Bilboko Udalak 'Bilbo eta bere auzoak: historiatik begiratuta' serieko azken liburukia argitaratu dau

Bizkaie! 2011-03-08 13:25   Kulturea

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Bilbo eta bere auzoak: Historiatik Begiratuta bildumako bosgarren eta azken liburukia argitaratu barri dau. Ekimen hori Bilbao Izan programearen barruan sartzen da, eta bere helburu nagusia Bilboko barrutien historian sakontzea eta herritarrakana hurreratzea da.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Bilbo eta bere auzoak: Historiatik Begiratuta bildumako bosgarren eta azken liburukia argitaratu barri dau. Ekimen hori Bilbao Izan programearen barruan sartzen da, eta bere helburu nagusia Bilboko barrutien historian sakontzea eta herritarrakana hurreratzea da.

Bidebarrieta Monografiak bildumearen barruan argitaratu dan bosgarren liburuki hau 15 euroan eros daiteke liburu-dendetan eta maileguan har daiteke Udaleko Liburutegi Sarean. Liburukia Matiko eta Uribarri, Txurdinaga, Iturralde, Zabala, San Adrian, Ametzola, Peñascal eta Uretamendi eta Betolaza auzoetan oinarritzen da, eta horreekaz zarratzen da historiaren zenbait unetan Bilboko auzoen historiari, urigintzeari, arkitektureari edo errealidade sozialari buruz egindako ikerketa saila.

Bilbao Izan egitarauaren barruan, 2005etik 22 hitzaldi emon dira. Hitzaldi horreetan, izen handiko hizlariek auzoen nondik norakoan garrantzi handia izan daben historiari, errealidade sozialari edo demografiari buruzko alderdiak aztertu ditue, eta hitzaldi horreek bilduma honetako aurreko lau liburukietan argitaratu ziran. Bosgarren liburuki honek, Kultura eta Hezkuntza Sailak berenberegi aginduta, espezializautako ikerlariek oraindino ikertu barik egozan auzoetan egindako ikerketak batzen ditu.

Lehenengo azterlana Matiko eta Uribarri auzoei buruzkoa da, eta egileak, Raúl López historiagileak, frankismoaren amaierako urteetan Bilbon egozan talde ordezkaritzei buruzko azterketa soziala egin dau, inguru horretako biztanleen alkarteen bitartez.

Alonso Olea doktoreak egin dauen bigarren artikulua Txurdinagako auzoari buruzkoa da. Azpimarragarria da lanaren planteamendua, berrogeita hamarreko hamarkadearen erdialdean hasten baita, auzoaren eraikuntzea hirurogeiko hamarkadara arte hasi ez bazan be. Beste auzo batzuekaz konparauta dauen berezitasun nagusia, hainbat fasetan planifikauta egoala eta kaleak trazauta zituala, saneamenduagaz, argiztapenagaz, etab. eregi izan zala da. Egileak ereduzko auzoa aitatzen dau, diseinu prozesu luzearen ondoren eginikoa.

UPV/EHU-ko Arkitektura Garaikidearen Historiaren ikerlari taldeari jagokonez, hurreraketea proposatu deusku Iturralde auzoaren jatorrira, Bilbo Zaharra, Zabalbide, Kristo, Atxuri eta Iturribide auzoen azterketea eginez, urigintzearen eta arkitekturearen ikuspegietatik, Prim kalera heldu arte. Lan horretan arkitektura esanguratsuena eta urigintzako zenbait elementu azpimarratzen dira, Gayarre antzokia edo Solokoetxeko igogailua, besteak beste.

Zabala auzoari buruzko azterlana Arantza Pareja historiagileak sinatu dau. Oraingo honetan, XIX. mendearen amaierako industria eta meatzaritza jarduerak markautako urigintza garapenaren beste adibide bat da. Hasiera batean lan ingurua izan zan, meategiak zirala eta, ondoren trenbideak hartu eban nagusitasuna, eta baita Mena Egoitza izenekoak be. 1887 eta 1888 artean, edegi zanetik, inguru haretan meatzariak, trenbideko langileak eta behartsuak bizi izan ziran, bata bestearen ondoren. Meatzaritzearen desagerpenak hasieran eta industriaren krisialdiak ondoren, ezaugarri horreek desitxurau ditue XX. mendearen azken hamarkadetatik, eta inmigrazino eta urigintza kirurgia mobimentu barriak sartzeko bidea edegi dabe.

San Adrian, urian egoan espazio faltearen ondorioz sortutako beste auzo bat da. Auzo horri buruzko azterlanaren egilea Susana Serrano, Historia Garaikide doktorea da. Egilearen eretxiz, inguru horrek irakurketa gatxa dauka, bilbotarrak asko igarotzen diran eta ondo ezagutzen daben lekua bada be, ez baita erraza definidutea, bere baldintza fisikoak eta nekazaritza gune eta urigune artean dauen izaera eszentrikoa dirala eta. Beraz, ez zan zeozelako izaerea dauen auzo moduan eratu XX. mendearen hirugarren laurenera arte.

Jon Penche ikerlariari jagokonez, Ametzolako auzoaren historiari eta urigintzeari buruzko sarrerea egin ondoren, bertako eraikin berezi nagusien bilakaerea erakusten deusku: zezen plazea, merkantzien geltokia, Abandoko Udaletxea, ondoren Umezurtzen egoitzea izan zana, Abandoko pilotalekua, Injineru Eskola, Etxetxoko kioskoa eta, azkenik, Kirol pabilioia.

Liburuki honek, gehien bat gizarte alorra lantzen dauen Peñascal auzoari buruzko lan bat be jasoten dau, eta auzoaren nondik norakoei buruzko erreferentziak emoten ditu. Javier del Vigo egileak auzoaren jatorria azpimarratzen dau, Bilboko beste auzo batzuen jatorri bera: txabolismoa. Beste puntu interesgarri bat Eleizeak, auzoaren baldintzak hobetzeko, urte horreetan egin eban lana da.

Azkenik, Uretamendi eta Betolaza auzoei buruzko azterlana dago. Bertan, Joseba Eguiraun psikologoak pinudiz eta gaztainadiz betetako gune periferiko bat, 1950etik aurrera, ia gauetik goizera, txabolaz bete zala erakusten deusku. Azterlanaren ardatzetako bat, Extremaduratik etorritako etorkinez osotuta egoan Uretamendi eta Galiziatik etorritakoek osotzen eben Betolaza auzoetan, bertako eleizeak eta biztanleek bultzatuta eratutako erkidegoaren antolakuntzea da. Antolakuntza horren helburu nagusia auzoa legeztatzea eta txabolen ordez etxebizitzak eregitea izan zan.

Ekimen horren bitartez, Bilboko Udalak tokiko historiaren azterketea bultzatu eta lagundu dau, eta emoitzak lan eta ikerketa serioak eta zorrotzak izan dira. Lan horreek, hasiera batean, 'Bilbao Auzoz auzo' hitzaldi programan aurkeztu ziran, eta, ondoren, liburu bilduma honetan batu dira. Bildumea, benetako erreferentzia da historialari profesionalentzat zein Bilboren eta bere auzoen bilakaeran interesauta dagoan edozeinentzat.

Bilboren eta bere auzoen historiari buruzko begirada hau oso lagungarria izan da bilbotarrek gure auzoen sorkuntzea eta ondorengo garapena hobeto ezagutu deien.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu