'Plater hautsiak', Euskal Herriko zeramikea ikusgai Bilboko Arkeologi Museoan
2011-02-23 13:44 KultureaHego Euskal Herriko hainbat lekutatik ekarritako ia 75 pieza batu ditue Plater hautsiak zabaldu barri daben erakusketan. Maiatzaren 1era arte egongo dira ikusgai zeramikok.
Hego Euskal Herriko hainbat lekutatik ekarritako ia 75 pieza batu ditue Plater hautsiak Bilbon zabaldu barri daben erakusketan. Jasotako zeramikarik zaharrenak kristo aurrekoak dira, eta barrienak gaur egunekoak. Arkeologoen lanean zeramikeak daukan garrantzia azaldu gura dabe honegaz erakusketeagaz. Maiatzaren 1era arte egongo dira ikusgai zeramikok, Bizkaiko Arkeologi Museoan, Mallonako Galtzadetan. Geure iraganeko historia berreregi eta ezagutzeko aukerea emoten dabe zeramika piezek, nabarmendu dau Jon Iñaki Zarraga Bizkaiko Foru Aldundiko Kultur Zuzendariak, erakusketearen inaugurazino ekitaldian.
Plater hautsiak erakusketea hiru ataletan banatu dabe: lehenengoan, Zeramika eta gizartea izenburupean, 24 pieza dagoz ikusgai; bigarrenean, Zeramika eta arkeologia dalakoan, 32 objektu; eta, amaitzeko, beste 15 pieza dagoz Zeramika eta historia atalean. Hego Euskal Herri osotik ekarritako zeramikazko objektuak dira; edalontziak, potoak, platerak, pitxerrak, teilak eta abar. Zaharrenak Kristo aurreko 4000. urteko piezak dira, Araban eta Bizkaiko Galdames herrian topautakoak. Kortezubin topautakoak, barriz, Kristo aurreko 3000. urtekoak dira. Erromatarren sasoikoak, Erdi Arokoak eta barriagoak be badagoz erakusketan, gizakiaren historian zehar zeramikeak euki dauen garrantzia azaltzeko.
Erakusketako objektuak, batez be, Arabako Bibak arkeologi-museotik, Gipuzkoako ondare arkeologiko eta paleontologikoa batzeko alkartetik eta Nafarroako Gobernuaren erakundeen bildegietatik ekarri ditue. Bilboko Arkeologia Museoko bertako zein Euskal Museoko piezak be ugari dagoz. Zeramikea da arkeologian gehien agertzen dan materiala, aspalditik ezagutzen da, ondo irauten dau eta historia berregiteko pista asko emoten ditu, azaldu dau Jose Luis Ibarra erakusketako arduradunak.
Zeramikeagaz batera, informazino-panel zabalak jarri ditue erakusketan, bisitariei pieza guztien testuingurua ulertzen laguntzeko eta baita zeramikeagaz arkeologoek egiten daben lana ezagutarazoteko be. Zeramikazko objektu baten aurrean, adituek, ikerketa-prozesu ugari egin behar ditue, datazinoa, piezearen ezaugarriak aztertu, zertarako erabili zan asmau, testuinguru historikoan kokatu eta abar, azaldu dau Jose Luis Ibarrak. Piezak jenteari erakutsi bakarrik ez, hareekaz zelan egiten zan lan be erakutsi nahi izan dogu eta arkeologo zein historialariek zelan berreregiten daben hori guztia, ganeratu dau Jon Iñaki Zarragak.
Plater hautsiak erakusketea Bilboko Arkeologia Museoan egongo da maiatzaren 1era arte; martitzenetik zapatura, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era, eta domeketan, goizez baino ez. Kontuan hartzekoa da Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari Jon Iñaki Zarragak esandakoa, zeramikea ezinbestekoa da gizakiaren bizimoduaren ganeko informazinoa lortu eta danon eskura ipinteko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!