Jose Inazio Basterretxea: 'eleberriaren gaia ez da gerra, hori baino humanoagoa da gaia'

Elkar 2011-03-01 14:57   Barriketan
Idazlea eta irakaslea

Azken tranbiaren itzala izenburuko liburua aurkeztu dau Jose Inazio Basterretxea Polok (Galdakao, 1959), 36-39ko gerran kokaturiko istorioa.


1.- Gerra zibilean girotutako istorio bat; holakoa zan aurrekoa be, Mandatariaren gerra. Gaiak askorako emoten dauen seinale?

Testuinguru interesgarria emoten dau gerrak, lekutze bat eta datatze bat. Eleberriaren gaia ez da gerra, hori baino humanoagoa da gaia. Hurreko istorio bat kontetan dot. Denpora kronologikoan, 1938an datatua. Denpora mentalean, etxe guztietan gitxi-asko aitatu-edo dan gerra zibilean kokatua. Mandatariaren gerra bera be holan egoan girotuta: gerran. Harek hartu-emon gehiago eukan fronteagaz, honek gehiago erretagoardiagaz. Bi eleberriren artean, halan da be, badira keinuak, batetik bestera bialtzen gaituenak. Egoera larrietara eroaten ditu gerra batek personak, gerraren egoera latzak asko erakusten dau giza hartu-emonak zelakoak diran. Halabeharra beti dago presente bizitzan eta, zelan ez, gerran.


2.- Erretagoardiakoen lan zikinak, mobimentu ekonomikoak eta holakoak kontetea originala da...

Gerra, guda-oinetako gerra hori, frontean garatzen dan gerra hori izugarria da: odola, gaixotasuna... Badauka, bestalde, epika handi bat: horra hor gerrei buruz egin diran filmak, produkzino erraldoiak, askotan arrakastatsuak. Ez da hor gerra amaitzen, frontean hain zuzen. Eta nago erretagoardia bera, frontearen atzealde hori, ondo sufritua dala gerra guztietan. Eta, normalean, epika askorik barik baztertzen da atzealdeko gerra hori. Monumentu gitxi egin jakoz erretagoardiari. Erretagoardia horretan, lan miserable eta egoera miserable askotxu dagoz, gerra guztietan. Protagonistak heroi bihurtzera eroan leizu fronteko epika handiak; erretagoardiak, barriz, protagonistak lantzera, giza alderdia azaleratzera; heroiak baino gehiago, buztinezko pertsonaiak daukazuz eskura; ez dabe tiroa saihestu behar, bizitza bera behar dabe saihestu!


3.- Errepublikarren eta abertzaleen bandoa erretratau beharrean, frankistakan ipini duzu begiradea...

Akaso, epika handiaren parte handiena frankistakan oinarritu dot. Baina, badira pasarteak, epika handi horretan, abertzale eta errepublikazaleei jagokezanak: Frantzian kokaturik deskribiduten dan topaketa armatuan, antifaxistak dira lehen mailako protagonista. Baina, bai, asko berba egiten da frankistei buruz nobelan, asko dago-eta eurei buruz esateko. Beste bandoa, errepublikeari leial izan zana da epika txikiaren protagonista handia, erretagoardiako epika txikiaren protagonista handia...


4.- Gerra garaiko intrahistoria agertu dozu, euskal herri bateko familia xume bat protagonista koral moduan hartuz...

Hor dago epika txikiaren protagonista handien atala. Erretagoardia zerbait baldin bada da familia. Izango dira fabrikak, batailoien joan-etorriak, buruzagitza eta lehendakaritzearen aginduak, errekrutamendua, polizia han eta hemen... baina, erretagoardia da jentea, familia, eta bildurra, izua, askoren menpe egon beharra, desinformazinoa, ezinegona... Eleberri bat eregiteko, mintegi aproposa. Ez dot gerra/gerraostea kontau nahi izan historia-liburuetan konta daitekeen moduan. Etxe batek gerraoste malapartatu bat zelan bizi izan dauen baino. Gerraosteak, sarritan, gerrak baino latzagoak dira. Eta, halakotzat daukat gerra zibil espainiarrak itxi ebana gure herrian.


5.- Zenbat dago hemen artxibo-lanetik, zenbat etxean jasotako istorioetatik?

