Gizarte Segurantzaren DIE sisteman euskeraz, katalanez eta galegoz egitea debekatuta dagoala salatu dau UEMAk
2011-03-07 10:23 Euskerea berbagaiRED-DIE, Dokumentuen Igorpen Elektronikoak Gizarte Segurantzaren Diruzaintza NagusiaK enpresei eta kolegiatutako profesionalei eskaintzen deutsen zerbitzua da, bitarteko telematikoen bidez erakundeen arteko informazino trukea errazteko.
Zerbitzu honek honako jarduera alorrak hartzen ditu: Kotizazinoa, Afiliazinoa eta Aldi Baterako Ezintasunaren Alta eta Baja parteen bialketea.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) Gizarte Segurantzaren RED-DIE sisteman euskeraz, katalanez eta galegoz egitea debekatuta dagoala salatu dau. Sistemeak gero eta gestino gehiago bideratzen ditu eta, abian jarri zanetik urte asko pasau bada be, gaur egun ez dago euskeraz, katalanez eta galegoz erabilterik, UEMAko iturriek adierazo dabenez.
Ondorioz, enpresa edo erakunde bakotxean dagozan langileei buruzko gestinoa egin ahal izateko, esate baterako, altak, bajak edo gizarte aseguruen ordainketak, gaztelania erabili behar da derrigor.
UEMAren arabera, gaur arte, zeregin horreek euskeraz egiteko aukerea izan arren, ez da erraza izan zereginok euskeraz egitea, Gizarte Segurantzak ez ditualako beharrezko inprimaki asko euskeraz eskaini. Horrek lan gehigarria ekarri deutse udal eta enpresei, agiriak euskeraz jarten edo eskuratzen saiatu behar izan dabelako, gaineratu dabe.
DIE sistemea indarrean jarri zanetik hona Gizarte Segurantzak ez dau ezelako ahaleginik egin eleaniztasunera egokitzeko, UEMAk salatu dauenez, eta beraz, ez euskaldunok bakarrik, katalanek eta galegoek be, ez dabe aukerarik euren hizkuntzan jarduteko. Zer esanik ez asturiarrek eta aragoieraz berba egiten dabenek. Hau da, danetara ia 14.000.000 personak (hamar biztanletik hiruk) ezin dogu geure hizkuntzea erabili Gizarte Segurantzaren DIE sisteman, kritikau dabe.
Hori ikusita, eta arazoa konpontzeko, UEMA hartu-emonetan jarri zan Bizkaiko Gizarte Segurantzagaz, eta erantzunik ez egoanez, Espainiako Kongresuko euskal parlamentario batzuei arazoaren barri emon jaken. Horren ondorioz, EAJren ekimenez, ez-legezko proposamena onartu zan zemendian Diputaduen Kongresuan Estaduko Administrazinoa eleaniztasunera egokitzeko beharra azpimarratzeko eta, zehatzago, zerbitzu telematikoetan epe labur-laburrean eskubide horreek bermatzeko egin beharrekoak egin eiezan.
Gestino horreen ondorioz, UEMAri eta bertan parte hartzen daben hiru udali behin-behineko baimena emon eutsien euskerazko papelezko agiriak erabilten jarraitzeko, DIE sistemearen ordez. Edozelan be, langileen gizarte-zergak ordaindu beharreko bakotxean, Gizarte Segurantzako bulegoetara joatera zigortu ditue lau erakunde horreek.
Bestalde, Gizarte Segurantzak ordainketa horreek finantza-erakundeetan egin ahal izateko, 'Baimendua' zigilua jarri eta barriro finantza-erakundera joan beharko dabe, ordainketea egitera. Azken batean, euskeraz lan egin nahi izateak lan gehiago eragin deusku, papelean funtzionau behar izatearen ondorioz, adierazo dabe.
Horregaitik, hizkuntza-alorreko lege guztiak betez eta betearazoz, UEMAk Gizarte Segurantzari eskatu deutso ez daizala baztertu euskeraz edo tokian tokiko berezko hizkuntzetan lan egiteko erabagia hartu daben erakunde publikoak, eta onartu daiala gaztelania ez beste hizkuntzak erabiltea Gizarte Segurantzagazko idatzizko hartu-emonetan.
Era berean, DIE sistemeari jagokonez, Gizarte Segurantzak sistema hau ahalik eta lasterren euskeraz, katalanez eta galegoz erabilteko aukerea emon daiala eskatu dabe, aparteko lanik edo ezelako zigorrik jaso barik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!