UPV/EHUk eta Cilengua-k Donemiliaga Kukulako ondarea ikertzeko hitzarmena sinatu dabe
2011-02-21 13:00 Euskerea berbagaiEuskal Herriko Unibersidadeak eta Donemiliaga Kukula Fundazinoaren Cilengua-k (Espainiar Hizkuntzaren Nazinoarteko Ikerketa Zentroa) lankidetza-akordioa aurkeztu dabe Logroñon.
Gaur goizean Euskal Herriko Unibersidadeak eta Donemiliaga Kukula Fundazinoaren Cilengua-k (Espainiaren Hizkuntzaren Nazinoarteko Ikerketa Zentroa) lankidetza-hizarmena aurkeztu dabe. Ekitaldia Logroñoko Erregio-gobernuaren Jauregian izan da, eta bertan egon dira Errioxako eta Donemiliaga Kukula Fundazinoko presidente Pedro Sanz, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Blanca Urgell, UPV/EHUko Euskera eta Eleaniztasun erretoreorde Gidor Bilbao eta Euskaltzaindiako idazkari Xabier Kintana.
Erakunde bien arteko alkarlana, batez be, lurralde bien iragan komunari eta gaztelaniaren eta euskerearen historiari jagokezan gaietan gauzatuko da. Donemiliaga Kukulako artxibo- eta ondare-funtsek Euskal Herriaren eta Errioxaren lehenaldiaren lekuko baliotsuak gordeten ditue.
Hitzarmen honen bidez, erakunde biek konpromisoa hartu dabe ikerketa proiektuak sustatzeko, horren finanziazinoa kudeatzeko (bai berezko funtsen zein kanpoko finanziazinoaren bitartez), eta euren ikertzaileei bibliografia-funtsak eta instalazinoak erabilten ixteko. Ganera, Cilengua-k UPV/EHUri eskatu ahal izango deutsoz interesetan jakozan ikerketa-, dokumentazino- edo zabaltze-proiektuak.
Akordioaren sei urteetan UPV/EHUk eta Donemiliaga Kukula Fundazinoak garatu beharreko ekintzak zeintzuk diren zehazteko jarraipen batzorde bat osotuko dabe. Urtero, ikasturte bakotxari buruzko Ekintza Plana onartuko da, eta bertan, ekintza zehatzak batuko dira. Ondorioz, sinatutako hitzarmen-markoa gauzatu daiten informazinoa eta baliabideak alkartrukatzeko konpromisoa hartu dabe erakunde biek.
Hitzarmenaren baitan abian ipiniko dan lehenengo proiektua XII. mendean idatzitako Donemiliaga Kukulako Becerro Galicano-ren edizio digitala izango da. Bere baitan dituen agiriak Errioxa, Bizkaia, Araba eta Gaztelaren lehen historia ezagutzeko ezinbesteko oinarriak dira. Orduko gertakariak eta paisaje soziala ez ezik, bizitza kulturala eta hizkuntzen bilakaerea be jasoten ditu.
Becerro Galicanoa ez da inoiz argitaratu bere horretan. Gaur egun, modu honetan argitaratutako lehenengo kartulario espainiarra izango da Becerro Galicanoa. Proiektu honetan, Cilengua, UPV/EHU, Euskaltzaindia eta King’s Collage-ko ikerlariek parte hartuko dabe.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!