Euskaltzaindiak Joseba Intxaustiren eta Mikel Zalbideren liburu bana argitaratu ditu

Bizkaie! 2011-02-25 10:17   Euskerea berbagai

Euskaltzaindiak liburu barri bi aurkeztuko ditu gaur hilak 24 Bilboko Plaza Barriko egoitzan: Joseba Intxausti ohorezko euskaltzainaren Euskararen Historia Soziala (EHS). Argibide bibliografikoak eta Mikel Zalbide euskaltzain osoaren Euskararen Legeak hogeita bost urte. Eskola alorreko bilakaera: balioespen-saioa.

Euskaltzaindiak liburu barri bi aurkeztuko ditu gaur hilak 24 Bilboko Plaza Barriko egoitzan: Joseba Intxausti ohorezko euskaltzainaren Euskararen Historia Soziala (EHS). Argibide biliografikoak eta Mikel Zalbide euskaltzain osoaren Euskararen Legeak hogeita bost urte. Eskola alorreko bilakaera: balioespen-saioa. Intxaustiren lana Etxeberri bilduma barriko lehenengo zenbakia izango da; Zalbiderena, barriz, Jagon bildumaren 11. zenbakia.

Euskararen Historia Soziala (EHS). Argibide bibliografikoak argitalpenagaz hasiko dau Euskaltzaindiak Etxeberri (EHS) izeneko bilduma barria, euskerearen historia soziolinguistikoari eskainia. Argitalpenaren helburu nagusia Euskerearen Historia Soziala (EHS) Euskaltzaindiaren egitasmoaren inguruan sortzen dan hainbat material jentaurrean agertzea da. Joseba Intxaustik dinoen moduan, helburua EHS ezagutu ahal izateko eskura dagozan argitalpenak aurkeztea izan da, liburuak eta artikuluak batuz.

Guztira, 4.440 erreferentzia jasoten ditu liburuak, hizkuntzearen historia sozial orokorrera hurreratzeko bibliografia hautatua eskainiz: 1.657 liburu, 1.955 artikulu eta 828 berbaldi edo liburu-kapitulu. Euskerearen iragan soziala ezagutu eta arakatu nahi dabenentzat pentsauta dago liburua, eta batez be ikertzaile eta ikertzaile-gaientzat egin da; ikertzaile gazteak izan ditu gogoan Euskaltzaindiak. Izaskun Etxebeste eta Koro Segurola Euskaltzaindiko teknikariek be lan egin dabe liburu honetan.

Euskerearen Legeak hogeita bost urte. Eskola alorreko bilakaera: balioespen-saioa. Liburu honen abiapuntua 2007an Euskaltzaindiak egin zituan Jagon Jardunaldietan dago. Euskerearen Erabilerea Normaltzeko Oinarri Legeak 25 urte beteten zituanez, legeak mende-laurenean izandako bilakaeraz gogoeta-saioa egin zan aitatu jardunaldi horreetan. Alde askotatik jorratu zan gaia: administrazinoa, kulturgintzea, komunikabideak... Mikel Zalbide euskaltzain osoak parte hartu eban jardunaldietan, eta hezkuntza alorreko bilakaeraz balioespen teknikoa egin eban. Liburu hau da orduko emoitzea.

Liburua perspektiba soziolinguistikotik idatzita dago, baina beste hainbat alor be kontuan hartzen ditu: jurilinguistikea, hezkuntza elebiduna, demolinguistikea eta, danen ganetik, euskerea indarbarritzeko saioan hezkuntza alorreko aplikazino-neurrien ekarpena. Gizarte giroa -1982koa, 2007-08koa-, A, B eta D ereduek ordutik hona izandako bilakaerea, emoitzak, erronkak... hori guztia liburuan aztertzen da. Ondo egin ete dira gauzak eskola-munduan? Bestalde, beteten ete da legea? Zertan asmau da? galderek liburuan dauke erantzuna.

Azken gogoeta-saioaz amaitzen da lana: Mikel Zalbideren ustez, euskerea ez doa, oro har, berehala galtzera; elebitasuna dogu, orain eta hemen, euskaldunon bizi-aukera bakarra; euskereak 'bere lekua' behar dau ostera, galduko ez bada (edozein elebitasun-ereduk ez dau balio); perspektiba horretan txertatu behar da, beraz, eskolako jarduna; legearen barruan gehiegizko konfidantzea ipinteko arriskua dago, orduan egoan moduan, eta ofizialtasunaren kontzeptua argitasun eske dago.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu