Gerra Zibileko Euskal Selekzinoa
2026-11-23 08:50 Antxinakoak GeureraOraintsu Euskal selekzinoak Venezuelaren kontra jokatu eta irabazi egin dau partidua San Mamesen.
Guda Zibilaren sasoira bueltauko dara futbolari buruz berba egiteko, zehatz-mehatz orduko euskal selekzinoaren gainean. Euskal selekzinoak Venezuelarenkontra jokatu eban lagunarteko partidua bat San Mamesen. Palestinaren kontrako igazko partiduan baino zale gitxiago hurbildu bazan be, 40.000 gizonek eta emakumek (zifra polita) gure herrialdearen selekzinoari animoak empten sutsu ibili ziran. Kontuak kontu, bizkaitar baten golari esker, Bermeoko gizasemea dan Markel Jauregizarri esker, gure selekzioak irabazi eban. Bada, orain ia 90 urte beste bizkaitar batzuek sasoi haretako euskal selekzinoan jokatu eta guda zibilean euskal selekzinoak Europatik eta Ameriketatik egindako biran parte hartu eben.
Momentu haretan Eusko Jaurlaritzea Bizkaian kokatu zan, Bilbon hain zuzen be, 1936ko urritik 1937ko garagarrilera arte. Eta Agirreren gobernuak euskal gudaroste bat sortu eban frankisten tropei aurre egiteko. Baina Eusko Jaurlaritzeak dirua behar eban, gerreak ekarzan gastuei aurre egiteko, eta gauzak holan dirala, agintari euskaldunek pentsau eben euskal selekzinoa indartzea eta kanpora bialtzea dirua jasoteko. Ez hori bakarrik Eusko Jaurlaritzearen enbaxadoreak izateko be erabili zan, eta munduari helarazoteko zer jazoten zan gure lurraldean. Eta holan izan zan.
Urte bi horreetan 80 bat partidu jokatu zituen euskal jokalariek gure koloreak defendiduz eta, danetara, 289 gol sartu zituen. Euskadiren ordezkari leialak batu ziran hainbat taldetatik etorritakoak: Athletic-eko jokalariak egozan, baina baita, Real Madrilekoak, Oviedoko bat (Isidro Langara, urte horreetako euskal selekzinoko goleatzaile nagusia izan zana), Bartzelonan jokatzen ebanetako bat, baita Arenas de Getxoko edota Real Union edo Racineko jokalariak be. 80 partidu horreetan Norvegia, Danimarka, Txekoslovakia, Kuba, Mexiko edota Georgiako selekzino nazionalen kontra jokatu eben, baina beste makina bat klub eta uritako edota eskualdetako taldeen kontra be jokatu eben. Euskal selekzino haretan jokalari bizkaitarrak be egon ziran, besteak beste, Blasco atezaina, Iraragorri, Guillermo Gorostizak edo Leonardo Cilaurrenek Athleticen jokatzen eben, eta Emilio Alonso eta Rafael Eguzkiza Real Madrilen eta Barakaldon, hurranez hurran.
Blasco Athleticeko atezaina izan zan 30eko hamarkadan eta 4 liga eta 4 Errege Kopa irabazi zituan. Estaduko atezainik onenetakoa izan zan. Euskal selekzinoagaz jokatu ondoren, Mexikon jokatzen jarraitu eban eta txapelketa ugari irabazi zituan han. Gorostiza jokalari aparta izan zan, goleatzaile fina.
Athleticegaz 4 liga eta 4 kopa irabazi zituan eta gerra ostean Valentzia taldeagaz beste liga bi eta kopa bat. Euskal selekzinoagaz Europatik hainbat partidu jokatu zituan, golak sartu be bai, baina nazionalek edo frankistek Bilbo konkistau ebenean euskal selekzinoa laga eta Espainiara bueltau zan nazionalen alde burrukatzeko.
Iraragorri eta Real Madrileko Emilio Alonso beste bilakaera bat izan eben. Iraragorrik be 30eko hamarkadan Athleticen jokatu eban eta aitatu ditugun jokalariek bezela 4 liga eta 4 kopa irabazi zituan eta makina gol sartu be bai. Euskal selekzinoan partidu asko jokatu eta gol asko sartu zituen eta 39an euskal selekzinoa desegin zanean Argentinan eta gero Mexikon jokatu eban. Mexikon hainbat txapelketa irabazi zituan. Ondoren, Bilbora bueltau eta 3 urtez Athleticen jokatu ondoren, erretirau egin zan. Aurrerago 1949tik 1952ra bitartean Athleticeko entrenatzailea izan zan eta urte horreetan beste txapelketa bi irabazi zituan talde bilbotarragaz (Errege Kopa bat eta Duarte Kopea, egungo Superkopearen aurrekoa), baina orduan entrenatzaile legez. Emilio Alonso Larrazabal Arenas de Getxon jokatu ondoren, Real Madrilen jokatu eban.
Orduan be gure koloreak sentiduten zituen jokalariek futbol zelai askotan gure lurraldea harrotasunez ordezkatu eben, garai ilun horreetan, eta egun, barriro be, espero dogu gure jokalaririk onenak be gure selekzinoagaz inplikazino bera izatea eta danon artean, baita politikarien laguntzeagaz, danon buruan dagoan helburua lortzeko pausuak emotea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