Jazoerai xume bat dago nobelearen abiapuntuan, eleberrian pieza laburra da, segundo bat. Segundo hori da etxean jasoa, eta historikoa da segundo hori. Gainerakoak, jazoera hori osotzeko lanak, bi iturri izan ditu: artxiboa (Arteakoa, Bizkaiko Diputazinoarenak eta Eleizearenak) eta amesa, fikzinoa. Etxean entzundako apurraren gainean, kalean entzundako apurraren gainean, eta almohadak sortutako askoren gainean eregitako narrazinoa da eleberri hau. Eleberriaren orpoa amona bat da, Maria eleberrian. Horren inguruan antolatzen da narrazinoa, modu kontzentrikoan nahi baldin bada. Ez da askorik berba egin gure etxean gerreari buruz... Nahikoa berezia izan da gurean gerrea, frontearen alde biak ezagutu doguz-eta. Gitxi berba egin da, baina pintzelada batzuk entzun izan doguz umetan: bazkarietan eta telebistarik bako gauetan; baita gero be, nagusiagotan. Pintzelada horreek nahikoa izan dira orain fikzinoaren makineari eragiteko, eleberria abian jarteko. Bestela esanda, sentimentalki, asko dauka eleberriak etxean edandakotik. Historikoki, gitxi.


6.- Hasieratik igarten dau irakurleak bi hari horreek topo egingo dabela, baina halan da be tensino dramatikoari eusten asmau dozu...

Sentipen bat transmitidu nahi izan dot eleberrian, eta da halabeharrarena. Irakurlearengan erreflexino bat eragin nahi neban halabeharrari buruz, heriotzeari eta biziteari buruz, eta erregalau, irakurleari erregalau nahi neutsan testu gozo bat. Bi hareek, bi istorioek asko lagundu deustie ehuntze-lan horretan. Izan da tranbiaren errail bikotza legez, bi-biak behar ditu atoiak aurrera egiteko, baten faltan lokomotorea trabau eta konboiak deskarrilau egingo dau. Neuk be errail bi behar nituan eleberri homozentriko hau eregiteko: bi istorio, baina zentro bakarra; ebitauezina dan zeozer dago zentroan, eta haren inguruan kateatzen dira bi hariak.


7.- Pertsonaia bat dago, gaur egun, orduko historia zaharra berreregiten: idazlearen figura bera?

Bai. Zeozelako narradorea da, baina, era berean, pertsonaia be bada nobelan. Berak desenkadenatzen dau eleberria, bera dala medio aktibetan dira erresorte narratiboak... baina, era berean, berak bere istorio propioa bizi dau, batetik eleberriaren orpo dan historiagazko, iraganagazko; eta, bestetik, presenteagazko, bere maitasun-istorio propioa hor dago-eta.


8.- Irakurketan, oso nabarmena egiten da zure hizkera jaso, dotorea. Ahalegin kontziente bat egin dozu edo...?

Ez da inprobisazinoa. Elementu askoren gehiketea da eleberria: argumentu bat, pertsonaia batzuk, narrazinoaren kudeaketa egoki bat... eta, oinarrian, testu bat, diskurtso idatzia. Atsegin dot gauzak polito esatea, baina kargau barik, testuak ondo korridu behar dau; bestela, arriskuan egon baitaiteke irakurleagazko harremana.


9.- Pasarte laburren teknikea darabilzu: hari batetik bestera iraganez, saltoka...

Teknika interesgarria iruditzen jat. Batetik, tensino narratiboari eusteko baliogarria dala uste dot; eta, bestetik, bide bat da irakurlea traba ez daiten istorio handiaren pasarte txiki batean. Esan nahi dot: irakurleak badaki istorioak badaukala jarraipena, etorriko dala orriek aurrera egin ahala planteau jakon galderearen erantzuna, baina, bitartean, beste gauza batzuk kontauko jakoz, eta kontetan jakozan horreek, era berean, istorio handiagaz lotuta dagoz, istorio handia eregiten laguntzen dabe.

Zinemak asko landu dau perspektiba hori. Atsegina jat, lantresna moduan.


10.- Gerra haretan girotutako eleberri gehiago etor leitekez, ala beste gai batzuetara aldatzeko asmoz zabilz?

Ikusiko dogu...

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu