Otamendi eta Solozabalek irabazi ditue astegoieneko Arabako kanporaketak

Bizkaie! 2011-02-21 09:30   Bertsolaritzea

Momentuz Oihane Perea, Asier Otamendi eta Ander Solozabalek lortu dabe txartel zuzena, eta besteak datorren astegoieneko azken bi kanporaketen zain gelditu beharko dira, puntuazinoaren arabera pasetan diran edo ez jakiteko.

Astegoien honetan Arabako Bertsolari Txapelketako bigarren eta hirugarren kanporaketak jokatu dira Oionen eta Ilarduin. Kanporaketak aurrera doazen neurrian finalerdiak osotzen dagoz, eta momentuz Oihane Perea, Asier Otamendi eta Ander Solozabalek lortu dabe txartel zuzena, eta besteak datorren astegoieneko azken bi kanporaketen zain gelditu beharko dira, puntuazinoaren arabera pasetan diran edo ez jakiteko.

Txapelketako bertso astegoiena Oionen hasi zan barikuan, Azkenak alkartean. Bertan hirurogei bat persona batu ziran. Beti lez ondo afaldu ostean, giro goxoan hasi ziran bertsolariak kantuan. Beñat Goitia gai-jartzaileak gidatutako saio honetan, gorabeherak alde batera itxita, Amaia Lasaga eta Maialen Saez de Okariz hasibarriek lan txukuna egin eben bitartean, beteranoenek eta aramaioarrek euren papela be ondo bete eben, eta azkenean holan gelditu zan sailkapena: Asier Otamendi (160 puntu), Serapio Lopez (152,5), Andere Arriolabengoa (143,5), Iker Agirre (131,5), Amaia Lasaga (126,5), Maialen Saez de Okariz (112,5).

Zapatuko hirugarren kanporaketeak be Oiongo ezaugarri bardintsuak izan zituan, afari ederra, bertako eta ingurukoen berotasuna eta saio txukuna. Ilarduiko txokoa bete-bete egin zan Unai Gomezen aginduetara ibili ziran sei bertsolariez gozetako. Iñaki Tena eta Josu Campo bertsolari barriek be hurreko etorkizunean zeresana emongo dabela argi itxi eben, eta Ander Solozabalek txapelketa honetan, gaztea izan arren, gogor dagoala erakutsi eban lehenengo postua eskuratuz. Kontuak kontu, holan izan zan azken epaia: Ander Solozabal (151,5 puntu), Juan Mari Juaristi (146,5), Ruben Sanchez (144,5), Unai Mendibil (141), Josu Campo (130,5), Iñaki Tena (102).

Gauzak holan dirala, datorren zapatuan osotuta geldituko dira martiaren 13, 19 eta 20ko finalerdiak. Lehenengo aldiz hiru finalerdi izanda, aurten inoiz baino gatxagoa izango da apirilaren 2ko finalean kantetea.

Hurrengo saioak ondokoak izango dira: hilaren 25ean, Atauriko Antzinako eskoletan, 20:30ean. Bertsolariak: Manex Agirre, Zigor Enbeita, Ekaitz Samaniego, Maite Solozabal, Iker Pastor eta Irati Anda. Gai-jartzailea: Idoia Beitia

Hilaren 26an, barriz, Elosuko Herriko alkartean, 20:30ean.Bertsolariak: Iñaki Viñaspre, Izar Mendiguren, Felipe Zelaieta, Elyem Chej, Gaizka Urtaran eta Jon Ruiz de Pinedo. Gai-jartzailea: Olatz Bayer

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu