B Awards lehiaketea antolatu dabe, Bilbo eta Bizkaia diseinuaren alorrera hurreratzeko
2011-03-07 14:26Mundu zabaleko sei unibersidadetako 30 proiektu hautatu ditue lehiaketan parte hartzeko, tartean EHUko bost.
Mundu zabaleko sei unibersidadetako 30 proiektu hautatu ditue lehiaketan parte hartzeko, tartean EHUko bost. Herritarrak diseinuaren munduaren inguruan sentsibilizetea nahi dogu, azaldu dau Bizkaiko Foru Aldundiko Iñaki Hidalgok, Bilboko Alondigean egindako aurkezpenean. Izan be, B Awards sariak ez dira helburu artistiko hutsetan geratuko, enpresen eta sortzaileen arteko zubi-lana be egin gura dabe, diseinua etorkizun atsegina eregiteko tresna eraginkorra dalakoan.
Sariketako 30 lanak, bost kategoriatan banatu ditue: Habitata, Produktua, Garraioa eta mobikortasuna, Espazio publikoa eta Komunikazino bisuala. Zazpi B Awards sari emongo ditue guztira, garrantzitsuena Glocal Design Saria izango da, aurkeztutako lanik onenarentzat. Local Design garaikurra, barriz, Euskal Herriko sorkuntzarik onenari emongo deutsie eta ganera, kategoria bakotxeko sari bat egongo da, izatez, enpresarik onenetan jarduteko bekak emongo doguz, irabazleek euren diseinuak errealidadera eroan deiezan. Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek ez eze, Oslo, Danimarka, Harvard, Singapur eta Hong Kongeko unibersidade eta ikastegietako kideek be hartu dabe parte lehiaketearen lehenengo ekitaldi honetan. Epaimahaia nazinoarteko adituek osotuko dabe, Philippe Starck diseinatzaile ezaguna buru.
Bilbao Bizkaia Design Festival, diseinu lehiaketea da batik bat, baina gai horregaz lotutako beste hainbat jarduera antolatu ditue martirako eta apirilerako. Bilboko Alondigean ikusgai egongo dira hautatutako 30 proiektuak martiaren 23tik apirilaren 3ra. Martiaren 23tik 25era, B Awards Jaialdia dalakoa egongo da, orduan irabazleen barri emongo dabe eta berbaldiak, tailerrak, erakusketak eta abar egongo dira, gehienak Alondigean bertan.
Bilbo eta Bizkaia diseinuaren mundura erakartea da Bilbao Bizkaia Design Festival jaialdiaren helburua. Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak azaldu dauenez, Bilbon, ideiak praktikan jartea gustuko dogu, diseinua uriko txoko guztietan topauko dogu. Diseinuari esker, uria biziteko atseginagoa, erosoagoa bihurtzen dala be nabarmendu dau Bengoetxeak. Etorkizuneko Bizkaia eregiteko bidean dago diseinuaren aldeko apustua, enplegua eta aberastasuna sortzeko estrategian dago hau guztia, XXI. mendeko Bizkaiaren etorkizuna mota honetako ekimenetan dago, ziurtau dau Iñaki Hidalgo kulturako foru diputaduak. Bizkaia kreatiboa sortzen gabilz, iragana ahaztu barik, ganeratu dau.
B Awards sariketearen eta Bilbao Bizkaia Design Festival jaialdiaren lehenengo ekitaldia da aurtengoa, baina antolatzaileek adierazo dabe, datozen urteetan jarraitzeko asmoa daukiela. Diseinatzaile eta enpresen arteko zubiak eregitea ezinbestekoa da, ikasleei urtenbideak emoteko eta euren ideiak errealidade bihurtzeko, aitatu dau Iñaki Hidalgok. Euskal diseinua sustatzeko egitura egonkor eta sendoa sortzeko beharrizanari erantzungo deutsie, antolatzaileen berben arabera. Informazino gehiago, helbide honetan: www.bawardsfestival.com
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!