Basque Culinary Centerrek informazino jardunaldia antolatuko dau Bilbon, Gastronomia eta Sukaldaritza Zientzien Fakultadea ezagutarazoteko
2011-02-17 17:15 Jan edanakEspainiako Gastronomia Zientzien lehenengo Fakultadea irailean jarriko da abian Donostian I+B zentroagaz batera eta ezaugarri honeek dituan munduko bakarra izango da.
Basque Culinary Centerrek zapatu honetan, hilaren 19an, goizeko 10:30etan informazino jardunaldia antolatu dau Espainiako Gastronomia Zientzien lehenengo Fakultadearen proiektua ezagutu nahi daben guztientzat. Fakultatea irailean jarriko da abian I+B zentroagaz batera eta ezaugarri honeek dituan munduko bakarra izango da. Ekitaldia Euskalduna Jauregian izango da eta bertan Joxe Mari Aizega zuzendariak proiektua aurkeztuko dau.
Mondragon Unibersidadeko Gastronomia eta Sukaldaritza Zientzien Graduak lau urte irauten dauen titulazino ofizialagaz estaliko dau arlo honetan dagoan zuloa. Unibersidadera sartzeko ikasketak dituen gazteei zuzenduta dago, batez be, eta Goi Hezkuntzako Europar Espaziora egokituta. Gainera, badauka beste asmo bat be: Basque Culinary Centerren ikasi nahi eta onarpen prozesua gainditzen dauen inor ez daitela arrazoi ekonomikoakaitik kanpoan geratu, beraz, finantzietako aukerak eta beken sistema propioa izango ditu.
Tituluak profil profesional kualifikatuak trebatzeko behar guztiak beteten ditu; lanbidearen egungo erronkei erantzuten deutse eta ikaskuntzeari ikuspegi zientifikoa eta teknikoa emoten deutso, diziplinarteko ikuspegiagaz. Lau ezagutza-arlo handi izango ditu: sukalde-areto-sommelier teknikak, Negozioaren kudeaketea, Zientzia eta Teknologia eta Kultura eta Artea. Klaseak gazteleraz eta ingelesez izango dira.
Helburua da goi mailako sukaldaritza enpresak eta prozesuak eta zerbitzu gastronomikoak diseinau, ezarri eta gainbegiratzeko profesionalak trebatzea: jatetxeak eta elikadura eta gastronomia sektoreko edozein enpresa diseinau, ezarri eta gainbegiratzeko. Horretarako, nazinoarteko esperientzia daben irakasleak egongo dira, baita nazinoarteko elikadura enpresa garrantzitsuenetako profesionalak eta munduko jatetxerik onenetakoenak be. Prestakuntzea amaitzean ikasleak kualifikatuta egon behar dau produktu, zerbitzu eta negozio barrien proposamenak sortzeko eta garatzeko; era berean, sukaldaritza eta gastronomia arloan aholkatzeko be kapaz izango da.
Kontuak kontu, Basque Culinary Centerrek zabaldu dau Gastronomia eta Sukaldaritza Zientzien Graduan aurre-izena emoteko epea. Interesatuek unibersidadeko titulua lortuko daben lehenengo sukaldari espainiarrak izateko dagozan 50 plazetatik bat lortu leikie. Izena on-line emon daiteke http://academics.bculinary.com helbidean. Hile honetan hasiko da hautaketa fasea eta interesatuen gaitasunak eta espediente akademikoa hartuko dira kontuan, behin betiko izen emotea egin arte. Bagilaren 20a baino lehen jakinarazoko jake onartu dituen ala ez eta garagarrileko lehenengo astean formalizauko da matrikulea. Fakultadeko lanak amaitzen dabilz Donostiako Teknologia Parkean eta bere instalazinoetan Gastronomia Zientzien alorrean Ikerketa eta Barrikuntza zentroa izango dauen munduko bakarra izango da. Eraikinak bost pisu ditu eta 12.000 metro koadro baino gehiago.
Nazinoarteko bokazinoa
Basque Culinary Center gastronomia, ostalaritza eta elikadura sektorearen garapenerako trebakuntza, ikerketa eta barrikuntza proiektua da eta nazinoarteko bokazino garbia dauka. Basque Culinary Center abian jarteko hainbat helburu dagoz, besteak beste, euskal eta espainiar sukaldaritzeak goi mailako sukaldaritzako eta barrikuntzako zutabe izaten jarraitzea etorkizunean, goi mailako ezagutzak sortuta eta profesional kualifikatuak trebatuta; gastronomiako eta enpresa sektoreko profesionalen artean ezagutzak trukatu eta ikertu, baita gastronomiagaz zuzenean edo zeharka lotutako ezagutzak be; eta nazinoarteko proiekzinoa sortu, herrialdea mundu mailako goi sukaldaritzearen helmuga bihur daiten.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!