Euskaltzaindiaren lana autortu eta 'Zenbait gazte ausart' film luzea aurkeztuko dabe barikuan, Euskaltzaindiaren historiari buruzko lana

Bizkaie! 2011-03-23 11:17   Euskerea berbagai

Euskaltzaindia izango da aurten Korrikak omenduko dauen eragilea eta, horren harian, datorren barikuan, hilak 25, euskerearen iraupenaren eta erabilerearen alde Euskaltzaindiak egin dauen lana autortzeko ekitaldia izango da Donostiako Kursaal jauregian.

Korrika 17k Euskaltzaindiari egingo deutson omenaldi ekitaldiaren eta Zenbait gazte ausart dokumentalaren aurkezpena egin eban atzo Donostian; bertan, Andrés Iñigo (Euskaltzaindiko Jagon Sailburua), Idoia Peñacova (Mondragon Unibertsitateko idazkari nagusia), Alexander Silva (Mondragon Unibertsitateko ikaslea eta dokumentalaren egileetako bat), Edurne Brouard (Korrika 17ren arduraduna) eta Mertxe Mugikak (AEKren koordinatzaile nagusia) hartu eben parte.

Euskaltzaindia izango da aurten Korrikak omenduko dauen eragilea eta, horren harian, datorren barikuan, hilak 25, euskerearen iraupenaren eta erabilerearen alde Euskaltzaindiak egin dauen lana autortzeko ekitaldia izango da Donostiako Kursaal jauregian. Omenaldi xumea izango da, guk antolatzen doguzan ekitaldien modukoa. Baina esangura handikoa, nabarmendu dau Edurne Brouardek, Korrika 17ko arduradunak. Ekitaldi horretan aurkeztuko dabe Euskaltzaindiaren historiari buruzko dokumentala: Zenbait gazte ausart.

Korrikak aurten argi izan dau Euskaltzaindia izan behar zala omendua. Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaile nagusiak gogorarazo dau aspaldikoa dala Euskaltzaindiagaz daben loturea, izan be, Euskaltzaindiaren magalean sortu zan AEK. Esangura horretan, sorreratik Euskaltzaindia egiten dagoan lana autortzea da asmoa. Omenaldian, gorazarre egingo deutsee egun euskaltzain oso diranei eta bakotxak oroigarri bat jasoko dau. Ekitaldiagaz, amaierea emongo deutsie Korrika Kulturalari.

Bide batez, Euskaltzaindiaren historia laburbatzen dauen dokumentala aurkeztuko dabe Kursaaleko omenaldian: Hasiera batean, liburu bat egitea pentsau genduan, eta Aitor Zuberogoitiagaz jarri ginan hartu-emonetan; harek dokumentala egitea proposatu euskun, eta, egian esan, ideia bikaina izan da.

Zenbait gazte ausart da dokumentalaren izenburua. Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultadean ikus-entzunezko ikasketak egiten dabilzan hiru ikaslek egin dabe: Iker Ugalde, Ekaitz Herrera eta Alexander Silvak. Ikasketa amaierako proiektua da dokumentala. Guretzat aukera parebakoa izan da, ikasketak amaitu barik film luze bat egiteko modua izan dogulako. Zuberogoitiaren beraren eta Iban del Campo irakasle eta zinemagilearen laguntzinoa izan dabe dokumentala egiteko.

Dokumentalean, ikasle bat lan akademiko bat egin beharrean dago, eta Euskaltzaindiaren, euskera batuaren, alfabetatze mobimentuaren eta euskalkien gaineko informazinoa jasoten dau. Euskaltzaindiaren historiak atrapau egiten dau ikaslea, konturatzen baita gaztetasuna eta aurrera egiteko pasinoa dituala Euskaltzaindiak.

Dokumentalerako 30 lagunen testigantzak batu ditue eta horreetako batzuek lotura estua dabe Euskaltzaindiagaz: Andres Urrutia, Jean Haritxelhar, Xabier Kintana, Miren Azkarate, Joan Mari Torrealdai, Jose Luis Luis Lizundia... Beste batzuk, barriz, euskalgintzan nahikoa ezagunak dira: Pello Zabala, Xabier Mendiguren Bereziartu, Jose Angel Iribar, Aizpea Goenaga, Karmele Jaio, Dionisio Amundarain... Gatxena ordubetean laburbatzea izan da, 25 ordu geunkazan eta grabauta. Euskaltzaindiaren historia ahalik eta modu erakargarrienean kontau nahi izan dogu. Dokumentala hainbat herritan ikusi ahal izango da Korrikak iraun bitartean, eta salgai be jarriko dabe.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu