bat eskaini dabe Bizkaiera.biz atarian. Gure lurraldeko herri jakintzearen ataria da. Hemen gure gorputzaren zati inportante bat dago. Soineko barriz gatoz, gure lana gizarteratzeko asmoagaz, eta belaunaldi barriei herri tradizinoa eskaintzeko gogoz, esan dau Adolfo Arejitak prentsaurrekoan. Ataria gure kulturearen kontsulta zerbitzu integrala dala azpimarratu dau Labayruko zuzendariak. Izan be, gune honen bidez edonon esku dago Labayruk urteotan batutako ondarearen zati handi bat.

Josune Ariztondok bizkaierea Interneten egoteak zenbateko garrantzia daukan nabarmendu dau aurkezpenean. Euskerea Interneten egotea ezinbestekoa da euskereak aurrera egingo badau. Eta bizkaiereak bere leku berezia eukitea guztiz lagungarria da. Teknologia barriei esker, idatzia ezeze ahozkoa be modu naturalean jaso daiteke atari barri honetan, adierazo dau. Interneten euskerea lantzeko eta erabilteko bitarteko ugari dagoan arren, bizkaierearen ganean beren-beregi sortutakorik ez dago. Bizkaiera.biz guneak aukera ederra eskaintzen dau bizkaierearen inguruan sakontzeko.

Atariak hiru atal nagusi ditu: Barriketan, Dakienak daki eta Zahar-barriak. Igone Etxebarria Labayruko proiektuen zuzendariak egin dau edukinon aurkezpena. Atal asko ditu, -esan dau- informazino asko dago. Dana batera ikusita, zenbateko mamina dagoan ikusita, geuri be ikaragarria begitantzen jaku. Barriketan atalean hainbat informatzaileren bideo txatalak ipini ditue; Dakienak daki izenekoan, barriz, gai jakin bati buruzko monografikoak egongo dira, etnografiari buruzkoak, hizkuntzearen ganekoak, eta abar; eta, Zahar-barriak atalean, albisteak sartuko ditue, aurkezpenak, argitalpen barriak, eta abar. Edukin guzti-guztiak astero barriztauko ditue, Etxebarriak adierazio dauenez.

Horrezaz ganera, hainbat corpus konsultetako aukerea be badago atariaren bitartez: Labayru Hiztegia, Bizkaieraz idazteko jarraibideak, Bizkaiera idatziaren corpusa, Bizkaierearen bibliografiaren katalogoa, Herri ondarearen katalogoa, Onomastika datutegia eta Bizkaierazko zuzentzailea. Corpus batzuk lehenagotik egozan sarean, eta beste batzuk tresna barriak dira. Bizkaiera idatziaren corpusa, esate baterako, bizkaierazko mueta horretako lehenengoa da. Bizkaierazko hainbat testu jaso dira bertan, testu didaktikoak, literarioak, hedabideetakoak, ahozkoak eta administrazinokoak. Horretarako, besteak beste, Bizkaie! eta Bizkaia Irratia komunikabideakaz, Ibaizabal argitaletxeagaz eta Batzar Nagusiakaz lankidetzan ibili da Labayru. Etxebarriak azaldu dauenez, corpusak beteten jarraitzeko asmoa daukie, baita corpus barriak sartzeko be.

Bizkaiera.biz atariak asteroko boletina ipini dau martxan; holan, harpidetza egiten dauen edonok jasoko ditu barriak astean behin.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu